euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexikoko Euskal Etxeak bere Mendeurrena ospatuko du larunbatean 300 lagun bilduko dituen bazkari batekin

2007/06/06

Mendeurreneko Bazkariaren afitxea
Mendeurreneko Bazkariaren afitxea

PUBLIZITATEA

No faltes (Etzazu hutsik egin) gomendatzen du Mexikoko Euskal Etxeak antolatu duen Mendeurren Bazkariaren afitxeak. Gomendioari kontu egin eta 300 lagun eta bazkide bilduko dira larunbat honetan Euskal Etxean elkartearen ehun urteak behar den moduan ospatzeko. Eguna oso berezia izango da, urte horietan zehar Euskal Etxeari bizia eman dioten belaunaldi desberdinen oroitzapena jaiaren parte izango baita. Giroa berotzen hasteko, Vascosmexico.com webguneak 70. hamarkadako Euskal Etxea erakusten duen bideoa sareratu du, Iñaki Azuak prestatuta.
Jendetza bilduko da larunbatean Mexikoko Euskal Euskal Etxean --300 lagundik gora-- elkarte euskal mexikarraren mendeurrena ospatzeko asmoz. Jaia galazko ekitaldia izango da eta eguerdiko 14:00tan hasiko da, Alberto Ituartek prestaturiko oturuntzarekin. Menuan ez da kutixirik faltako. Hasteko Foie Kurruskadia Oporto Melazarekin; Urdaiazpiko Kroketa; Ahate Takoa Tamarindo Saltsa eta Poro Frijituarekin eta Izokin Wonton-a Zitriko Ozpin-olioarekin. Ondotik dastagai honokoak izango dira: Pasta Piramidea Ganba, Tomate, Aguakate eta Ahuntz-Gaztarekin, Zainzuri Zopa Alkatxofa eta Garizko Zainzuriekin; eta Robaloa Etxalota Olio Erre eta Barazki Pistoarekin. Bukatzeko Mango Postrea Yogur Izozkiarekin zerbitzatuko dute.

Bazkalostean oroigarri bat desestaliko dute eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek aintzezpenak eskainiko dizkiete elkarteko lehendakari ohiei. Jarraian Amaya Garritz historialariak '100 años del Centro Vasco' liburua aurkeztuko du. Musika eta kontzertuak etorriko dira ondoren. Hasteko Estibaliz Igea eta Luis Mari Bilbaoren emanaldia izango da entzungai, pianoan Juan Viguria eta Alberto Rodriguez lagun dituztelarik. Bigarren kontzertua Santiago Aguirre Félixek emango du, mariachi talde batek lagunduta.

VascosMexico.com-en opari berezia

Aurreko belaunaldien oroitzapena nabaria izango da ekitaldian, azken finean Mendeurrenaren ospakizuna urteetan zehar Euskal Etxearen alde gogotsu jardundako lagunei omenaldia izango delako. VascosMexico.com webguneak giroa berotzen hasteko ‘gosegarri’ zibernetiko bat jarri du sarean. Iñaki Azuak prestatu duen bideo bat da –-28 minutuko iraupena du— eta bertan 70. hamarkadan Euskal Etxearen ekitaldietan grabatutako filmak biltzen dira. Irudietan batek baino gehiagok aurkitu du familiako lagunen bat edota agian norberaren burua txikitako dantza erakustaldi batean. Filma hemen ikus daiteke.


Lotura interesgarriak

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico
www.vascosmexico.com

'Euskaldunen ekarpena Mexikon' Kongresua
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 25ean

Vascosmexico.com Elkarte Zibila bihurtu da
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia