euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paraguaiko euskal frantziskotarrei buruzko liburu bat aurkeztu zen atzo Asuncion-en, Jone Lunak idatzia

2013/09/19

Liburuaren azala eta egilearen argazkia. Liburua atzo zurkeztu zuten Asuncion-en gaiari lotutako hiru doktorek
Liburuaren azala eta egilearen argazkia. Liburua atzo zurkeztu zuten Asuncion-en gaiari lotutako hiru doktorek

PUBLIZITATEA

Atzo aurkeztu zen hiriburu paraguaitarrean 'Franciscanos vascos en Paraguay, un estudio antropológico' (Euskal frantziskotarrak Paraguain, ikerketa antropologiko bat) liburua, Jone M. Luna Miranda euskal antropologo eta historialariak idatzia. Ramiro Dominguez doktoreak aurkeztu zuen Paraguaiko Elkarte Indigenistan (AIP) eginiko ekitaldia eta bertan aritu ziren hizlari bertako presidente Ricardo Moreno Azorero doktorea eta Nilo Damián Zárate doktorea, azken hau Asunciongo Unibertsitate Katolikoko Ikerketa Antropologikoen Zentroko zuzendaria. Liburuak antropologia eta misionogiaren arteko harremana aztertzen du Paraguaiko euskal frantziskotarren kasuan eta egileak 2004-2009 bitartean eginiko zenbait lan biltzen ditu, oinarri dituela Paraguain bertan eginiko hainbat elkarrizketa, bereziki bertako euskal frantziskotarren erdigune izan ziren Asuncion eta Villarrican.

Asuncion, Paraguai. Liburuaren egilea, Jone Luna Miranda, Filosofia eta Letretan eta Antropologia Sozialean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta musikoterapueta, eta hurbiletik ezagutzen ditu Paraguaiko zenbait euskal errealitate, baita ere Argentina eta Uruguaiko beste batzuk, bertako euskal etxe batzuk bisitaturik.

Atzo aurkeztutako liburua,k egileak 2004-2009 bitartean gai frantziskotarrari buruz argitara emaniko zenbait lan biltzen ditu eta aurrekari argia izan zuen, esaterako, Jone Lunak Asunciongo Unibertsitate Katolikoaren Antropologia Gehigarrian 2009an argitaratutako 'Franciscanos vascos en Paraguay, historias de vida' (Euskal Frantziskotarrak Paraguain, bizitza istorio) artikulua. Gaiaz egundaino plazaratutako biobliografiaz gain, Paraguain eta Euskal Herrian eta estatu espainiarrean eginiko elkarrizketak dira ikerlan honen oinarri, euskal antropologoak berak "ordu askotakoak eta bereziki sakon"tzat jotzen dituenak, "Paraguain denbora dezente eman zuten frantziskotar bakoitzarekin" egindakoak, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Antropologia eta misionogia

Azaltzen digu Jone Lunak Bilbotik --ezin izan zuen Asunciongo aurkezpean egon-- liburuan saiatu izan dela "beharbada ezezagun, eta batzuetan delikatu ere baden gai bat, antropologia eta misionogiaren arteko harremana" ukitzen, "aita Zanardinik dioen moduan, elkarrekiko mesfidantza eta indiferentziatik, emeki hurbiltze eta elkarsolasterako bidea egin zuten bi errealitate. Honi dagokionez, interes handia sortu dizkidate bizi-eskarmentuek, euren bizitza istorioek". "Gogoan behar da hartu misiolarien formakuntza oso bestelakoa dela gaur egun: egun ikasgai antropologikoak sartzen dira, hizkuntza ezezagunen ikasketa eta misiolariak doazen kulturetako zenbait alderdiren eta euren bizitzaren ezagutza. Baina Vatikano II (1962-65) Kontzilioaren aurretik, ez zen batere honela. Gauzak bestelakoak ziren oso. Batere jakin gabe bidaltzen zituzten misiotara, nora zihoazen jakin gabe, ezer jakin gabe. Hutsetik behar zuten hasi. Horregatik, ikustea eta ikertzea nola egin zioten aurre horri guztiari burutu dudan ikerlan honetan interesgarrien egin zaidan gauza izan da", gehitzen du.

Amerika eta Europa artean egindako liburua, informazioa biltzeko zailtasunetako bat distantziena izan du, "bereziki elkarrizketatuen ubikazioa. Non zeuden jakin eta elkarrizketatu egin behar izan ditut Espainia eta Paraguaiko zenbait komentutan. Eta honek denbora eta dirua nahi du esan. Gero, batzuetan euretako batzuk uzkur erantzun diote solasteko proposamenari, nahiz eta orokorrean oso eskarmentu ona izan dudan, batez ere oso gizatiarra". "Beste arazo bat ikerketaren teknikak berak ekarri ohi du: elkarrizketak oroimena dauka oinarri eta hau batzuetan ahula izan daiteke, beraz alderatu beharra dago".

Interesa gaiarekiko, familia loturak medio sortu zitzaion Jone Lunari. "Nire senarraren osaba bat frantziskotarra zen eta ia bi hamarkada egon zen Paraguain misiolari. Nire historialari eta antropologo formakuntzak erakarri ninduen euskal frantziskotarren presentzia ikertzera Paraguain". Ikerlan hau egin ahal izateko jasotako sostenguez, asko izan direla esaten digu Bilbotik egileak, "bereziki pertsonalak", "frantziskotarrez gain, Paraguai bertako beste ikerlari batzuek emanak (Margarita Durán, Ramiro Domínguez, aita Zanardini-eta) edo hemengoak (Juan Antonio Rubio-Ardanaz) eta Paraguaiko frantziskotarrei lotutako beste pertsona batzuk. Diru/material aldetik, Eusko Ikaskuntzaren sostengua izan dut bere sailetako laguntzen bidez, kasu honetan Etnografia eta Antropologia sailetik", bukatzen du.


-Jone Luna Mirandaren 'Franciscanos vascos en Paraguay, un estudio antropológico' liburuaren argitaratzaile izan da "Centro de Estudios Antropológicos de la Universidad Católica de Asunción" (CEADUC) ikastegia. Hona euren emailak: ceaduc@uca.edu.py o ceaduc@gmail.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia