Buenos Aires, Argentina. Gaur abenduaren 3a da, San Frantzisko Xabier eta Nafarroaren Eguna, eta 1947tik hona munduko euskal komunitateetan eta oro har ere Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzeko parada. Urtero bezala, Argentinako euskal etxe eta talde euskaltzaleak, bat egiteko antolatu dira (munduko gainerako euskal etxeeak beste artikulu honetan). Ospakizunek gaurko data ofiziala ez ezik, aurreko eta ondoko asteburuak ere hartu dituzte, euskararen aldarriak ahalik eta jende gehien bildu ahal izan dezan.
Zenbait elkartek aurrea hartu, eta dagoeneko gozatu dituzte beren ospakizunak. Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiaren kasuan, joan den larunbatean, azaroaren 29an ospatu zuen, festa handi batez: dantza, musika, jolasak euskaraz eta mintzodromo animatua eskaini zituen. Pintxoak, kalimotxoa eta Txapela sagardoa ere ez ziren falta izan, giro euskaltzale ederrean. Biharamunean, General Rodríguezen, Eusko Aterpea euskal etxeak egin zuen bat, zan ere, jende multzo polita bilduz gauzatu zuen bazkarian eta dantzan, euskarazko ariketa ludiko parte-hartzailea eguneko ezaugarri.
Baina ospatzeko egun erreferentziala, zalantzarik gabe, gaur da, abenduaren 3a., La Platan, esaterako, UNLPko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzako ikasleak Karakachoff eraikineko 310. gelan bilduko dira. Hegoalderago, Viedma eta Patagonesen, bertako Aberri Etxeak, antolatu duen Pintxo Potean gauzak euskaraz eskatzeko deia egin die parte-hartzaileei. Mar del Platan, berriz, San Martín plazan, Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean finkatu dute hitzordua, ondoren bazkaria partekatuz Denak Bat euskal etxean.
Azulen, hiriko Gure Txokok San Frantzisko Xabierren eguna ere programa berean ospatuko du eta iragarri du orrialdetxo batzuk banatu dituela herriko dendetan QR batez, euskarari buruzko argibideak emanez. Hitz erraz batzuk ikastera animatzen dute eta abisatzen dute 17etatik 19:30etara Katedralera daraman bidetzarrean kokatuko direla euskal hitzei buruzko kontsultei erantzuteko, eta baita euskal abizenez ere, paperean baina baita formatu digitalean ere, egunari 20:00etan zelebrazio batez amaiera ipintzeko.
Iazko Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuneko irudia Mar del Platan
Cordoban, bertako Gerora euskal elkarteak ere gaur egingo du bat, Bertsolari filma pantailaraturik Cordobako Unibertsitate Nazionaleko Letren Fakultatean daramaten Euskal Zinema Zikloan. Elkarte berak, larunbatean, abenduaren 6an, goizeko topaketa bat antolatu du, solasaldi bat eta euskarazko jarduerekin, elkarteko eta UNCko ikasleentzat. Larunbatean bertan, Cañuelaseko Denak Bat-ek urteari agur esan eta Euskararen Eguna ospatuko du, dantza taldea eta Denak Bat Abesbatza aurkeztuko dituen festa batekin. Eta Pergaminon, hiriko Lagun Onak euskal etxeak festa handia prestatu du, euskara jarduerak, musa, dantza, danborrada eta gastronomia uztarturik.
Topaketa eta ekitaldi gehiago egingo dira Argentinan, batzuk abenduan aurrerago. Halaxe da Buenos Airesko Laurak Bat-en kasua, hilaren 13an, larunbata, 20:30ean, hitzordua jarri baitu 'picada', enpanadak eta postre ugari partekatzeko. Antolatzaileek baserritar jantzia edota txapelak buruan eta zapiak soinean eramatera animatzen dute, ekitaldian San Tomaseko euskal merkatu tradizional bat birsortuko baitu. Hitzordu gehiago gure agendan.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


