euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

70 bat liburuzainek hartu zuten parte Buenos Airesen Gizatalde Liburutegien III Topaketan, La Platako 'Matxin Burdin' antolatzailekide

2008/07/28

Bilkuran parte hartu zuten liburuzainetako batzuk
Bilkuran parte hartu zuten liburuzainetako batzuk

PUBLIZITATEA

'Oso elkarretaratze positibotzat' jo zuten bertaratutakoek aurten hirugarrenez egin den Gizatalde Liburutegien Topaketa, aurreko biak La Platan --bertako 'Matxin Burdin' Liburutegia antolatzaile--, eta aurtengoa Buenos Airesen, 'Matxin Burdin' eta 'Biblioteca Galega' delakoa antolatzailekide. Izan ere lan handia egiten ari da azken urteotan liburutegi euskal-platensea Argentinako gizatalde edo kolektibitate liburutegiak bil daitezen, arazo amankomunak elkarrekin solastu eta aurrerabidean jar daitezen. Aurtengo bilerako proposamenen artean, zerrenda elektroniko propioa sortzea elkarren arteko komunikazioa hobetzeko. Datorren urteko elkarretaratzeari begira, Buenos Aireseko 'Jardin Japonés' liburutegia aipatu zen egoitza legez.

Buenos Aires, Argentina. Gizatalde Liburutegien III. Topaketa, 'Matxin Burdin' liburutegiak eta Buenos Aireseko 'Biblioteca Galega'-k antolatuta, ekainaren 7an egin zen Buenos Airesen, Liburutegi Galegoaren egoitzan. Topaketak kide ugari bildu zituen, gizatalde liburutegien mugimendu hau lortzen ari den arrakasta hazkorrarren seinale.

Bertan ordezkatuta zeuden, besteak beste, gizatalde andaluziarra, brasildarra, kataluniarra, friuliana, galegoa, japoniarra, judutarra, lituaniarra, ukrainarra, uruguaiarra, poloniarra, errusiarra, bielorrusiarra eta euskalduna. Hauetaz gain, gizatalde liburutegietan lan egin ez baina gaian daukaten interesagatik bertan egotea eskatu zuten beste hamabost liburuzain ere hurbildu ziren bilerara. Guztira 70 bat lagunek parte hartu zuten bilkuran, adierazi diote EuskalKultura.com-i 'Matxin Burdin'eko arduradunek.

Irakurtzeko ohitura sustatzea haurren artean

Topaketaren hasieran Francisco Lores Elkarte Galegoko presidenteak, ongietorria eman zien bertaratutako guztiei. Bere mintzaldian irakurmenaren garrantzia eta funtsezko gain honi buruzko gogoeta sakonen beharra azpimarratu zuen.

Presidentearen hitzen ondoren, hizlariek gai desberdinak jorratu zituzten, besteak beste umeen artean irakurketa eta ekintza kulturalak sustatzea, ikerketa eta lan bolondresa nola zabaldu, eta liburutegiak nola nabarmendu eta ikustarazi erakundeen testuinguruan. Hizlariak honakoak izan ziren: Buenos Aireseko Liburutegi Galegoko Hernán Díaz; La Platako Euzko Etxea-ko “Matxin Burdin” Euskal Liburutegiko Maria Fernanda Astigarraga; Argentinar-Japoniar Kultur Fundazioko Ayako Kishimoto; Bahía Blancako Unión Vasca Euskal Etxeko Nerea Grassi; Argentinar Errepublikako Liburuzain Tituludunen (Asociación de Bibliotecarios Graduados de la República Argentina) elkarteko Rosa Monfasani; Ikerketen Institutu judutarreko Rodolfo Compte, Silvia Hansman eta Ester Szwarc; eta Rio Gallegoseko elkarte galegoko Luciano Dominguez Lameiro.

Posta zerrenda harremanetan egoteko

“Bilerak emaitza oso ona izan du, arras pozik gaude", laburbildu dute konklusioei buruz galdetutakoan ‘Matxin Burdin’ Liburutegiko arduradunek. Emaitzen artean, harremana hobetu eta areagotuko duen "zerrenda elektroniko bat --bibliotecasdecolectividades@gruposyahoo.com.ar-- sortu dugu, komunikazioa errazteko eta informazio eta proposamen berriak hedatzeko. Jardunaldi osoan, partehartzaileek argi eta garbi erakutsi zuten proiektuarekiko euren atxikimendua”, azaltzen du. Eguna mintzatzen, entzuten, adosten eta emaitzak ateratzen eman ondoren, iluntzerako lana bukatuta, gonbidatuek elkarte galiziarraren liburutegia eta Argentinako Emigrazio Galegoaren Museoa bisitatu zituzten.

Bileran proposatu zen datorren urteko IV. Topaketa Buenos Aireseko Jardín Japonés-eko liburutegian egitea. La Platako Euzko Etxearen webgunean laster argitaratuko dira III. Topaketaren txostenak.

Lotura interesgarriak

La Platako Euzko Etxearen webgunea
www.centrovasco.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia