euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kolektibitateen Liburutegien III. Topaketa ekainaren 7an egingo dute Buenos Aireseko Liburutegi Galegoan

2008/04/01

Iazko edizioko irudi bat, kolektibitate judutarreko ordezkariaren mintzaldia La Platako Euzko Etxearen egoitzan (argazkia CentroVasco.com)
Iazko edizioko irudi bat, kolektibitate judutarreko ordezkariaren mintzaldia La Platako Euzko Etxearen egoitzan (argazkia CentroVasco.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako euskal etxeetako liburutegiak lan handia egiten ari dira herrialde honetako kolektibitateen liburutegi eta artxiboen sustapenaren aldeko mugimenduan. Bi urtez segidan La Platako Euzko Etxea-ko Matxin Burdin Liburutegia izan da Argentinako Kolektibitateetako Liburutegien topaketetako eragile eta antolatzaile. Aurten egina da jadanik III. Topaketarako deia, ekainaren 7an izango da Buenos Airesen, Liburutegi Galegoaren egoitzan. Bertan euren esperientzia azaldu nahi dutenek hilaren 16a bitartean dute mintzaldietarako proposamenak aurkezteko epea.
Euzko Etxea-ko Matxin Burdin liburutegiak gonbidapena bidali die Argentinako euskal etxeetako arduradunei Kolektibitateetako Liburutegien III. Topaketan parte har dezaten. Topaketara herrialde honetan bizi diren bateko eta besteko kolektibitateen liburutegietako kideak bilduko dira, elkar ezagutu eta talde hauen memoria eta dokumentazio historikoa gordetzeko bideak aztertzeko.

Bi urtez La Platan egin ondoren, III. Topaketa hau Buenos Airesera ekarri da eta bertako Liburutegi Galegoa izango du egoitza, ekainaren 7an. Matxin Burdin Liburutegiko iturriek azaldu dutenez bilera goizeko bederatzietatik arratsaldeko lauretara garatuko da. Behin-betiko egitaraua oraindik zehaztu gabe dago, baina antolatzaileek argitu dutenez aurreko bi edizioen ildotik joango da, orain artean eginiko lanaren segimendua eginez eta segida emanez.

Mintzaldiak aurkezteko epea hilaren 16a

Topaketa liburuzainei, liburutugien arduranei eta kolektibitateetako erreferenteei zuzenduta dago. Antolatzaileek azaldu dutenez, bertan mintzaldia eskaini eta euren esperientzia azaldu nahi dutenek proposamenak hilaren 16a baino lehenago bidali behar dituzte, topaketaren egitarauan sartu nahi izatekotan.

Elkarretaratze honen helburuak kolektibiteetako liburutegien arloan lan egiten duten lagunek elkar ezagutu eta aurreko edizioetan egindako harremanetan sakontzea da, liburutegi partaideen funtzionamenduari buruzko informazioa partekatzeko. Antolatzaileen asmoa topaketa honekin kolektibitateetako liburutegien sendotze eta hazkundea sustatzea da eta proiektu berriei ekiteko sormena bultzatzea. Era berean liburutegiek proiektu amankomunak garatzeko aukera berriak aztertuko dituzte.

Parte hartu edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek antolatzaileekin harremanetan jarri beharko dute, hemen:

Buenos Aireseko Liburutegi Galegoa-Biblioteca Galega de Bos Aires
Federación de Asociaciones Gallegas
Chacabuco 955 - 1er Piso Tel. (011) 4300-1790
Ciudad Autónoma de Buenos Aires - (1069)
E-maila: bibliogalegabosaires@yahoo.com.ar
Webgunea: www.fsgallegas.org.ar

Arduraduna:
Analía Álvarez González liburuzaina

Matxin Burdin Liburutegia
Centro Vasco Euzko Etxea
Calle 58 y 14 - La Plata (1900)
Tel./Fax: (0221) 457-1638
E-maila: bibliotecacentrovasco@yahoo.com.ar
Webgunea: www.centrovasco.com

Arduradunak:
María Fernanda Astigarraga liburuzaina
Gladys Medina liburuzaina

Lotura interesgarriak

Aurreko edizioetako egitarau eta ondorioak ('biblioteca'n klik egin)
La Platako Euzko Etxearen webgunean

'Matxin Burdin', 2. topaketaren egoitza
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia