euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juantxo Viguria musikari baztandarra hil zen atzo Mexikon; elizkizunak gaur arratsaldean egingo zaizkio

2010/03/04

Juantxo Viguria instituzio bat zen Mexikon. Musikari aparta, irudian Itziar Fadrique pianistak eta Estibaliz Egea sopranoak inguratuta agertzen da (argazkia Itziar Fadrique bloga)
Juantxo Viguria instituzio bat zen Mexikon. Musikari aparta, irudian Itziar Fadrique pianistak eta Estibaliz Egea sopranoak inguratuta agertzen da (argazkia Itziar Fadrique bloga)

PUBLIZITATEA

Atzo arratsaldez hil zen Mexiko Hirian Juantxo Viguria musikari eta baztandar ezaguna. Albistea Jaione Arrietak saretatu zuen VascosMexico zerrendaren bidez eta ondotik bata bestearen atzetik etorri ziren hainbat lagunen dolumin mezuak, Eva haren emazteari eta familiakoei, eta oro har baztandar familia osoari besarkada emanez, horietarik lehenetakoa Mexikoko Euskal Etxeko lehendakari den Miguel Larreguiren eskutik, Juantxo Euskal Etxearekin harreman sakona zeukan pertsona baitzen. Euskal Etxetik baita ere, Maricarmen Arrecheak idatzi du, hunkiturik, "Izar berri baten dizdira sartu de(la) zeruan, baina erraz identifika daiteke, Juantxok barnean daraman musikaren erritmoen pean egin baitu". Bere aldeko elizkizunak gaur osteguna egingo dira arratsaldeko seietan, Polancoko Liolako San Ignazio elizan, Mexiko Hirian.

Mexiko Hiria, Mexiko. Juantxo Viguriaren heriotzaren berri zabaldu bezain laster, dolumin mezuak ugaldu egin ziren, bereziki Mexikoko kolonia baztandarraren baitan, Elizondon sortua izanik horko partaide baitzen Juantxo, Euskal Etxearen barnean ere asko baztandarrak edo baztandarren ondokoak baitira, tartean Etxeko lehendakari Miguel Larregui edo Maricarmen Arrechea bera. Beti Diaspora baztandarrari erreparatuz, Baztango bihotzetik Lander Santamaria kazetari eta lagunaren lekukotasun hunkitua iritsi zen, honako lerroak, gaztelaniaz, urruntasun hurbiletik idatziak.

[Estibaliz Igea sopranoa, Juantxo Viguria pianoan lagun, duela hiru urte Mexikoko Euskal Etxeak bere mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietan (bideoa VascosMexico)]

'Oroimenean' gure hildakoen txokora bildu ditugun lekukotasunez gain, jende frangok egin zuen bat albistearen tristeziarekin, tartean gaur egun Mexikon gehiago bizi ez diren euskaldunak, nahiz eta lagunengandik eta bertako berrietatik hurbil segi, esaterako Mikel Plazaolak, Juantxo ezagutu izana eta lagun izateaz harro agertu izan baita, eta oraingoa bezalako une goibel batean familiari doluminak eman eta Juantxo beti ere "lagun kutun , klase handikoa, kultura handikoa eta muslari on" gisa oroituko baitu. "Agur eta ohore!", bukatuz.

Musikarien artean, bere sentipena agertu dute baita ere Alberto Carrerak. Euskal Etxeko abesbatzako zuzendari izan zen Alberto, bertako korala berpizten saiatu zirenean. Bere lekukotasunean eskerrak ematen ditu Carrerak "Juantxorekin eta haren emazte Evarekin musika ona eta elkarrizketa hobea partekatzeko aukera izateagatik. Gozatu nuen entzunez bere bizipenen berri musikari handien inguruan, ozeanoaren bi aldeetan. Klasiko handen bere ikuspen interpretatiboetatik ikasi nuen, baita gure emanaldiei buruzko komentarioetatik, baina bereziki eurekin, biekin, Juantxo eta Eva, etxekoa bezala sentiarazi zidan tratua topatu nuen". "Beti izango zaitut gogoan, CD baten bila eta kasete baten bila, entzun nezan, edo zapatak aldatuz zeure interpretazioetako bat eskainibehar zenigunean pianoan. Musuak Evari eta gazteei".

Mexiko barnealdeagotik, Mexikoko kide historikoek adierazi nahi izan zioten "Mexikoko familia baztandar osoari, eta Juantxoren lagunei, geure oroitzapena pertsona argi eta aparta gisa, elkarrekin behar dugu egon geure artean gehiago ez aukitzeak penaturik. Goyan Bego (sic)", zioten Itziar eta Yon de Luisak. Beste lekukotasun batzuk, adibidez Diaspora mexikarrari buruzko historialari den Alberto Aldayrenak, Juantxoren umore hona azpimarratzen zuten, gailenduz haren "gizon sentibera eta berezi" izaera, "umore zentzu handiduna". "Gogoan ditut oraindik Ana Larreguiren (GB) etxean kontatzen zizkigun txisteak. Agur maitakor bat bere lagun guztiei eta komunitate baztandarrari partikularzki. Goian Bego".

Juan Viguria parte garrantzitsua zuen familiak egindako iruzkinetako batzuk dira hauek. EuskalKultura.com-etik bere galderak ekarri duen doluarekin bat egiten dugu. Musikari handia zenez, hala oroitu nahi izan dugu, eta horregatik hautatu dugu goian agertzen den bideoa, bere musikari izaera eta Euskal Etxearekiko atxikimendua biltzen dituena. Hor, berak hobekien egiten zekiena agertzen baita: bizitzari musika jartzen. Goian Bego.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia