euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako testigantzak dakartza 5. Mundu-Batzarrak liburu aurkezpen eta dokumentalen bitartez

2011/10/31

"Basques in the West" dokumentala Kursaalean ikusgai izango da Etzi Donostian hasiko den Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrak Diasporaren errealitatea ezagutzeko aukera emango dio publiko orokorrari, bertan egingo diren liburu aurkezpen, hitzaldi eta dokumental emanaldien bidez. Liburu aurkezpenetan, besteak beste, Simon Bolivar eta William Douglass antropologoa izango dira hizpide, hala nola, Inglaterrara erbesteratutako gerrako umeen esperientzia. Horrez gain, ikasleentzako bereziki prestaturiko jardunaldietan --publiko orokorrari ere irekiak dira-- Diasporako euskaldunei buruzko hitzaldiak eta "Basques in the West" edo "Artzainak" bezalako dokumentalak eskainiko dira. Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunen historia eta gaur egungo bizitza ezagutzeko aukera aparta.

Gehiago irakurri...


Laurehun bat lagunek hartu zuten parte Mar del Platan, 'Aralarko Mikel Deuna'ren omenean eginiko ekintzetan

2011/10/31

Mar del Platako Beti Alai Taldeko dantzariak San Migelen omenezko jaian (argazkiaEE) Urteroko ohitura bati jarraituz, Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko kideek egitarau oparo batekin ospatu dute aurten ere 'Aralarko Mikel Deuna'. Komunitate osoari begirako ekitaldiak irailaren 21etik urriaren 1a arte gauzatu ziren, gehienak euskal etxearen egoitzan. Ekitaldiak bururatzeko, erakundeko dantzariek, txiki, ertain eta helduek, kalitate handiko ikuskizuna eskaini zieten gonbidatuei, urriaren 1ean gauzatu zen azken taskan.

Gehiago irakurri...


Juan Mari Atutxa Rosarion izango da EAJ-PNVren Argentina Buru Batzarraren Mendeurrena ospatzeko

2011/10/31

Juan Mari Atutxa polikari jeltzalea (argazkia eaj-pnv.eu) Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean ospatuko da larunbatean EAJ-PNV alderdiko Argentina Buru Batzarraren sorreraren mendeurrena. Bertan izango da Juan Mari Atutxa alderdikidea, Euskadi Buru Batzarraren ordezkari gisa. Politikari areatzarrak harreman estua du Argentinako Diasporarekin eta, izan ere, EAJren Argentinako sailaren ordezkaria da alderdiaren Aberri Batzarrean. "Alderditik harreman sakona eta ugaria dugu Argentinarekin", azaldu dio EuskalKultura.com-i Sabino Arana Fundazioako presidenteak. "Adibidez, oraintxe alderdiaren hurrengo lau urteetako norabideak eztabaidatzen ari gara eta Argentinak ere parte hartzen du prozesuan".

Gehiago irakurri...


Omenaldia Tres Arroyos-en, Argentinan, bertara iritsi ziren familia euskaldunen ondorengoei

2011/10/28

Ekimena gaur arratsaldean egingo dute irudian agertzen den Hiru Erreka Euskal Etxearen egoitzan, Sarmiento 378n (argazkia EuskalKultura.com) Buenos Aires probintzia hegoaldeko eskualde honetara heldu ziren immigranteak gogoratzeko ekimenen artean, ekitaldi berezia gauzatuko du gaur urriaren 28an Tres Arroyoseko herriak, aldi diferentetan bertan kokatu ziren euskal immigranteen ohoretan. Ekimena Udaleko Kultura Zuzendaritzak eta La Voz del Pueblo egunkariak lagundurik egingo da arratsaldeko zazpietatik aurrera 'Hiru Erreka' Euskal Etxearen egoitzan. Egitarauak immigranteen omenaldia biltzen du, tarteko hitzaldi bat bertara iritsi ziren immigranteei buruz, eta omenaldia bertan finkatu ziren euskaldunen ondorengoei, Pedro Idiart, Domingo Echegoyen, Eduardo Miqueleiz eta Jose Domingo euskaldunen familietan gauzatua.

Gehiago irakurri...


Asteazkenean hasiko da Donostiako Kursaalen Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarra

2011/10/28

'Guztion artean' da 5. Mundu-Batzarreko leloa Prest dago dena Donostian asteazkenean abiatuko den Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrerako. Bertara 22 herrialdetako 80 bat euskal erakundetako ordezkari bilduko dira. Bihar bertan hasiko dira heltzen Diasporako euskaldunak, baina kongresuaren jardunaldiak azaroaren 2tik 4ra egingo dira. Hiru egun horietan egitarau mardula du bilkurak: kongresuko saioak, Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegia, ikasleentzako jardunaldi bereziak, liburu aurkezpenak eta Diasporarekin harremana duten elkarte eta erakundeen azoka. EuskalKultura.com-ek ere standa izango du Kursaalean, hantxe ikusiko dugu elkar!

Gehiago irakurri...


Juan de Garay Fundazioaren 'Los Vascos en la Argentina' liburuaren 4. edizioa salgai abendutik aurrera

2011/10/28

'Los Vascos en la Argentina' liburua 2009aren amaieran hasi ziren Juan de Garay Fundazioko kideak datu berriak biltzen 'Los Vascos en la Argentina. Familias y protagonismo' (Euskaldunak Argentinan. Familiak eta protagonismoa) liburuaren laugarren edizioa osatu ahal izateko. Bi urtetako bilaketa bukatu dute dagoeneko eta laster eskuratu ahal izango da Argentinako hogeita lau mila abizen euskaldun biltzen dituen lan hau. Laugarren edizio honek material osagarria dakar CD batean.

Gehiago irakurri...


Madrilen euskal zineaz eta literaturaz aritzeko aukera aparta eskaini zuen Euskalkonplu zikloak

2011/10/28

Madrilgo Universidad Complutenseko Filologia Fakultateko Paraninfoa jendez lepo Montxo Armendarizen hitzaldian, 'Obaba' filma ikusi ostean (argazkia EuskalKonplu) Joana da EuskalKonplu zikloaren bosgarren edizioa eta ahitu da berarekin batera euskal kultura Madrilgo Universidad Complutense-ra ekarri duen egitasmo berezi hau. Jaialdiaren azken edizioa izan da aurtengoa, baina arrakastatsu eta erantzun onez egin du agurra: berrehun bat ikusle bildu ziren Montxo Armendariz zuzendariaren hitzaldira, eta gainontzeko ekitaldietan marka hori gainditu ez bazen ere, euskal zineaz eta literaturaz jarduteko aukera aparta ekarri zuen. Karlos Cid Abasolo, Complutenseko euskara ikastaroetako arduradunak, jaialdiaren balioespen baikorra egin du oso eta hizlariek ikusleen partaidetza goraipatu dutela azaldu du.

Gehiago irakurri...


Diasporako 30 gazte euskal etxeen kudeaketan ari dira trebatzen, hasi berri den Gaztemundu 2011an

2011/10/27

Gaztemundu programako partaide argentinarrak programara abiatzerakoan Gasteizen dira igandeaz geroztik Gaztemundu 2011 trebakuntza programan parte hartzen ari diren Diasporako gazteak. Guztira 30 gazte dira, sei herrialdetako 26 euskal etxetatik etorritakoak. Euskal Herrian igaroko dituzten bi asteotan euskal etxeak eta kultur elkarteak kudeatzeko trebakuntza ikastaroa jasoko dute eta Donostian egingo den Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrean parte hartuko dute. Gaztemunduk blog bat sortu du, bitarte honetan gazteek, bizi dituzten esperientzien berri eman dezaten eta bertan argitaratuko dira euren kontakizunak, argazkiak eta inpresioak.

Gehiago irakurri...


Atsedenik hartu gabe Laura Nobile genealogistak jarraitzen du Argentinako euskal etxeak bisitatzen

2011/10/27

Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean hitzaldia eman ondoren, lagunen arteko afaria partekatu zuten arrecifestarrek Hitzorduz beteriko urtea izaten ari da honakoa Laura Nobilerentzat eta datozen asteetan ere ez dirudi hori batere aldatuko denik. 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' hitzaldia hamaika euskal etxetan aurkeztu da 2011 honetan, eta herri guztietako komunitateek harrera ezin hobea eman diote genealogistaren proposamenari. FEVAren kultur eskaintzaren baitan eta Arrecifeseko euskal etxearen izenean, Villa Maria, Chascomus, La Plata, Coronel Moldes eta Gral. Rodriguez herriak bisitatu ditu azken boladan adituak. Immigrantearen Eguneko ospakizunean, Nobilek bere euskal etxean, Arrecifesko Euskaldunak Danak Baten, eskaini zuen mintzaldia.

Gehiago irakurri...


Eusko Ikaskuntzak zabalik dauka abenduaren 3an banatuko duen ENE 2011 Sarirako izenak biltzeko epea

2011/10/26

Iazko irabazlea izan zen Sustraiak-Erroak elkarteari buruzko panela Pariseko Euskal Etxeak egin zuen erakusketa batean (argazkia EuskalKultura.com) Euskara eta euskal kulturaren alde egiten duen lana dela eta saria merezi duen Diasporako talde edo erakunderen bat ezagutzen duzu? Oraintxe duzu aukera lan horren berri eman eta eskertzeko: aurkez ezazu proposamena aurtengo ENE sarietara. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen sari honek Diasporan euskararen alde lanean ari diren taldeak aintzat hartzea du helburu eta hautagaiak aurkeztea libre da. Horretarako nahikoa da delako elkartearen merituen laburpen bat bidaltzea, e-mailez, EuskoSare erakundera. Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 25ean itxiko da eta saridunaren izena Eusko Ikaskuntzak sortu zuen Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan jakinaraziko da, abenduaren 3an.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia