euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegiak bere web gunea eraberritu du, lau hizkuntzadun bilatzaile batekin

2007/06/06

Euskal Liburutegiaren web guneko irudi bat
Euskal Liburutegiaren web guneko irudi bat

PUBLIZITATEA

Nevada Renoko Unibertsitateko Euskal Liburutegia munduko euskal gaietako artxibategi garrantzitsuenetakoa da. Orain mundu osoko ikerlari eta historialariek liburutegiko artxiboak kontsultatzeko erraztasun gehiago izango dituzte, Basque Library-k sarean jarri duen webgune eraberrituari esker. Site berriak eskaintzen dituen berrikuntzen artean liburutegiko fondo desberdinetan kontsulta orokorra egiteko bilatzaile bat, euskaraz, ingelesez, gazteleraz eta frantsesez.
Renoko Euskal Liburutegiak webgune berria aurkezten ari da egunotan, bere artxibo eta jardueren informazioa eskuragarriago izateko helburua duen ekimena. Berrikuntza honetan webguneak bere helbidea aldatu du. Diseinua ere eraberritu dute eta lau hizkuntzetako interfazeak eskaintzen ditu orain: ingelesa, euskara, frantsesa eta gaztelania. 'Diseinu argi eta erabilerraza garatu da, atal ezberdinetan banatuta dagoen informazioa erraz bilatzeko modua eskaini nahi izan dugu', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Nere Erkiaga Liburutegiko arduradunek.

Webgune berriak eskaintzen dituen nobedadeen artean bilaketa arloan eginiko aurrerabidea da nabarienetako bat. Bilaketa-eremu bakar baten bidez eremu ezberdinetako informazioa eskuratu ahal da: liburutegiko katalogoa, euskal datu-basea, euskal artxiboa, euskal filmak eta baita aldizkariak ere.

Eduki berriak bilatzailean

Baina webgune berriak eduki gehiago eskaintzen ditu. Hasteko, Euskal Artxiboan orain arte eskuragarri egon ez den informazioa webgunearen bidez ezagutzeko moduan jarri dute Liburutegiko arduradunek. Hemen Renoko Liburutegiaren artxiboan dauden materialei buruzko kontsultak egin daitezke: Euskal Mintegitik zein ongileengandik jasotako dokumentu bildumak, argazkiak, audio eta bideo grabaketak, eta baita orotariko bildumak ere, kartelak, esku-orriak, eta abar. Euskal Aldizkariak atalean katalogoan jasota egon ez diren ehunka izenburu bilatzeko aukera dago orain.

Webgunearen eskubiko zutabean Liburutegiak eskuratutako liburu berrien RSS jarioa eskaintzen. Estekek atalean euskal munduari buruzko helbide eta pista ugari ematen dira, bereziki euskal mundura lehengo aldiz hurbiltzen denarentzat eta Euskal gaiei buruz informazio sakonagoa bilatzen duenarentzat. Esteka hauetan euskal diaspora, kultura, hizkuntza, genealogia, liburutegi eta datu-baseak, unibertsitateak, euskal ikerguneak, komunikabideak, estatistika eta beste abarri buruzko helbideak aurki daitezke.

Euskal RSS jarioak

Webguneak eskaintzen duen beste berrikuntzetako bat Euskal Herriaren berri lehen aipaturiko hizkuntzetan ematen duten RSS jarioak dira, euskal gaiei buruzko informazio gaurkotua emanaz. Liburutegian gertatzen diren berri eta ekimenak ere badute tarterik, 'Liburutegiko berriak' atalean. Azken asteotan, adibidez, bertan irakurri ahal izan den berrietako bat Liburutegiaren Arduradun lanpostuaren deialdia izan da.


Lotura interesgarriak

Renoko Euskal Liburutegiaren web gune berria
www.library.unr.edu/basquelibrary

Euskal Liburutegiko Arduradun berriaren deialdia
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 24an

CBSren 40 urteen erakusketa
Basqueheritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 21ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia