euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Indarra dantza talde uruguaiarrak bere sorreraren 25 urteak ospatuko ditu Montevideon hilaren 17an

2007/10/11

Eusko Indarraren 25. urteurrenaren afitxa
Eusko Indarraren 25. urteurrenaren afitxa

PUBLIZITATEA

25 urte euskal dantza eta kultura Uruguain eta atzerrian zabaltzen, horixe da Montevideoko Eusko Indarra taldearen historia. Entsaio, bidaia eta ahaleginez jorratutako 25 urtek osatzen dute dantza taldearen ibilbidea, eta tartean Haize Hegoa euskal etxea sortzeko astirik ere izan zuten Eusko Indarrako dantzariek. Datorren asteazkenean Montevideoko Movie Center Antzokian ospatuko dute urteurrena, ia 700 jendez lekua beterik.
Eusko Indarra dantza taldeak, bere ibilbidean Haize Hegoa euskal etxeari sorrera eman zionak, 25 urte beteko ditu bihar. 'Taldea Uruguaiko euskal etxe zaharrenetako batean jaio zen, Euskal Erria elkartean. Dantza taldea osatzen zuen gazte multzo batek formalki elkarte bat antolatu eta estatutuen bidez funtzionatzea erabaki zuen. Talde hau izan zen, handik urte batzuetara, Montevideoko euskal etxe gazteenaren hazia', azaldu dio EuskalKultura.com-i Haize Hegoako presidente Enrique Poittevinek.

25 urte hauetan jarduera eta ekimen asko bultzatu ditu Eusko Indarra osatzen duen lagun taldeak. 'Asko ikasi dugu eta ikasten jarraitzen dugu', azaldu du Poittevinek. 'Era berean, apaltasunez eta eskura izan ditugun medioekin, euskal kultura ezagutarazten saiatu gara, bai Uruguaien eta baita gure mugetatik kanpo ere. Gure helburua arbasoen aberria eta kultura ezagutaraztea izan da'.

Eusko Indarrak jaialdi handi batekin ospatuko du bere 25 urteurrena, datorren asteko asteazkenean Montevideoko Movie Center Antzokian. Ekitaldian taldeak garai eta urte desberdinetan izan dituen aspaldiko eta oraingo dantzariak taularatuko dira, eta antolatzaileek antzoki aretoak dauzkan ia 700 eserlekuak betetzea espero dute.


Lotura interesgarriak

Haize Hegoa Uruguaiko nekazal azokan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 21ean

III Eusko Jaia, FIVUk antolatua Carmelon, Uruguaien
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 7an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia