euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Zer gara gu, nor gara gu', nagusi eta euskara ikasleen artean arrakasta izaten ari den haurrentzako jokoa

2010/12/07

Gotzon Barrueta, 'Zer gara gu, nor gara gu' jokoarekin
Gotzon Barrueta, 'Zer gara gu, nor gara gu' jokoarekin

PUBLIZITATEA

Guraso batek bere seme-alabek jolasen bidez euskal kultura ezagutzeko eginiko jokoa da 'Zer gara gu, nor gara gu'. Haurrentzako pentsatua da, bai, baina Gotzon Barrueta egileak EuskalKultura.com-i aitortu dionez, makina bat euskaltegitan ere ari dira dagoeneko erabiltzen, ikasleen artean euskaraz jolastu eta aldi berean Euskal Herriari buruzko jakingarriak ikasteko. Jokoan honelako galderak aurki ditzakegu: 'Nor da Bizkaiko idazlerik ezagunena, Kirmen Uribe ala Mortadelo?' Erantzuna errazegia dela? Ba, hala ere jokoak engantxatu egiten omen du. Zergatik?

Bilbo, Bizkaia. "Nire zortzi urteko seme-alabek ederki asko dakite nortzuk diren Messi, Ronaldo, Llorente eta abar, telebistagatik eta futbol ligaren kromoekin jolasten ibiltzen direlako. Pentsatu nuen pena bat zela ez jakitea nor den Atxaga, etxe paretik pasatzen den ibaia Nerbioi dela, non dagoen Txindoki... Eta nire haurrei horiek guztiak jolastuz irakasteko karta joko bat diseinatzea erabaki nuen", azaltzen du Gotzon Barruetak.

Esan eta egin, eta ez hori bakarrik. Berak diseinaturiko jokoa Elkar argitaletxeko arduradunei gustatu eta orain dela hilabete bat 'Zer gara gu, nor gara gu' Euskal Herriko liburudendetan dago salgai. Gainera, azken bertsioa ez da umeentzako bakarrik, jokoa euskaraz ikasten ari direnentzat ere oso aproposa izan daitekeela ikusi baitzuten. Lehendabiziko tirada 2.500 kutxakoa izan da eta Euskal Herriko 400 dendetan dago salgai. Eta salmentak onak ari dira izaten.

Haurren buruarekin pentsatuta

'Jokoa diseinatzeko haurren buruarekin pentsatzen saiatu naiz. Trivial eta horrelako joko asko zailegiak dira eta nire seme-alabak aspertu egiten dira berehala. Gainera gehienetan ez dira Euskal Herriari buruzkoak, nazioarteko bertsio euskaratuak baino ez. Beste batzuk aldiz, oso lokalak dira, adibidez Bilbori buruzko triviala bezala. Nik Euskal Herri osoari buruz ikastea nahi nuen", dio egileak.

 

zer gara gu

[Jokoaren kaxan agertzen diren bi umeak egilearen seme-alabak dira. Jokoaz harro-harro omen dira; ezta gutxiagorako, ume gutxik jasotzen dute eta Gabonetako opari bezala aitak eurentzat diseinaturiko jokoa!]

Ikastea eta dibertitzea da jokoaren helburua eta egilearen arabera horixe lortzen du. Bidea oso kuriosoa da: galderen erantzuna erraz-erraza dela. 'Uribe ala Mortadelo? Zer demontre!' pentsatuko du batek baino gehiagok. Baina Barruetak ongi pentsatuko erabakia dela azaltzen du. "Adibidez, galdetuko bagenu: zein da Atxagaren libururik ezagunena, Obabakoak hala Harri eta Herri? Askok bata edo bestea bota eta agian asmatuko lukete. Baina ez dute erantzun zuzena zein den gogoratuko. Obabakoak ala Saltxitxa Gorriak galdetuta seme-alabak barrez hasi eta 'Aita, Obabakoak, nola izango da ba Saltxitxa Gorriak!' erantzuten didate. Eta gero gogoratu egiten dute", dio berak.

Zortea, bikoteak eta Diaspora

Ez al da orduan errazegia? Egilearen arabera ez, jokoaren ibilbidea osatzeko --Tuteran hasi eta Lantzera heldu arteko 49 lauki-- zortea ere behar delako. "Gainera, karten artean bikoteak osatu behar dira eta azkenean kartarik gabe gelditu behar du jokalariak bukatu ahal izateko", argitzen du Barruetak. Jokoak beste berezitasun bat du: alde batetik, etxean eta ibilbidearen taularekin jolas daiteke; baina posible da ere karta-sorta bakarrik hartu eta edonon jolastea. 

Jokoan Euskal Herriko kulturari buruzko gaiak hainbat familiatan sailkatuta agertzen dira: mendiak, ibaiak, idazleak, kirolariak, euskara, ohiturak, jaiak, naturaguneak... Horietako batean, Antzina izena duenean, Diasporak ere badu bere lekua eta atzerrira joandako euskaldunei eta euskal etxeei buruzko hainbat galdera agertzen dira.

Ipar eta Hegoamerikan zabaldu nahi

Barrueta berebiziko ahalegina egiten ari da jokoa ezagutarazteko, euskal Diasporan ere. Sei urtetik gorako haurrentzako pentsatua bada ere, jokoak euskaraz jolasteko eta Euskal Herriari buruz ikasteko aukera bikaina eskaintzen du eta Diasporako euskara ikasleentzako interesgarria izan daitekeela uste du.  Horregatik harremanetan da dagoeneko AEBetako euskal etxeekin eta Mexikoko hainbat euskaltzalerekin, eta Hegoameriketan ere zabaldu nahiko luke jokoaren berri.

Jokoa ingelesera eta gaztelerara itzultzeko prest legoke, horrela euskaraz ez dakiten Diasporako euskaldunek ere Euskal Herriko kulturari buruzko datu hauek ikasteko aukera izan dezaten. "Ea guztion artean Euskal Herriko kultura munduan zehar zabaldu ahal dugun... Hainbeste Messi, Bob Esponja eta Hanna Montana entzun eta hurbil ditugunak batzutan ezagutu ere ez! Gurea dena ezagutu eta zabaldu behar dugu", bukatzen du.

[Gotzon Barruetarekin harremanetan jartzeko, idatzi e-maila hona]

[Egileak oparitutako bi joko zozketatuko ditugu aurki gure irakurleen artean]



Komentarioak

  • Egilea naiz: Non erosi

    Kaixo ! Gotzon Barrueta naiz, jokoa, Euskal Herriko Elkar dendetan eta interneten erosi ahal da, www.elkar.com ( 29,95 € ). Sekulako arrakasta izan du Durangoko Euskal Liburu eta Disken azokan ! Birritan agortu da !

    Gotzon Barrueta, 2010/12/09 12:57

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia