euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskadi izan da ardatz Pueblako Kulturaniztasunaren Astean, Mexikon, zine, poesia eta antzerkiarekin

2009/03/30

Patxi Bazkarrika sailburuordeak Monterreyko Teknologikoan eman zuen mintzaldiaren une bat
Patxi Bazkarrika sailburuordeak Monterreyko Teknologikoan eman zuen mintzaldiaren une bat

PUBLIZITATEA

Mexikoko Puebla hirian egiten den Kulturaniztasunaren Asteak euskal doinua izan du aurten, Eusko Jaurlaritza eta Mexikoko Euskadiko Ordezkaritzari esker. Astean zehar euskal luzemetrai eta laburmetraiak izan dira ikusgai, Kirmen Uribe poetak irakurraldia eskaini du, euskal taldeen kontzertuak egon dira, kale antzerkia, erakusketak... aukeratzeko frango. Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordea eta Lorea Bilbao aholkularia bertan izan dira eta, besteak beste, Euskara eta Euskal Kultura Lektoregoak eskaintzen dituzten lau unibertsitateetako arduradun akademikoekin bildu dira.

Puebla, Mexiko. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikako aholkularia Mexikon izan dira aste honetan, Pueblako Kulturaniztasunaren Astean parte hartzen. Aurtengo edizioan Euskadi izan da herrialde gonbidatua, iazko Txinaren lekukoa harturik. Inaugurazio ekitaldia joan den astelehenean egin zen eta bertan Pueblako Universidad Iberoamericanako agintariek, Baztarrikak, Bilbaok eta Euskadiko ordezkaritzako buru den Iñaki Ruizek parte hartu zuten. Baztarrikak “Hizkuntza aniztasuna munduan, goranzko balorea” mintzaldia eskaini zuen eta eta Kirmen Uribe euskal poetaren errezitaldiarekin bukatu zen ekitaldia.

Pueblako Kulturaniztasunaren Astean zehar euskal ekitaldi asko izan dira ikusgai, hala nola, euskal artisten postalen erakusketa, erakustaldi gastronomikoa eta degustazioa, “Ekoizpen artistikoa Euskadin” hitzaldia, “Euskal Herriko baserriak eta herri musika” argazki erakusketa, Euskal Herriko jantzi tipikoen erakusketa, Kimuak programako laburmetraien zikloa, zinema ("Ama Lur", "Nomadak TX", "Tasio" eta "Aupa Etxebeste"), kale antzerkia eta folk musika emanaldiak.

Lektoregoen arrakasta

Eusko Jaurlaritzak hainbat herrialdetan sustatzen dituen Euskara eta Euskal Kultura Lektoregoek arrakasta handia izan dute Mexikon, izan ere eskaintza zabaldu eta dagoeneko lau dira programa hau eskaintzen duten unibertsitateak: UNAM, Iberoamericana de DF, Tecnológico de Monterrey eta Iberoamericana de Puebla. Eskolak Gurutzne Etxeberria amezketarrak eta Gorka Larrañagak ematen dituzte. Lektorego horien balorazioa egiteko eta hobekuntzak egiten jarraitzeko, Baztarrikak eta Bilbaok astean zehar bilera zenbait egin zituzten aipatu unibertsitateetako arduradun akademikoekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia