euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian bizi diren euskal-txiletarrak Urdazubin bilduko dira datorren igandean

2011/09/16

Iazko bazkarian parte hartu zuten euskal-txiletarrak (argazkia Bixente Larre) Iazko bazkariak izan zuen arrakastaren ostean, Euskal Herriko euskal-txiletarrek hitzordu berria egin dute igande honetarako eta Urdazubin bilduko dira Txileko jai nazionala ospatzeko. Ez da bazkarirako tokirik gelditzen, baina bazkalosteko kafe eta solasaldian egingo diete lekurik azken orduko bisitariei. Bestetik, Txileko albiste gehiago heldu zaizkigu Santiagotik, Berriketari buletinari esker. Bertan, hiriburuko Euzko Etxea euskal etxearen azken jardueren berri dator, besteak beste 'Iñaki Deuna' edo San Inazio jaiaren kronika, aurten giro aparta jarri zuen karaoke eta guzti.

Gehiago irakurri...


Bizkaia:xede elkarteak euskal profesionalei zuzenduriko topaketa antolatu du Londresen

2011/09/16

Bizkaia:Xede erakundearen webguneko irudi bat Bizkaia:xede elkarteak Londresko 5th NatureJobs Career Expo azokan parte hartuko du datorren ostegunean, kontratazio premia duten Euskal Herriko erakundeen ordezkari bezala. Elkarte hau Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du eta bere helburua Bizkaira oso gaitutako profesionalak erakartzea da. Londresen direla baliatuz, Bizkaia:xedeko ordezkariek bilera egingo dute asteazkenean inguruetako euskal profesionalekin. Helburua: elkar ezagutzea eta lan aukerak sustatzeko balioko duen harreman sarea sortzea. London Basque Society-ren bitartez egin dute, besteak beste, deialdia.

Gehiago irakurri...


Beñat Fuentes musikari euskaldunaren 'The tree' diskoa astebetez izan da lehenengoa Asian

2011/09/15

Beñat Fuentes eta bere lagun Xujun-ek osatzen dute 'The Tree' Berez Mungian (Bizkaia) jaioa eta duela hiru urtedanik Txinan bizi dena, Beñat Fuentesek Xujun bere lagun ekialdetarrarekin sortu zuen 'The tree' taldea, eta orain, taldearen izena bera daraman piezarekin astebetez izan da lehenengo postuan Txinako musika-ataririk handiena den Xiami.com-en. Horren eraginez, asiar erraldoiko zenbait hiri bisitatu ditu egin ahal izan duen kontzertu-bira batean. Bere kantu gehienak ingelesez dira, eta batzuetan tarteren bat txineraz edo euskaraz sartu izan du. Arantza Rodriguezen artikulua Deian.

Gehiago irakurri...


Dena prest Quebec-en Euskaldunak-en elkartearen 15. urteurrena eta NABO bilkura ospatzeko bihartik goiti

2011/09/15

Euskaldunak elkartearen 15. urteurreneko afitxa Jai handia prestatu du asteburu honetarako Quebec-eko Euskaldunak elkarteak, bere sorreraren 15. urteurrena ospatzen duela eta. Ekitaldi honekin batera ardura handia hartu du elkarteak bere gain, eta larunbatean Ipar Amerikako Euskal Etxeen bilkura egingo dute Montrealen, quebectarrek antolatuta. Bilkura hau AEBetatik kanpo egiten den lehen aldia izango da eta euskal etxeetatik andana bat ordezkari etorriko dira Quebec-era. Bilera egiteaz gain, Euskaldunak-eko lagunekin bat egin eta urteurrena ospatu eta gozatu ahal izango dute.

Gehiago irakurri...


Ondarearen Egunak ospatuko dituzte asteburuan Bordeleko Euskal Etxean: musika, erakusketa eta tailerrak

2011/09/15

Ekaineko 'Musikaren Besta' jaian Bordelen kalejira egin zuten elkarteko dantzari eta musikariek (argazkia BordeleEE) Bihar bertan hasi eta igandea bitartean Bordeleko hiriak ospatuko dituen Ondarearen Egunetan parte hartuko du Eskualdunen Biltzarra euskal elkarteak. Egitarau zabala prestatu dute horretarako Bordeleko euskaldunek, musika ardatz izango duen programa batekin. Ostiralean euskal musikaren historiari buruzko hitzaldia emango du Christian Lapreriek, eta gai berari buruzko argazki erakusketa zabalduko da. Larunbatean txalaparta tailer irekia eskainiko du elkarteak eta asteburu osoan euskara, dantza, kantu eta mus lantegiak egin ahalko dira euskal etxearen standean.

Gehiago irakurri...


Maria Julia Ercorecaren omenez dantzatu zuten Puerto Madryngo gazteek Immigrantearen Egunean

2011/09/15

'Etorritakoengatik' Euskal Etxeko gazteek ohorezko Aurreskua dantzatu zuten Immigrante Eguneko jaian Maria Julia Ercoreca gogoan Hilabete bat pasatu da Maria Julia Ercoreca joan zitzaigunetik, eta Argentinako euskal gizataldean berak utzitako hutsuneak handia segitzen du; ezaugarri zeukan izpiritu alai kutsakorrak ere bizirik dirau, ordea, eta, bere irri baikor eta kuraia-emailea gogoan, omenaldi txiki bat egin diote bere dantzariek, Puerto Madryngo 'Etorritakoengatik' Euskal Etxeko gazteek, irailaren 3an Immigrante Eguneko jaiaren barruan. Hainbeste dantzari zaletu eta trebatu zituen irakasle maitakor honi omenaldi berezi bat egingo dio azaroaren 7an Gizatalde Euskal-Argentinarrak, oraingoan Necocheako Euskal Aste Nazionalaren baitan.

Gehiago irakurri...


Villa Mercedesko EEak Zuzendaritza Batzordea berritu du; Juan Ignacio Esnaola Rouan, lehendakari

2011/09/14

Villa Mercedesko Euskal Etxeko aurreko Zuzendaritza Batzordea San Luis probintzia argentinarrean, Villa Mercedesko Euskal Etxeak Zuzendaritza Batzordea berritu du, Juan Ignacio Esnaola Rouan hautaturik lehendakari. Batzordekide izango ditu, besteak beste, José Lorea y Encaje, lehendakariorde; 'Daisy' Graciela Verónica Cabeytu, idazkari; Mariano Lorenzo Rouan, diruzain; eta Nadia Bolinaga, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Londresko Euskal Etxeak Mikel Markezen kontzertuarekin ekingo dio ikasturteari, udako jaien ostean

2011/09/14

Mikel Markez kantariak irailaren 24ean emango duen kontzertuaren afitxa (argazkia LondonEE) Mikel Markez kantaria Londresen izango da irailaren 24ean, bere kantu berriak aurkezteko. Iaz ere hemen izan zen musikari errenteriarra, Euskal Etxeak gonbidatuta, eta emanaldiak izan zuen arrakastaren ostean, bisita berriaren irrikan dira Londresko euskaldunak. Kontzertu honekin abiaraziko du elkarteak ikasturte berria, baina ez pentsa udaran geldirik egon direnik. Udako jaiez gain, uztailean euskara ikasleek 1go Mintzapraktika egin zuten Whitstable herrian, eta egun pasa ederraren kronikatxoa eta argazkiak jarri dituzte sarean.

Gehiago irakurri...


Euskal eta argentinar dantzek bat egin zuten General Rodriguezko Euskal Etxearen XII. urtemugaren jaian

2011/09/14

Irailaren 4ean ospatutako euskal etxearen urtebetetzean, Eusko Aterpea-ko dantzariek beren koreografiak oparitu zizkioten publikoari (argazkia EE) Azken mende honetan ehundik gora euskal etxe sortu dira Argentinan, bakoitza bere historia, ezaugarri eta nortasunarekin, aniztasunean biziz euskal argentinarra izateko esperientzia, baina helburu bera amankomunean: Euskal Herriaren kultura ezagutu, maitatu, hedatu eta aldarrikatzea. Buenos Aires probintziako Gral. Rodriguez herrian, Eusko Aterpea erakundeak hartu zuen, duela 12 urte, xede horiek betetzeko ardura. 1999an sortu zenetik bildutako eskarmentuagatik, eta geroztik aurre egindako erronka, arrakasta eta oztopoak gainditzeko aukerengatik egin dute topa Rodriguez-eko euskal lagunek irailaren 4an, non eta pixkanaka eta ahalegin handiz goititzen eta eraikitzen ari diren EEaren egoitzan.

Gehiago irakurri...


Valparaisoko Eusko Etxeak Txileko Emprebask elkarteko ordezkariekin bilera egin zuen

2011/09/14

Emprebask-Chile eta Eusko Etxea-ko ordezkariak bileraren ostean (argazkia ValparaisoEE) Txileko euskal enpresarien elkarteak, Emprebask-Chilek, eta Valparaisoko Eusko Etxeak bilkura egin zuten iragan abuztuan, euskal etxearen egoitza berrian. Bilera hau bi elkarteen arteko harremanak estutzeko abiapuntu bikaina izan zen eta elkarlanean aritzeko ekimen eta ideiak aztertu zituzten bateko eta besteko ordezkariek. Aurkeztutako proposamen horien artean Eusko Etxea-ko presidente Archibaldo Uriartek, elkarteko eta euskal komunitateko gazteei lan merkatuan sartzeko laguntza ematea aipatu zuen.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia