euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Duela 63 urte Martin Urrutia Ezcurra 'amerikanoa' Baztango lehenengo Seme Kuttun izendatu zuten

2011/07/04

Garai batean San Martin Ikastetxea izan zen eraikina, gaur egun etxebizitzak bilakatua Oronozen eta Martin Urrutia Ezcurraren estatua
Garai batean San Martin Ikastetxea izan zen eraikina, gaur egun etxebizitzak bilakatua Oronozen eta Martin Urrutia Ezcurraren estatua

PUBLIZITATEA

"Gaurkoa bezalako egun batez, 1948ko uztailaren 4ean, bere sorterrian eta esanguratsuenetakoa izan zen bere emaitzetako baten lorategian, esan nahi baita Oronozko San Martin Ikastetxean, On Martin Urrutia Ezcurrak Baztango Seme Kuttun hilondoko titulua jaso zuen, merezimendu hori bildu zuen lehena izan zelarik. Hirurogei urte geroago ez da kasik deus geratzen bere herri eta ballearen alde egin zuen lan handi eta eskuzabalaz, kale baten izena kenduta, eta gordeta eta auzokideengandik urrundua dagoen bere estatuaz aparte". Lander Santamariak Noticias de Navarra egunkarian argitara emandako artikulua moldatu dugu hona.

Elizondo, Nafarroa. Martin Urrutia Ezcurra 1855eko urtarrilaren 5ean sortu zen Erratzu-Enarondoa etxean, familia apala izanik hala ere gutxienezko ikasketak eman izan zizkion familia batean. Ikasle ibili zen beraz, lehenik Alkotzen, eta ondoren Sunbilan egon zen barnetegi batean, oso gaztea zela oraindik, beste askoren ildoari jarraiki, Ameriketara emigratzea erabaki zuen arte, bizitzan aitzina egiteko asmotan. Hala egin zuen eta ahalegin eta izerdi askorekin, dirutza egitera heldu zen, Mexikoko euskaldunen artean pertsonalitate adierazgarrienetako bat bilakatzeraino.

1928an, La Emigracion Española aldizkariak, 'la obra de los emigrados, un millón para escuelas' (emigranteen emaitza, milioi bat eskolentzat) artikuluan On Martin Urrutia eta bere emazte Carmen Lanzagortak "senar-emazte dirudunak, nafarra senarra, mexikarra emaztea, Mexikon bizi direnak, milioi bat pezeta erabili dute Oronozen, Baztango bailara nafarrean eskola bat sortzeko", zioen.

Hamarkadetan eskolok San Martin eta Karmengo Amaren Ikastetxeak bezala, mutikoendako eta neskendako, hurrenez hurren, izango ziren ezagutuak. "Euskal jatorriko enpresaria, Oronozko baserri batean jaioa, Nafarroan..." diote Mexikoko bere biografoek. "Gailendu zen, produktuetan kalitate paregabeko oihal industria garrantzitsu bat eta 100 urtetik goiti familia askoren ogibide izan den diru-iturri bat sortzen. Nolabait, fabrika honek familia asko ekarri zituen bizitzera Lugo Guerrero-ko Santiago Tulantepec herri txikira XIX. mende hondarrean".

Eta Mexiko DFko Euskal Etxearen historia idatzi zuenean, Amaya Garritz, aita iruindar jatorrikoa eta munduko pala txapelduna, Martin Urrutia Ezcurraz mintzo da, esanez lagundu zuela, eta hala agertzen da notario aitzinean, Loiolako San Inazio Euskal Elkartea sortzen, honek bide emango ziolarik 1907an herrialde horretako euskaldunen biltoki izango zen etxeari; Martin Urrutiak garai hartako beste baztandar batekin, Erratzu-Aldakotxeako Juan Irigoyenekin egingo zuen hori, besteak beste honako helburuak idatzita: "Euskal Herriarekiko eta euskaldunen hizkuntza eta historiarekiko maitasuna sustatzea" eta "Euskaldunen arteko harremanak eraginkor sendotzea".

Gaurko egunez, baina 1948an, Juan Lazaro jarduneko alkateak Martin Urrutiaren Balleko Seme Kuttun izendapena irakurri zuen, titulu berria ordura arte Baztango historian, eta inauguratu zuen ongilearen estatua (Alemanian zendua zen), Julio Beobideren obra. Gaur, Martin Urrutiaren obra pribatu bilakatu delarik, soilik oroitzapena eta esker ona geratzen zaigu.

Eskolak Oronoz eta Mexikon

Bere jatorri eta zirkunstantzien jakitun, eta garai hartako baztandar eta mexikar askorenak ere gogoan, Martin Urrutiak ahalegin handia egin zuen hemen eta Mexikon jende apal eta baliabioegabeek ikasketak egiteko aukera hobeak izan zitzaten. Oronozen egin zuen, bertako San Martin Ikastetxean ehundaka mutikok anaia maristekin mende erdi batez eta ondoren eratu zen Colegio Rural Familiar delakoan; eta nesken kasuan Karmengo Amaren Eskolan, zenbait ikasketa mota ahalbideratuz. Erabaki zuen "lehenengo hezkuntza eta merkataritza hasi-masiak ikas zitzaten, eta ikasketak egin arte eta ofizioetan, besteak beste zurgintza, tornero eta doitzaile eta perito elektrizista", mutikoen kasuan, eta "lehenengo eta goren hezkuntza, barne, sukaldaritza, jostuntza, kontularitza, takigrafia eta hizkuntzak", neskenean. Eta Oronozen bezala Mexikon egin zuen, Hidalgo estatuan Santiago Tulantepec udalean sortu zituen eta bere izena daramaten beste eskola batzuetan, bertan kale bati ere on Martin Urrutia deitu zitzaiolarik.

(2011-07-04ean Nafarroako Diario de Noticiasek argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia