Donostia-San Sebastian. Euskal Herrian eta bere diasporan bukatu berriak direla Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldiak, euskal etxe eta elkarte batzuk hausnartzen eta ebaluatzen hasiak dira karia horretara antolatutako jarduerek izandako arrakasta. Izan ere, ENE gorriz markatutako data da Diasporaren egutegian, eta urtean zehar euskara klase eta ekitaldietan ibili ondoren, norberaren urtebetetzea bezala da, kasu honetan ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna, eta euskararen poza partekatzekoa bertako eta munduko gainerako euskaldun eta euskaltzaleekin.
Azken urteotan bezala, ENEren inguruan euskararen erabilera sustatzeko edo aldarria eginez antolatutako ekimenak aurrez aurre zein on line izan dira, abenduaren 3an bertan edo aurreko eta hurrengo egunetan, kultur programa edo jolas eta aisialdiko ekitaldiekin… Ospatzeko era ezberdinak gauzatuz, baina muina berarekin: euskararen alde egitea, jendaurretuz, zabalkundea emanez eta adieraziz nahi duenak eskura duela hurreratu eta oinarri batzuk hartzea, posible posible baita, eta mundu oso bat dagoela euskara ikastearen atzean norberaren aberasgarri.
ENE 2025eko irudi batzuk ekarri ditugu, eta 2026a bertan dugula, komeni da Korrika 24 ate joka dugula gogoratzea, Euskal Herrian bezala, bere Diasporan ere jarduera higitzaile garrantzitsua baita euskalgintzan
ENE 2025eko programen artean, gutxi batzuetako datu eta irudiak hautatu ditugu datorren lerrootara ekartzeko. Mediterraldeo aldeko Valentzian (Venezuelan ere Valencia-Naguanaguak bere euskal etxea dauka) egun osoko programa garatu zuten. Goizetik arratsera, herri jolasak, hitzaldiak, bazkaria eta mintzodromo bat antolatu zuten, ezohikoa, zoom bidez izan baitzen Estatu Batuetako euskara ikasleak solaskide. Limako Euskal Etxean, euskara klase magistrala eskaini zuen Bittor López-ek; euskarari buruz hitz egiteaz gain, euskarak Liman duen eta izan duen presentziaz ere mintzatu zen. Hitzaldia eta gero, afaria, euskal kantak eta musa.
Eta Perun bertan baina Trujillon, euskarari buruzko nazioarteko solasaldi bat antolatu zuen Trujilloko Euskal Etxeak Ruben Angel Suarez, Goretti Dañobeitia eta Xabi Garcia adituak partaide. Montevideon eta FIVUk deiturik, Haize Hegoa Euskal Etxean elkartu ziren Uruguaiko ikasle eta irakasleak. Etxekoek bazkaria prestatu zuten eta arratsalde pasa ederra egin zuten euskarazko hainbat ekintza burutzen. Mexiko Hirian, berriz, ospakizun xinplea izan zuten bertako euskatzaleek 118 urte dituen euren Euskal Etxean, eta mahai baten inguruan bildu ziren euskaraz, tortillak, kroketak eta basoerdiak lagun, topa eginez, euskararen eta euskal etxeetan eta Euskal Herrian garatzen den lan euskaltzalearen geroaren alde.

Valentziako Euiskal Etxean, bertako eta inguruko euskara ikasle eta irakasleen bazkaria

Euskarari buruzko eta Lima euskaldunari buruzko hitzaldia eta gero, afaria eta musa Limako Euskal Etxean
.jpg)
Konexio arazoak gaindituta, talde polita aritu zen Trujilloko Euskal Etxeak online antolatutako solasaldian

Bazkaria eta euskarazko jolasak Montevideon, partaidetza animatu eta ugaria lagun

FIVUk deiturik, Uruguai osoko euskara ikasle-irakasleak zeuden gonbidatuta festara
.jpg)
Mexiko Hirian, ikasleen arteko afaritxo batekin ospatu zuten Euskal Etxean
24. Korrika
2025a bukatzear, 2026ko egitarauari begira hasiak dira Diasporako euskal erakundeak. Datorren urtean euskaltzale askorentzat garrantzi handia daukan ekitaldi baten txanda da, urtea hasi eta berehala, Korrika 24 martxoaren 19an hasiko baita Atharratzen (Zuberoa) eta 29an bukatuko, Bilbon (Bizkaia). Hamaika egunetan zehar, ‘Euskara gara’ lelopean, Euskal Herri osoa zeharkatuko dute korrikalariek. Aurreko urteetan bezala, online ere segitu ahal izango da zuzenean, baita antolatutako ekitaldietako batzuk ere.
Ekitaldiaren antolatzailea den AEK erakundeak Diasporako euskaldunei ere luzatu nahi die gonbitea Korrika sinbolikoak edota kulturalak antolatzeko. www.korrika.eus webgunea martxan dago dagoeneko eta parte hartu nahi duten lagun, euskal etxe edo elkarteek harremanetan jarri baino ez dute egin behar. Diasporatik kontaktatzeko helbidea, hauxe: korrika-munduan@korrika.eus. Hasi al zara pentsatzen zeure euskal etxean edo lagun taldean zer egingo duzuen datorren martxoan zauden lekutik Korrikarekin bat egiteko? Ez dago batere urruti...

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



