euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideoko Euskal Erria elkarteak Euskal Zine Astea hasiko du asteartean Uruguaiko hiriburuan

2008/06/12

Ikusleek 'Aupa Etxebeste' euskal filma ikusi ahal izango dute, beste zenbait lanen artean, Montevideoko Euskal Zine Astean
Ikusleek 'Aupa Etxebeste' euskal filma ikusi ahal izango dute, beste zenbait lanen artean, Montevideoko Euskal Zine Astean

PUBLIZITATEA

Euskal zinema ezagutu eta gozatzeko aukera bikaina izango dute asteartetik hasi eta igandera bitartean Montevideoko hiritarrek, Euskal Erria elkarteak eta Uruguaiko Zinematekak antolatu zuten Zine Asteari esker. Ekimen kultural honen barruan Euskal Herriko zuzendari ezagunen lana izango da ikusgai: Montxo Armendariz, Juanma Bajo Ulloa eta Enrique Urbizu, besteak beste. Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du Zine Asteak eta Uruguaiko Hezkuntza eta Kultura Ministeritzak interes kulturaleko ekimen izendatu du.

Montevideo, Uruguai. Asteartean hasiko den Euskal Zine Astearen helburua euskal zuzendarien bidez 'euskal zine berria' deritzona zabaltzea da, ekimeneko arduradunek adierazi dutenez. Zine Asteak iraungo dituen sei egunetan zehar Montxo Armendariz, Juanma Bajo Ulloa, Enrique Urbizu, Pablo Malo, Asier Altuna, Telmo Esnal eta Victor Ericeren lanak eskainiko dira. Emanaldiak Cinemateca 18 aretoan egingo dira eta ikusleek egungo euskal filmeak ikusteko aukera edukiko dute: Frío sol de invierno, La vida mancha, Aupa Etxebeste, Frágil eta Obaba. Klasikoentzako tartea ere izango da, Victor Erice zuzendariaren El sol del membrillo pelikularekin. Egitaraua, egun bakoitzeko filmearen sinopsiarekin batera, honakoa izango da:

Ekainak 17, asteartea

Frío sol de invierno (Pablo Malo, 2004). Maitasun eza eta bere ondorioei buruzko drama bat da Pablo Malo zuzendariaren lehen lana. Bere burua eta bere semearen sentiberatasuna gorroto dituen adienko emagaldu baten istorioa kontatzen du filmeak.

Ekainak 18, asteazkena

La vida mancha (Enrique Urbizu, 2003). Famili harreman konplexuei buruzko pelikula, bi anaien arteko gatazka azaltzen du filmeak. Michel Gaztambidek idatzi zuen istorioa, umorea, emozioa eta drama nahastuz, eta Urbizu bilbotarrak sentsibilitate handiarekin islatu zituen alderdi horiek.

Ekainak 19, osteguna

Aupa Etxebeste (Asier Altuna eta Telmo Esnal, 2005). Herriko aberatsak dira Etxebestetarrak baina oporretara joan behar zuten egun berean dirurik gabe geratzen dira. Herrikoen aurrean itxurak mantentzearren etxean ikuztatuta pasako dituzte oporrak. Euren arteko gezurrak eta miseriak elkarri aurpegiratu ondoren, itxurakeriak alde batera utzi eta bizitzako oporrik onenak pasako dituzte.

Ekainak 20, ostirala

Frágil (Juanma Bajo Ulloa, 2004). Neska baten eta aktore baten arteko amodiozko istorioa kontatzen du bere burua 'benetako amodioa ipuin bat' bezala aurkezten duen filme honek.

Ekainak 21, larunbata

El sol del membrillo (Victor Erice, 1992). Filmeak Antonio Lopez Garcia pintorearen eguneroko lana azaltzen du. Protagonistak bere etxeko lorategian landatutako irasagar-arbolaren orrien artean agertzen diren eguzki izpiak margotzen tematzen da, erronkak artearen eta sorkuntzaren prozesu majikoa erakusten duelarik.

Ekainak 22, igandea

Obaba (Montxo Armendariz, 2005). Bernardo Atxaga idazlearen 'Obaba' elaberrian oinarritutako lana da. Filmearen bidez, asmatutako herri bateko herritarren bizitza erakusten du zuzendari nafarrak.


Lotura interesgarriak

Zinemateka Uruguaiarra
www.cinemateca.org.uy



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia