euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fermin Muguruza kantariak bisita egin zien UNAMeko euskara ikasleei, Mexikon burutu berria duen biran

2007/05/29

Fermin Muguruza (erdian) UNAMeko euskara ikasleekin Mexiko hiriburuan egin zuen elkarretaratzean
Fermin Muguruza (erdian) UNAMeko euskara ikasleekin Mexiko hiriburuan egin zuen elkarretaratzean

PUBLIZITATEA

Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) euskara ikasleek egundoko sorpresa hartu zuten Fermin Muguruza kantariak egin zien bisitarekin, Mexikora burutu berria duen biran. Musikari gipuzkoarrak ia bi ordu eman zituen beraiekin, musika, bere bidaiak edota ibilbideari buruz hitzegiten. Euskal kantariak tarte bat egin nahi izan zuen bere agendan ikasle hauekin biltzeko. Horietariko batzuk Muguruzaren kantak ulertu nahian hasi ziren ikasten euskara, eta horren jakitun, Gurutzne Etxeberria irakasleak kantaria kontaktatu eta bisita antolatzea lortu zuen.
Fermin Muguruza kantariak bere Mexikoko birako agendan tartea egin eta UNAMeko euskara ikasleei bisita egin zien joan den maiatzaren 18an. Muguruzak Ollin Kan delako jaialdian parte hartu behar zuen gauean eta soinu frogak eta prentsa elkarrizketei denbora kendu zien ikasleekin egoteko. 40 bat lagun bildu ziren UNAMeko Che Guevara auditoriumean eta Muguruza bi ordu pasatxo egon zen beraiekin hizketan, bere ibilbide musikala, inspirazioa, esperientziak etab. azalduz. Gurutzne Etxeberria amezketarra da UNAMeko euskara klaseen irakaslea eta bera izan zen Muguruzarekin kontaktatu eta bisita antolatu zuena.

'Nire ikasle batzuentzako Fermin idolo bat da eta bere letrak ulertu ahal izateko hasi ziren euskara ikasten. Biraren berri izan nuenean berarekin kontaktuan jarri nintzen, nire amaren bitartez. Amak Ferminen ama ezagutzen du eta handik gutxira Ferminek berak deitu zidan, euskara klaseei buruz gehiago jakin nahian. Zaila izan da berarentzat tarte libre bat izatea Mexikon, baina izan zuen denbora guri eskaini zigun eta asko eskertzen diogu. Gainera gaueko kontzertuan Big Beñat abestia eskaini zien ikasleei eta esperientzia oso polita izan zen', azaltzen dio Gurutznek BasqueHeritage.com-i.


Lotura interesagarriak

Fermin Muguruzaren webgunea
www.muguruzafm.com

Ollin Kan jaialdia
www.ollinkan.tlalpan.gob.mx

Apirilean eta maiatzean egin berri duen bira
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 16ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia