euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gorka Larrañaga, euskara irakasle Mexikon: 'Hizkuntz indigenak dakizkitenek errazago ikasten dute euskara'

2007/10/26

Mexikon irakasle ari den Gorka Larrañaga  (lehenengoa zutik eskubian) bere ikasleetako batzuekin
Mexikon irakasle ari den Gorka Larrañaga (lehenengoa zutik eskubian) bere ikasleetako batzuekin

PUBLIZITATEA

Gorka Larrañaga azkoitiarrak bi urte daramatza Mexikon, eta Arte Ederretako ikasketak burutzera etorri bazen ere, orain Euskara eta Euskal Kultura Ikastaroetako irakasle bezala dabil buru-belarri, bere kultura mexikarrekin partitzeko lanetan. 'Euskaldun eta euskal kulturaren parte eta eragile naizen heinean, gure errealitatearen ikuspegi hori helarazi nahi diet ikasleei', agertu dio EuskalKultura.com-i.
Gorka Larrañaga azkoitiarra graduondoko ikasketak egiten ari da Mexikoko San Carlos Akademian, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Mexiko Unibertsitate Nazional Autonomoak (UNAM) duten lankidetza hitzarmen bati esker. 'Pintura espezialitatea egin nuen Leioan eta pare bat erakusketa egin ditut jada hemen', azaltzen du. Aurten abentura berri bati ekin dio eta Puebla eta Mexiko hiriko Unibertsitate Iberoamerikarretan euskal kultura ikastaroen ardura hartu du.

'Beste herrialde batetako pertsonei euskal kultura irakastea oso aukera interesgarria eta erronka polita iruditu zitzaizkidan. Irakaskuntzan eskarmentu ona daukat, Mexikora etorri aurretik Eibarko marrazki eta pintura udal eskolan ibili bainintzen irakasle hiru urtez, beti ere euskaraz. Euskara irakasle gisa, beste lektoreen laguntzarekin eta lan honetarako dagoen material bikaina baliatuz, ondo ari naiz moldatzen'.

Pertsona asko ikastaroetan interesatuta

Puebla eta DFko ikastaroetan hamabosna ikasle ditu dagoeneko, baina ikasturteak aurrera egin ahala gehiago izatea espero du Larrañagak. 'Talde hauek handituko direla pentsatzen dugu, dagoeneko pertsona askok agertu baitu interesa', adierazi du. Bi ikastaroak desberdinak dira izaeraz. 'Pueblakoa euskara eta euskal kulturarako sarrera ikastaro bat eta DF hiriko Iberoamericanakoan, berriz, zortzi hilabeteko diplomatu bat ematen ari naiz euskara eta euskal kultura', azaltzen du. 'Euskal kulturan sakontzeko aukera ematen duen diplomatua da; gai gehiago eta sakonago lantzen dira bertan'.

Klaseak prestatzeko orduan, Larrañaga Jaurlaritzaren ekimenean parte hartzen duten beste lektoreen esperientziaz baliatzen da. 'Ikastaroak nola planteatu eta jendeagatik zer espero dezakedan ikusten lagundu didate. Beraiek esandakoa eta neuk irakasle moduan dudan esperiantziatik dakidana nahastuaz lantzen ditut klaseak. Gai bakoitzaren inguruan dagoen bibliografia ondo begiratu eta gero jendeak gai hori era errazean uler dezaten laburbiltzen dut'.

'Orhipean' gidaliburu

'Oinarrizko liburu modura 'Orhipean, Gure Herria Ezagutzen', Juan Carlos Etxegoien 'Xamar'-en liburua, lortzeko eskatu diet ikasleei, emango diren ikasgaien sintesi labur bat aurkitu dezaketelakoan bertan', jarraitzen du irakasleak [liburua euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dago argitaratuta. Gaztelaniazkoak 'Orhipean, El país del Euskara' du izena, (Pamiela argitaletxea, Iruñea, 2005)]. Euskara irakasteko, berriz, HABEk bidalitako materiala erabiltzen du.

'Hau guztia nire euskaldun sena eta izaerarekin aberasten saiatzen naiz. Beti ere web orrialde helbideak ere ematen dizkiet, tartean jakina EuskalKultura.com', azaltzen du, 'baita liburuak eta bibliografia eta power point aurkezpenak egiten saiatzen naiz, ikasleen erreferentziak aberasteko helburuarekin. Kultura eragile moduan eta euskaldun gisa dudan esperientziatik beste ikuspegi bat ematen saiatzen naiz'.

Euskararekiko jakinmina asetuz

Mexikon euskal kulturarekiko interes handia dagoela uste du Larrañagak. 'Berezia egiten zaie hizkuntza, egoera politikoaren nondik norakoak eta bilakaera historikoa, eta baita ere gure bizirik irauteko grina miresten dutela uste dut. Bestetik, euskal jatorriko jende asko dago Mexikon eta horrek ere asko laguntzen du interes hau zabaltzerakoan', irizten dio. Ikastaroetan euskara ongi ikasteko astirik ez dutela onartzen du, baina helburua hizkuntza goitik behera barneratzea baino, 'euskara ulertzea eta horrela gure izaera eta pentsakera ulertzea lortzea' dela dio irakasleak.

Ikasleetako batzuk hizkuntzalariak dira eta Mexikoko hizkuntza indigenak ezagutzen dituzte. 'Deigarria da hizkuntza hauek euskararekin duten halako parekotasuna, eta alde horretatik belarria azkar egiten zaie. Dena den, ez dut uste euskara hizkuntza xamurra denik ikasteko eta hori nabarmendu egiten da. Kontua da, motibazio handia daukatela eta hori zailtasun horien guztien gainetik dagoela; eta gauzak ikasteko orduan hori garrantzitsuena dela uste dut, ala?'.


Lotura interesgarriak

Eusko Legebiltzarrak Etxepare Institutuaren sorrera onetsi du
2007ko apirilaren 21ean EuskalKultura.com-en argitara emana

30 unibertsitate berrik eskatu dituzte euskara eta kultura eskolak
2007ko urtarrilaren 27an EuskalKultura.com-en argitara emana

Guadalajarako Liburu Azoka eta Orhipean liburua
2006ko azaroaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskara ikastaro eskaera Mexikoko unibertsitateetan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 14ean

Jaurlaritzak euskara ikastaroak sustatuko Europa eta Amerikan
EuskalKultura.com-en argitartua 2005eko abenduaren 28an

Orhipean Queretaroko Kulturunea liburudendan eros daiteke
www.libreriakulturunea.com

Orhipean, Pamiela argitaldariak argitara emana
www.pamiela.org


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia