euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribek poesia eta musika errezitaldia eskainiko du bihar Madrilgo CaixaForum aretoan

2008/07/02

Ezkerretik eskuinera, Kirmen Uribe, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabal
Ezkerretik eskuinera, Kirmen Uribe, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabal

PUBLIZITATEA

Kirmen Uribe idazleak poesia errezitaldia eskainiko du bihar Madrilgo 'CaixaForum' zentroan, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal euskal musikariekin batera. Ondarroarra espainiar hiriburuan aritu zen otsailean, hain zuzen ere, gizarte eta kultur zentro berri horren inaugurazio ekitaldian parte hartzeko. Ekimenean hiru poema irakurri zituen, euskaraz eta gazteleraz, eta txalo zaparrada polita jaso zuen. Lau euskal artistek beste erakustaldi bat egingo dute hilaren 23an Bartzelonan (Katalunia).

Madril, Espainia. Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal euskal artistek osatutako laukotea 2003ko martxoan bildu zen New Yorkeko zenbait lokaletan bira labur bat egiteko. Mikel Valverde ilustratzailea ere amerikar lurraldera abiatu zen taldearekin batera eta Estatu Batuetako hiri handi honetako esperientzia kontatzeko 'Zaharregia, txikiegia agian' CD-liburuan bildu zuten. Gainera, Arkaitz Basterra errealizadoreak birako pasarteak grabatu eta 'Agian.Maybe' dokumentala egin  zuen. Lan hau Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten 2006. urtean.

Azken hilabeteetan laukotea Alemanian eta Irlandan aritu da lanean eta bihar bertan espainiar hiriburuan geldialdia egingo du 'CaixaForum-Madril' gizarte eta kultur zentroan poesia eta musika errezitaldia eskaintzeko. Eraikuntza iragan otsailean inauguratu zen eta beste zenbait poeten artean Kirmen Uribe gonbidatu zuten. Ondarroarrak bere hiru poema errezitatu zituen euskaraz eta gazteleraz: 'Kokua' eta 'Txoriak neguan' eta 'Jaiotza' lan berriak. Aretoa jendez gainezka egon zen eta azkeneko poema honek txalo zaparrada polita ekarri zion Uriberi aurkezpenera bildutakoen artetik.

Euskal poetarekin batera, maila handiko beste zenbait espainiar artista aritu ziren, hala nola, Angel Gonzalez, Luis Garcia Montero, Francisco Brines, Andres Trapiello, Chantal Maillard eta Luisa Castro. Bestalde, artista euskaldunak Bartzelonara abiatuko dira hilaren 23an kataluniar hiriburuko 'CaixaForum' zentroan beste poesia errezitaldi bat eskaintzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia