euskal diaspora eta kultura
2017/03/13
Nafarroa Behereko Donibane Garazi eta Kaliforniako South San Frantzisko hiri senidetu edo ahaidetuak dira. Ez da ahantzi behar andana ederra baxenabartar eta euskaldun etorri zela San Frantziskoko Badiaren inguru osora, eta hor ireki zituela, izan ere, ateak 1982an, Gure Euskal Etxeak, Basque Cultural Center-ek. Honako bideoak, ahaidetzearen sinadura biltzen du, Garaziko Herriko Etxeko Graxiana Paris-ek eta So San Frantziskoko Richard Garbarino alkatea sinatzaile, 2012an (irudiak, Jean-Paul Barthe, milesker, Jean Paul)
2017/02/11
2017ko otsailaren 11an egin dute Estatu Batuetako Salk Lake Cityn, bertan dagoeneko ekitaldi klasikoa den "Basque Dinner & Dance" (Euskal Afari eta Dantzaldia). Funtsean euskal moldeko afari bat da, Utah-ko Euskal Etxeko sukaldari bolondres taldeak prestatua, afaldu bitarteko eta ondoko emanaldia Utah-ko Triskalariak euskal dantza taldearen eskutik. Bideoan ikusten dena, Triskalariak-en lehenengo dantza da, dantarien eskaintza Ikurriña omenduz (bideoa EuskalKultura.com)
2017/01/21
Boiseko Ikastolako haurrak Danborrada jotzen 2017ko urtarrilean (bideoa Boiseko Ikastola)
2017/01/20
Mari Luz Suedian bizi izan den irakasle donostiarra da eta Kisa herriko Värgårdsskolan eskolako bere ikasleei Danborrada eta San Sebastian martxa jotzen erakutsi zien (Mari Luz Grandalen irudiak, EiTB.eus-en bidez).
2017/01/17
Urte batzuk badira urtero, Argentinan uda sasoi betea denean, urtarrileko lehenengo egunetan, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea antolatzaile, "Udaleku" egiten dela. Hona 2017ko edizioan Udalekuko haurrek egin duten lipdub-a.
2017/01/16
Izenburu horrekin ("Tracks of an old Frontier shepherd life: Great Basin Basques", jatorrikoan) egina da dokumental hau. Gaur egun, Estatu Batuetako Idaho estatuan, milaka euskaldun bizi dira, duela mende bat baino gehiago Euskal Herritik lur hauetara lanera etorri ziren aitzindari eta emigranteen ondorengoak. Hasieran artzain lanetara etorriak, gaur nonahi eta zernahi egiten topa ditzakezu, bertan zeharo errotu eta ezarriak. Horixe da Henry Etcheverryren kasua, inguruan ardi negozioan geratzen den azkenetakoa. Bere aita, Jean-Pierre, 1929an etorri zen Euskal Herritik. Euskaldun asko bizi da Idahon, Boiseko alkatea bera euskalduna da eta hiriaren erdian Basque Block izeneko euskal eremu bat dauka, zenbait jatetxe, denda, taberna eta Euskal Museo eta Kultura Etxe batekin barnean... Kristen Dirksen-en lana (bideoa Faircompanies.com)
2016/10/12
Dinamika berri bati ekin diote 2016 honetan Patagonia argentinarreko euskal etxeek. Ekimena euskal etxe gazteenak, San Martin de los Andeseko Euskal txokoak abiatu du eta irailean bigarren elkarretaratze eta festa egin dute eta ordua jarri diote hirugarrenari. Bideoan, bertako telebista kate bati mintzatzen zaizkio Manuel Bustingorry (San Martin de los Andes) eta Rocio Basterra (Viedma eta Carmen de Patagones) euskal-argentinar ekintzaileak. Gogoa, indarra, entusiamoa darie, eta ez daude geldik, geroa lantzen ari dira (Bideoa Noticias TVEO)
2016/07/05
Euskara irakasten Washington hirian euskaldunei eskainitako 2016ko Smithsonian Folklife Festival jaialdian. Publikoa, jatorri ez-euskalduneko amerikarrak dira gehienbat, eta ezagutza txikia daukate euskarari buruz, interesa kenduta. Irudietan irakasle --edo erakusle esan beharko agian hobe--, Kinku Zinkunegi, Euskara Munduan-eko koordinatzailea, eta Errukiñe Olaziregi, Madrilgo Euskal Etxeko euskara irakaslea. Batzuk apunteak ari dira hartzen (bideoa EuskalKultura.com)
2016/07/05
Kaliforniako Noka euskal kantari hirukoteko kide diren Begoña Echeverria eta Cathy Petrissans haurrentzako "Old McDonald had a farm" kantu tradizionalaren bertsio berri batekin inguratu ziren Washingtongo Smithsonian Folk Festival 2016ra, "Old McDonald had a farm bazuen baserria" kantu elebiduna aurkezturik (bideoa EuskalKultura.com)
2016/07/05
Kepa Junkera eta Sorginak Washingtonen jotzen Smithonian Folklife Festival-en barruan, programa osoko inaugurazio kontzertuan Kapitolio aurreko oholtzan. Giroa ez dago azaldu beharrik, sentiarazten dute! (bideoa EuskalKultura.com)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus