euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribek New Yorken aurkeztu du 'Bitartean Heldu eskutik' poema liburuaren ingelesezko edizioa

2007/04/11

Kirmen Uribe eta Elizabeth Macklin poeta New Yorkeko aurkezpenean (argazkia Charlie Lonegan)
Kirmen Uribe eta Elizabeth Macklin poeta New Yorkeko aurkezpenean (argazkia Charlie Lonegan)

PUBLIZITATEA

Kirmen Uribe poeta ondarroarra New York dago egunotan, 'Bitartean heldu eskutik' poema liburuaren ingelesezko edizioa aurkezteko irakurtaldi batzuk eskainiaz. Astelehenean izan zen lehen ekitaldia, Manhattango Teachers and Writers Collaborative elkartearen egoitzan. Astean zehar aurkezpen gehiago egingo ditu Uribek, New York eta inguruko zenbait unibertsitate eta liburudendetan. Poema liburuak Meanwhile Take My Hand izenburua hartu du ingelesez eta euskaratik itzuli du Elizabeth Macklin poeta estatubatuarrak.
Aurkezpenean Uriberen ama, Nerea bere neskalaguna eta Wally Shawn aktorea egon ziren, besteak beste. Wally Shawnen aita, William Shawn, The New Yorker aldizkari ezagunaren editorea izan zen 1952 eta 1987 urtea bitartean. Aktore ezaguna da Shawn, The Princess Bride eta Toy Story dira bere filmeetako batzuk, eta hainbat antzezlan ere idatzi ditu.

Azken urteotan Uribek hainbat bisita egin ditu New Yorkera, kontzertuak eta irakurtaldiak eman ditu Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderekin osatutako taldearekin eta bere poema ugari The New Yorker bezalako aldizkarietan agertu dira. Asteleheneko ekitaldian Uribe pozik agertu zen, lau urteko lana eta gero, bere ahaleginek fruitua eman dutelako.

Izan ere Graywolf editoriala bera izan zen idazlea kontaktatu eta 'Bitartean heldu eskutik' liburua itzuli eta Estatu Batu eta Kanadan argitaratzeko proposamena egin ziona. Gainera, itzulpena egiteko Pen Club idazle elkartearen beka bat izan du Elizabeth Macklinek.

John Updike eta César Vallejo alboan

New Yorkera heldu bezain pronto Uribe eta bere neskalaguna hiriko liburutegi handietara joan ziren --'beldur pixka batekin'-- liburua bertan salgai ote zegoen ikustera. Eta aurkitu zituzten Meanwhile Take My Handen hainbat ale salgai, John Updike eta César Vallejo poetaren lanen artean aurkitu ere. Bere liburua poeta handi hauen alboan ikusteak zur eta lur utzi omen zuen euskal poeta, Radio Euskadiri azaldu zioenez. [Ezkerreko irudian 'Bitartean heldu eskutik'-en ingelesezko edizioaren ale batzuk (argazkia C.Lonegan)]

Uribe pozik agertu zen 'lehen aldiz euskaraz idatzitako liburu bat zuzenean euskaratik ingelesera itzulia izan delako', argitaletxe garrantzitsu baterako gainera. Liburuaren esanguraz aparte, Estatu Batuetako argitaletxe garrantzitsu batek argitaratu izana euskal literaturarentzat ere aurrerapauso bat dela esan zuen idazle ondarroarrak.

New Yorkeko itzultzailea

Aurkezpenean Uribek liburuko poema batzuk irakurri zituen, euskaraz eta ingelesez, Elizabeth Macklin, liburuaren itzultzailea alboan zuela. Macklin bera poeta da eta A Woman Kneeling in the Big City (1992) eta You’ve Just Been Told (2000) liburuak argitaratu ditu. Bilbon eta Lazkaon ikasi zuen euskara. [Eskuineko irudian Elizabeth Macklin Kirmen Uriberekin New Yorken eginiko aurkezpenean (argazkia C. Lonegan)]

Poughkeepsie-n (New York) jaiotako idazlearentzat Uriberen poesia 'narratibo xamarra' da eta horrek itzulpena erraztu egiten du. Hala ere arazo batzuk sortzen dira, adibidez ingelesez ulertu ezinak diren hitz jokoak edo hiztegia bera. 'Ondarroako hitz bat agertzen denean 'eta hau zer da?' galdetu behar diot', esan zuen Macklinek. Gustukuen dituen poemak zeintzuk diren galdetzean 'Txoriak neguan' edo 'Maiatza' aukeratzen ditu New Yorkeko idazleak.

Hilaren 25ean Kirmen Uribek World Voices (munduko Ahotsak) jaialdian hartuko du parte, Henrik Nordbrandt danimarkarra edo Francesc Parcerisas katalana bezalako autoreekin batera. Jaialdi hau Estatu Batuetako Pen Clubak antolatzen du.


Lotura interesgarriak

Kirmen Uriberi buruzko informazio gehiago
Literaturaren Zubitegian

'Bitartean heldu eskutik'-ek kritika onak jaso ditu AEBtan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 26ean

Uribek AEB eta Kanadan argiratuko du 'Bitartean, heldu eskutik'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urtarrilaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia