euskal diaspora eta kultura
2016/05/03
Elkoko Maite Moiola mikrofonoa eskuetan aurkezle, emanaldia Mountain View-ko (Nevada) Eskolan Great Basin Dancers euskal dantza taldeak eskainia. Dantzariak Washington hiriburura joango dira uda honetan uztailaren 6tik 10era euskaldunei eskainitako Smithsonian Folklife Festival 2016 delakoan parte hartzera. Mercedes Mendive elkotarra akordeoian. Doaitzak erabat ongi etorriak dira, talde bat hiriburura joateko garraio gastuak handiak baitira. Mila esker aldez aurretik.
2016/04/14
Pertsona ezaguna da Argentinan Cesar Arrondo herrialdeko euskal etxe gehientsuenak bisitatu baititu hitzaldiak ematen euskal eta euskal-argentinar gaiei buruz. Hamaika elkarte eta saltsatan sartuta, zabalkundea bere obsesioetako bat da, euskal-argentinarrek euren jatorriko herriaz eta kulturaz ezagupen sakonagoa behar dutela izan baitio eta arlo horretan bere ekarria egiten saiatzen da. Bere engaiamendua, euskal-argentinartasunarekin batera, euskal abertzaletasunarekin ere bada, eta EAko militantea da. Honako hitzaldia (1h 05' 17") 2016ko urtarrilean eman zuen Arrasaten, gaztelaniaz, EAko Alkartasuna Fundazioak gonbidatuta.
2016/03/21
Datorren igandea Aberri Eguna denez, munduko hainbat euskal etxe eta komunitatek eginak dituzte elkarretaratu eta ospatzeko deiak. Bere sorreratik Aberri Eguna urterik urte zintzo eta hunkipenez antolatu izan duten etxeetakoak dira Venezuelakoak. Maialen Azpiritxagaren irudietan, aurten ere antzeko gisan errepikatuko den Ohorezko Aurreskua iazkoan Caracaseko Eusko Etxekoek dantzatua.
2016/03/17
Donostiako hiria Europako Kultur Hiriburua den 2016 honetan, hona hiriburutza hori publiko ingeles hiztunari bere hizkuntzan aurkezten dion bideoetako bat; nahiz era, egiari zor, irudiak erabat nagusi diren bideoa den, hitz gutxi batzurekin. Baina, berriketa gehiagorik gabe, onena, ikustea. Irudiak zinez ikusgarriak dira .
2016/02/12
Urtero ohi duten legez, Madrilgo (Espainia) Euskal Etxeko abesbatza eta kideak kalerik kale atera ziren, aurten otsailaren 4ean bertan, Santa Agedako usadioari segida emateko Madrilen Euskal Etxea inguratzen duten kaleetan zehar, zazpietan Txoko-Zarren hasita (San Nikolas plazan) eta 9:00etan Euskal Etxean bertan amaituta.
2016/01/31
2016ko urtarrilaren 30ean, Chicagoko 'World Music Festival' ekitaldian, bertako Chicago Children's Choir abesbatzak Txoriak Txori euskal kantu ezaguna kantatu zuen hiriko Athenaeum Antzokian (testua Joxanton Artze, hitzak Mikel Laboa, moldaketak Javier Busto). Ahoskatzea, perfektoa, inork ez luke esango euskaldunak ez direnik. Beti da plazera euskalduna eta ber denboran oso unibertsala del kantu hau entzutea.
2016/01/26
Urtarrilaren 24tik eta datorren asteburura arte, Montevideon dago Hego Ameriketako euskal ikasle/irakasle talde bat, HABEk, FIVUk, FEVAk eta tokiko euskal etxeek "Euskara Munduan" programaren baitan antolatutako udako barnetegia egiten. Horri buruz hitz egiteko El Observador telebistara hurbildu ziren FIVUko (euskal etxe uruguaitarren federazioa) lehendakari Enrique Poittevin eta HABEko teknikari eta Euskara Munduan-go koordinatzaile Kinku Zinkunegi, eta honako elkarrizketa egin zieten,
2016/01/22
Zer gertatuko zen euskarak presentzia orokortua izan balu historian Venezuelan eta Ameriketan? Jolas gisa, Venezuelatik, bertan eginik datorkigun bideo honek erantzun bat ematen dio galderari, Simon Bolivar gaztetxo bat ere tarteko, "Gure historiak soinu ezberdina izango luke" izenburupean. Catia TVe-ko lagunek egina.
2016/01/04
Basque Educational Organization-en eskutik, "Sheepherder's Memories" Juan Jayo eta Jean-Paul Bartheren ekoizpena da (1h 08' 08"), jatorriko bertsioan 2000. urtean ekoitzia eta 2015ean Jean-Paul Barthek digitalki moldatua. Estatu Batuetara artzain joanikoen berri ematen du. Lekukotasun emaile agertzen dira Louis Elu, Charles Moustirats, Angel Arriada, Dominique Etcheverry, Julian Aramburu, Jean Gorostiague, Jean-Pierre Etchemendibehere, Pedro Salaburu, Pierre Ausquy, Jean Laxague, Jean-Baptiste Urruty, Emile Goyhenetche, Leon Franchisteguy. Elkarrizketa guztiak ingelesez, elkarrizketatzaile Juan Jayo, Nicole Sorhondo, Tony Laxague, Jean-Paul Barthe. Laguntzaile Aña Iriartborde (argazki eta irudiak), Johnny Curutchet (bertsoa).
2015/10/15
40 urte bete ditu Luis Zabalegui-k Renoko (Nevada, AEB) Louis' Basque Corner euskal ostatuaren barraren gibelean. Gaur egun, erdi erretiratua, pare bat egunezUrte hauetan andana bat bezerori zerbitzatu dio, besteak beste, picona, West-eko euskal ostatuetako edari famatua. Urteurrena kari, hona Renoko KTVN Channel 2 telebistako albistegiak eskaini dion albistea. Zorionak, Luis!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus