euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Bideoak

Mexiko Hiriko Euskal Etxeko abegi gastronomikoa: Euskal Herri moldeko Ekilore erretegia

2021/08/18

Gourmand-en bideo honetako irudiak ikusiz ez dago zertan besterik emendatu behar, aski adierazgarri eta ebokatzaileak baitira. Edozein ordu izanik ere tripako zorriak dantzan erotuko zaizkizu eta ahoa ur bihurtuko. Mexiko Hiriko Euskal Etxeko abegi gastronomikoaz ari gara: Pablo San Roman sukaldari donostiarra buru duen Ekilore jatetxeaz.

Bideoa ikusi


Banatu #EuskoChallenge traola eta harro erakutsi munduari nola ospatuko duzun Euskal Diasporaren Eguna

2021/08/17

Irailaren 8an ospatuko da nazioartean Euskal Diasporaren Eguna, aurten laugarren urtez. Ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da. Ospatzeko, harro dagoelako Euskal Herria munduan barreiatuta dituen seme-alabez eta seme-alaba hauek bat egiten dutelako euren Euskal Herriarekiko partaidetza eta atxikimenduan. Eta aldarrikatzeko: arbasoak eta historian zehar eta gaurdaino Diasporatik Euskal Herriari ekarria egin diotenak gogoratu eta ohoratzeko eguna baita, iraganari oraina eta geroa emanez.

Eusko Jaurlaritzak eguna ospatzera gonbidatzen zaitu, eta banatzera #EuskoChallenge traola, harro erakutsiz munduari nola ospatuko duzun Euskal Diasporaren Eguna.

Bideoa ikusi


Frantziako TF1 telebista kate nagusiak St Pierre eta Mikelune bisitatu du eta bertako Euskal Besten lekukotasuna eman du

2021/08/16

Urtero abuztuan Saint Pierre eta Mikelune uharte frantsesek euren Euskal Bestak ospatzen dituzte. Gogoratu, geografikoki Ipar Amerikan, Kanada eta Ternua ondoan kokatuta egon arren Frantziako parte diren uharteok euskal historiadunak direla, bertara balea eta baikaoa harrapatzera joan ziren euskaldunen eskutik. 2021ean Euskal Bestak agorrilaren 9etik 15era izan dira. Eta bertan izan dira TF1 frantses kate nagusiko kamerak, artxipelagoa eta bere ondare euskalduna deskubrituz frantses publikoari.

Bideoa ikusi


Iparragirreren bertso guztien euskal-ingeles edizio elebiduna plazaratu dute Xabier Irujo eta David Romtvedt-ek

2020/08/13

THE TREE OF GERNIKA - GERNIKAKO ARBOLA. Complete Poems. Bertsoak. Gaurko egunarekin duela 200 urte (1820ko abuztuaren 12an) jaio zen Gipuzkoako Urretxun Jose Mari Iparragirre, euskal musikagile herrikoia, erbestean ibilia eta, besteak beste, Euskal Ereserki ez-ofiziala den 'Gernikako Arbola'ren egilea. Efemeridearekin bat eginez, Iparragirreren bertsoen euskal-ingeles edizio elebiduna plazaratu dute David Romtvedt eta Xabier Irujok, Nevada-Renoko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren eskutik (egun gutxi barru salgai), honen Bidart Family bilduma estreinaturik. Bideoan David Romtvedt Iparragirreren hitzak euskaraz eta ingelesez irakurtzen, eta kantatzen.

Bideoa ikusi


Ikus "(San) Sebastian Martxa" laburmetraia, San Sebastian festan barrena

2019/01/20

Joan den asteazkenean estreinatu dute Donostian Manuel Aguilar-en laburmetraia hau. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Meta! Kulturaren baitan aitzinarazi da, mikrobabespenez. Sebastian eta Claire bikotea dira, Donostian egun batzuk igarotzen ari diren turistak. Alde Zaharretik paseoan, Sarriegiren estatua ukitu eta mundu musikal batean murgilduko dira, hiriko jai handiaren benetako protagonistak bilakatuta, Danborradako protagonistak. Gidoia eta Zuzendaritza: Manuel Aguilar; Argazki Zuzendaritza: Ivan V Jimenez; Muntaketa: Asier Burgaleta; Arte Zuzendaritza: Natalie Hickey; Ekoizpen Buruak: Maria Villoch, Haizea Urkiola, Itsaso Bon; Aktoreak: Fernando Ruiz, Teresa Alzuru.

Bideoa ikusi


Danborrada 2019 hemen da, Gora Donostia!

2019/01/19

Ordu batzuk baino ez dira falta gaur gauean, gauerdiko urtarrilaren 20ko 00.00ak jotzen dutenean, Donostian eta munduko beste zenbait lekutan danborrak Raimundo Sarriegiren maisuak 19. mendean propio San Sebastian festa honetarako sortutako aire eta doinuak jotzen has daitezen. Serafin Barojak, Pioren airak, sortu zituen 24 orduz milaka eta milaka aldiz errepikatuko diren hitzak: Sebastian bat bada zeruan, Donosti bat bakarra munduan..." Lerro hauetatik zorionak festa ospatuko duten guztiei, eta baita distantziatik segituko duten guztiei ere. Gora Donostia! (irudiak haur danborradaren aurtengo aurkezpenakoak dira, Donosti City TVk argitara emanak)

Bideoa ikusi


Aitor Arrieta eta English National Balleteko dantzari bertutetsuak

2018/01/22

English National Balleteko hainbat dantzari Londresko Coliseoan. Aitor Arrieta dantzari errenteriarra eta bere kide Daniel McCormick, Ken Saruhashi, Joseph Caley eta Aaron Robison ageri zaizkigu bideoan pirueta, entrechat, artazi, jauzi eta jira-bira ikusgarriak egiten. Klase ondoren dantzariak jolasean ari zirela hartutako irudiak dira. Irudiak: Aaron Robison. Arrieta eta English National Balleteko dantzari bertutetsuak, 2018-01-19. Dantzan.eus-tik ekarri dugu hona.

Bideoa ikusi


Pedro Oiarzabal ikertzailearen hitzaldia: "Migrazioa aro digitalean, euskaldunen kasua"

2018/01/17

Hitzaldia, berez, 2015ekoa bada ere, Irlandako Dublinen emana, interesgarria delakoan ekarri dugu hona. Ingelesez da, diaspora gaietan aditua den eta euskal diasporak ongi ezagutzen duen Deustuko Unibertsitateko doktore honek seguruenik ongien ikertu duen arloari lotutako gaia azalduz: diaspora eta internet, euskal diaspora digitala.

Bideoa ikusi


Bascountrying ekimenak LapurdiAround bideoa ekoiztu du, Lapurdiko 41 herrietako irudiak lan bakarrera bilduta

2018/01/13

Iñaki Goikoetxea kazetari, kultur eragile eta pertsona ekimentsuak ezin du geldirik egon eta hemen datorkigu proposamen berrit batekin. Javier Iribarren, Maria Rubio eta Iker Zaballa lagun, eta Argitxu Camus aholkulari, LapurdiAround bideo hau plazaratu dute, Bascountrying ekimenaren barne. Aurretik egin zuten 'Dancing in the Basque Country' hari darraio --530.000 ikustalditik gora lortu zituen Youtuben--; eta oraingoan, Lapurdiko 41 herrietako irudiak dakartzagu, Patxi eta Konpainia-ren Bidartarrak dantza-musikaren urratsetan. Ikusgarria! On egin!

Bideoa ikusi


Euskal kulturari segida ematen Idahoko Boisen, CNNen bideo bat: "How Basque culture stays alive in Boise, Idaho"

2018/01/08

Honakoa CNN telebista kateak Idahoko Boiseko euskaldunek bertako euskal kulturari segida emateko egiten duten ahalegina hizpide hartuta eginiko erreportaje laburra da. Astero astero ehundaka haur eta gazte biltzen da Boiseko 'Basque Block' edo euskal auzora, hor kokatzen diren Euskal Etxea eta Euskal Museoa bezalako lekuetan euskal dantza, kantuak, joko eta jolasak praktikatzeko, Boiseko euskal erakundeek duela ehundik gora urte hirian errotua dagoen euskal kulturari segida emateko egiten duten ahalegin arrakastatsuaren barruan.

Bideoa ikusi


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia