euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Mugak zeharkatuz' izenpean Katalina Erausoren bizitzaren musika bidezko ibilbidea taularatu dute Berlinen

2021/11/23

Katalina Erauso donostiarra, 'Moja alferez' ezizenez ezagun egin zena, gogoratu dute azaroan Berlinen, ikuskizun berezi batean
Katalina Erauso donostiarra, 'Moja alferez' ezizenez ezagun egin zena, gogoratu dute azaroan Berlinen, ikuskizun berezi batean

PUBLIZITATEA

Berlin, Alemania. Katalina Erausoren (Donostia, 1585 - Cuitlaxtla, Mexiko, 1650bizitzaren musika bidezko ibilbidea aurkeztu dute hilabete hasieran kontzertuan hiriburu alemanean, XVII. mendeko musika joz, euskal jotzailerik ere bildu duen emanaldi batean. Kontzertua Friedenau antzinako musika jaialdiaren bigarren edizioaren baitan eskaini da, edizioaren gaia zen 'Urrezko 20ak'-en ildotik, eta gogora ekarri da Berlin 20. hamarkadan "Europako gay hiriburua" gisa zela ezaguna, LGTB+ kolektiboko kideak gainerako lekuetan baino askatasun handiagoz mugitzen baitziren. Eta kolektiboan atzera eginez, Katalina Erauso euskaldunaren figura, gogora ekartzeko moduko erreferentzia bezala agertu eta, Berlingo Euskal Etxea eta musikariak lankide, programaratu egin zen.

Euskal etxe berlindarreko lehendakari Ainhoa Añorgak azaltzen digunez, historian atzera egin eta "Katalina Erausoren bizitzan oinarrituz, musikariek Euskal Herria, Espainia, Txile, Peru eta Mexikoko 17. mendeko musika programa ederra prestatu eta jo zuten. Nathalia Valdés aktoreak Katalina bera eta garai hartan Amerika hegoaldean bizi ziren biztanleak gorpuztu zituen, pertsona trans baten bizitza gogoratuz".


Lagina: Crossing Borders, Katalina Erauso, Mugak zeharkatuz Alte Musik Fest Friedenau 3' 50"

Ekitaldia azaroaren 7an gauzatu zen hiriko Kühlhaüs aretoan 'Mugak zeharkatuz' izenburupean, izan ere “herrialde eta genero mugak zeharkatu“ zituen euskaldun hau oroiturik eta "gazte jende andana bilduz antzinako musika entzutera“. “Ordubete inguruko kontzertua izan zen eta entzuleek musikaz gain, taularatze bereziaz gozatzeko aukera izan zuten“, azpimarratu digu askok 'Moja alferez' ezizenarekin ezagutzen duten Katalina Erauso bezala donostiarra den Añorgak.

Kantari eta musikariak

Liane Sadler | Traversoa
Edu Rojas | Kontratenorea
Pedro Alcacer | Lauda, gitarra barrokoa
Julius Lorscheider | Klabitzenbaloa
Mikel Elgezabal-Garmendia | biolontzelo barrokoa
Tilmann Albrecht | Perkutsioa
Nathalia Valdés | Aktorea, taularatzea

Gernika Kulturverein

Bereziki pozik agertu dira Berlingo 'Gernika' Euskal Etxeakoak kontzertu honen sorrera eta emaitzez: “oso ekitaldi berritzailea izan da, gai desberdin asko batu ditu eta oso harrera ona izan du“, laburtu digu euren presidenteak. 

Bestela, urteko azken txanpa honetan, munduko beste euskal etxe asko bezala Euskararen Nazioarteko Eguna du esku artean Berlingo 'Gernika' euskal elkarteak hurren gauzatzeko. Irailaren 8an Diasporaren Eguna ospatu ondoren, irailean 24an lehenengo bilera presentziala egin zuten 2020az geroztik, besteak beste urtea bukatu arteko plangintza egiteko. Berriz elkar ikustea bozkario, bilera ondotik afari-merienda partekatu zuten.

Gaur egun berriz ere Europak eta bereziki Alemaniak atzera egin dute koronabirusean. Egoerak ahalbidetzen duen heinean, euskara ikasleekin, “bai unibertsitateko bai EEko ikasleekin, poesia irakurketa eta txokolatada bat“ egiteko asmotan ospatuko dutela ENE, adierazi digu Ainhoa Añorgak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia