euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urteroko engaiamendu berarekin ospatu zuten Aberri Eguna Argentinako hainbat euskal etxek

2010/04/15

Olavarriako Gure Etxe Maitia Euskal Etxeko batzorde berriak Aberri Eguna ospatu zuen (argazkia Ma. Ester Arrondo)
Olavarriako Gure Etxe Maitia Euskal Etxeko batzorde berriak Aberri Eguna ospatu zuen (argazkia Ma. Ester Arrondo)

PUBLIZITATEA

Apirilaren 4an gauzatu ziren Euskal Herrian Aberri Eguneko ospakizunak. Argentinako erakunde askotan Euskal Herrian ospatu zen egun berean edo bezperan egin ziren ekitaldiak. Beste batzuek, berriz, eta jadanik finkarua den ohiturari jarraituz, ospakizuna astebete atzeratu nahiago izan dute Aste Santuan instituzioetako kide asko kanpora joaten baitira oporraldi laburraz disfrutatzera. Mota askotako ekintzak prestatu zituzten euskal etxeek egun honen esanahia jakinarazi eta aldarrikatzeko baina guztiek antzeko mezuak eman zizkioten komunitateari: Euskal Herriaren alde lan egiten jarraitu behar dela. Aberri Eguneko ospakizunen informazio itoginarekin segituz, gaur Pehuajoko Etxe Alai, Mar del Platako Denak Bat, Chivilcoyko Beti Aurrera eta Olavarriako Gure Etxe Maitia-ren ospakizunen berri.

Pehuajo, Argentina. Jendetsua izan zen oso Pehuajo herrian apirilaren 6an egin zen zeremonia. Goizeko hamaiketan, “Lagunak” izeneko pasealekuan lagun anitz bildu ziren Etxe Alai euskal etxeak egindako deialdiari erantzunez. Han erakundeko kideek Argentinako bandera eta Ikurriña mastan ipini zituzten eta bi herrialdeetako ereserkiak abestu. Ondoren, euskal etxeko lehendakaria den Maria Isabel Suarez de Gardes-ek hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei. Gardes-ek azaldu zuen Aberri Eguna Euskal Herriko autodeterminazioaren aldarri eta lurralde batasunaren ikurra dela eta eskaera hori gaur egun ere egitea ezinbestea dela. Horretaz gain, Etxe Alai-ren buruzagiak euskaldunek arbasoen ideialen alde lan egiten jarraitu behar dutela adierazi zuen, batasunerako eta partaidetzarako deia eginez.

Segidan, “Lagunak” pasealekuan bertan haritz bat landatu zuten euskal etxeko kideek; gero, orain Pehuajon bizi diren Euskal Herriko emakume batzuek immigrazioari buruzko istorioak eta gerra zibilaren garaiko bizipenak kontatu zituzten. Euskal abestiek jarri zioten amaiera zeremoniari. Euskal etxeko kideek herriko erakundeetako ordezkarien agurra jaso zuten.

Mar del Plata: "Herri baten mina gogoratzen da gaur"  

Mar del Plata kostaldeko hirian mus txapelketa, pilota partidak eta hedabideetara bidalitako komunikatuekin ospatu zen Aberri Eguna. 'Egun hau Euskadiren askatasuna eta bakearen aldeko borrokan euren bizitza eman zuten emakume eta gizonei egiten diegun omenaldia da. Herri osoaren mina gogoratzen da aldarrikapen honetan, laburra bezain mingarria den aldarrikapen honetan', azaldu zuten Denak Bat Euskal Etxekoek.

Testuinguru honetan, Mar del Platako euskaldunek Elvira Kortajarena Euskadiren Argentinako Ordezkariaren bisita jaso zuten. Kortajarenak euskal etxeko egoitza ezagutu zuen eta bazkaria partekatu etxeko kideekin (ikus hemen). Biharamunean, esan nahi baita apirilaren 11ean, Pedro eta Cecilia Santuen Katedraleko mezan hartu zuten parte Denak Bat-ekoek eta Beti Alai dantza taldeak ikuskizun bat eskaini zuen, lagun arteko bazkariaren aurretik.

Chivilcoy-n eta Olavarrian

Beti Aurrera Chivilcoyko Euskal Etxeak Aberri Egunarekin batera urteko lehenengo jai eta afaria gauzatu zuen. 200 bat pertsona bildu ziren egoitzako areto nagusian, larunbat gauez, tartean herriko alkatea den Anibal Pitelli. Beti Aurrera-ko emakumeek eta orokorrean etxeko partaideek, beren gain hartu zuten afaria antolatu eta aurrera eramatearen ardura. Jaiak goizeko ordu txikiak arte iraun zuen Jorge Zunino musikariak akordeoiaz lagunduta. Suipacha eta Saladilloko euskal etxeko lagunak bertaratu ziren Chivilcoyra ospakizunean parte hartzera.

2010eko Aberri Eguna Chivilcoy-en

[Chivilcoy-ko Beti Aurrerak 200 bat pertsonentzako afaria antolatu zuen Aberri Eguna ospatzeko (argazkia EE)]

Olavarrian, Gure Etxe Maitia-ko batzorde berria pixkana ari da berriro euskal etxea martxan jartzen. Eta Aberri Eguneko ospakizuna oso aukera ona izan zen komunitateak euskal etxeko jendearen ahaleginak ikus zitzan. Apirilaren 11an San Jose elizan egindako meza batekin hasi zuten eguna Olavarriakoek. Meza ondoren, eta elizaren aurrean, Ana Guazzone Elortegui etxeko batzordekideak Euskal Herriari buruz hitz egin zuen. Dantzariek ere hartu zuten parte. Txikien taldeak txalo zaparrada politak kendu zizikion gerturatutako jendeari euren dantzekin. Ekitaldira herriko euskaldun ezagunak ere bertaratu ziren, Caito Calderón, Hernán Orsi, “el vasquito” Belaunzaran, Raúl Villarreal bere senidearekin, Carmen de Urrutia, María Magdalena eta Marcelina Agesta Vergara, Andrea Boado, Marcela Elortegui eta Valeria Guazzone, batzuk aipatzearren. Meza eman zuen apaizak, euskal jatorrizkoa bera ere, berpizten ari den erakundeari laguntza eskaini zion.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia