euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Webgune bat (Tasio25.com) eta zenbait ekimen Montxo Armendarizen Tasio filmaren 25 urteak ospatzeko

2009/08/25

Tasio filmaren afixa; Montxo Armendarizen 1984an zuzendu zuen
Tasio filmaren afixa; Montxo Armendarizen 1984an zuzendu zuen

PUBLIZITATEA

Webgune bat, erakusketa bat eta egitarau oso bat medio ospatuko da datorren irailean Tasio filma errodatu eta estreinatu zeneko 25. urteurrena. Montxo Armendarizek 1984ean zuzendu zuen lan honen ospakizunek Lizarran egingo diren erakusketa eta errodai taldeari egingo zaion omenaldi bat, eta Bakedaon egingo den bazkari herrikoi bat baitaratzen dute. Erakusketa Lizarrako Kultura Etxean egongo da ikusgai irailaren 5etik 20ra, filmaren artxibo materiala erakutsiz, hala nola errodai argazkiak, gidoia, story board-a eta bestelako dokumentazioa. Txondor baten erreprodukzioa ere ipiniko da, filmeko pasadizo ezagunenetako baterako bidea eginez. (Ikus filma osoaren bideoa)

Bakedao, Nafarroa. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZIren) bitartez, zenbait ekitaldirekin ospatu nahi izan du irail honetan Montxo Armendarizen lehenengo film luzea, Tasio, estreinatu zela 25 urte bete izana. Urteurrenari eskainitako webgune berezi bat abian ipintzearekin batera, ekitaldiok erakusketa bat baitaratzen dute Lizarran [irailaren 5etik 20ra], filma egin zuen talderarendako omenaldi-gala bat [irailaren 5ean] Lizarran, eta bazkari herrikoi bat [irailaren 6an] Bakedaoko pilotalekuan.

[Filma bere osotasunean (1h 31' 55'')]

[Montxo Armendarizek 1984an zuzendu zuen Tasio; ekoizlea Elias Querejeta izan zen. Filmak hogei sari jaso zituen, besteak beste, zilarrezko maskorra, Fipresci saria eta Gipuzkoako Ateneoa saria Donostiako Zinemaldian; sari nagusia Biarritzeko Zinemaldian; eta urrezko plaka berezia Chicagoko Zinemaldian]

Erakusketa Lizarrako Kultura Etxean

Erakusketa Lizarrako Kultur Etxean egingo da irailaren 5etik 20ra. Filmaren artxiboko hainbat gauza izango ditu ikusgai, tartean filmazioko argazkiak, gidoia eta story board delakoa, eta lanaren dokumentazioa. Halaber, txondor baten kopia egingo dute, filmaren eszena ezagunenaren filmazioa birsortze aldera. Gainera, erakusketan “Tasio” filma eta “Nafarroako ikazkinak” dokumentala jarriko dituzte; azken dokumental hau ere Armendarizek berak egin zuen 1981ean. Orobat, filma egin zuten herriak eta estra zein figurante gisa parte hartu zuten herritarrak gogoratuko dituzte.

[Erakusketaren ordutegia hau izango da: asteartetik ostiralera 18.30etatik 20.30etara, larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.30etatik 20.30etara, eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara; astelehenetan itxita]

Omenaldi gala Lizarrako Golem zineetan

Filma egin zuen talde tekniko eta artistikoa omentzeko festa irailaren 5ean egingo dute, arratsaldeko 19.00etan, Lizarrako Golem zineetan. Sartzea doakoa izango da; gonbidapenak zineko leihatiletan banatuko dituzte, festa hasi baino ordu bete lehenago. Festarako, Kilkarrak antzerki taldea kontratatu dute; taldeak filmeko eszenak jarriko ditu eta pelikulako protagonistak eta bertaratutako jendea harremanetan jartzen saiatuko da. Han izango dira Elias Querejeta eta Montxo Armendariz. Baita talde artistikoko bi protagonistak, Patxi Bisquert (Tasio) eta Amaia Lasa (Paulina), eta Jose Mari Asin (Luis), Paco Sagarzazu (guarda) eta Txema Blasco (Angel) ere. Horiez gain, Tasio eta Paulina adin desberdinetan nortu zituzten aktoreak bertaratuko dira. Talde teknikoari dagokionez, ekitaldian egongo dira, besteak beste: Jose Ramos Paino (zuzendariaren laguntzailea), Alfredo Mayo (kameralaria) eta Angel Illarramendi (filmeko musikaren egilea). 

Bazkari herrikoia Bakedaoko kantxan

Ekitaldiaren helburua omenaldia egitea da filmean parte hartu zuen jende anonimoari, hau da, Ameskoa eta Lana bailaretako herrietako --Artatza, Bakedao, Barindao, Eraul, Lizarra, Eultz, Galdio, Mañeru, Ameskoako Limitaciones mendia, Iribarri, Biloria eta Zudairiko-- jendeari. Herri horietan ordurako bazuten zinean eskarmentua, lehenago ere filmak egin zituztelako han: Richard Lesterrek, 1977an, "Robin eta Marian" filmaren eszena batzuk bertan egin zituen, adibidez. Tasio filmaren oinarria, ordea, benetako pertsona bat da: Anastasio Ochoa ikazkina. Bestalde, filma jarduera zehatz bati, egur-ikazkintzari, buruzkoa da. 

Baina urteurrena ospatzeko herri bazkaria ere egingo dute, irailaren 6an, Bakedaoko frontoian. Izan ere, pelikularen eszena batzuk han filmatu zituzten. Bazkarirako txartelak jarri dituzte salgai, 25 euroan, Zudairiko eta Eulateko Rural Kutxan eta Nafarroako Aurrezki Kutxan. Bazkaria 'La Orquestina del Valle' musika taldeak girotuko du. Bakedaon jaiak izango dituzte asteburu horretan eta, horregatik, eguna alaitzeko jarduerak egingo dituzte, eguerdiko 12.30etatik aurrera. Besteak beste, aspaldiko haur jolasak eta lanbide tradizionalei buruzko azoka bat jarriko dituzte; azokan ikusgai egongo dira, esaterako, txondor bat, txerri hilketarako tresnak, latsariak eta legez kanpoko txankuen erakusketa bat. Halaber, taloak, gazta, odolki zuriak eta lukainkak egiten ikasteko tailerrak egongo dira; baita xaboia egiteko, larrua eta artilea lantzeko eta egurra moldatzeko tailerrak ere. Hori guztia gaitariek eta erraldoi dantzariek alaitua.

Tasiori buruzko liburua eta Cahiers du Cinema-ren ale berezia

NIAZI Fundazioak akordio bat adostu du “Cahiers du Cinema” aldizkariarekin, iraileko argitalpenean filma gogoratzeko eta aztertzeko koaderno berezi bat egin dezaten; koaderno hori Donostiako Zinemaldian banatuko dute. Dossier horretan sartuko dituzte, adibidez, filmaren zuzendariarekin eta taldeko kideekin egindako elkarrizketa bat, filmak estatuko 80. hamarkadako zinearekin eta Europako erro antropologikodun beste pelikula batzuekin duen loturari buruzko azterlan bat, eta Montxo Armendarizen zinearen errepaso bat.

Gainera, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo departamentua pelikularen filmazioari buruzko liburu bat prestatzen ari da, irudi eta dokumentu argitaragabeekin.

-Tasioren urteurreko webgunea: www.tasio25.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia