euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBetako Urrizaga familia arnegitarrak Nevadara bilduko ditu bere baitango hainbat ahaide uztailaren 17tik 19ra

2008/07/02

Arnegi-Ondarrolako Zeztaua-tik (biribilean) partitu ziren Ameriketara Urrizagatarrak (arg. EuskalKultura.com)
Arnegi-Ondarrolako Zeztaua-tik (biribilean) partitu ziren Ameriketara Urrizagatarrak (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ipar Ameriketako Urrizaga --edo ahaideetako beste batzuk idazten dutenez, Urizaga-- arnegitar jatorriko familiak bilkura antolatu du heldu den uztailaren 17, 18 eta 19an Nevadako Reno aldean (AEB), XX. mende hastapenean herri baxenabartar horretako Ondarrola auzoko Zeztaua etxetik Estatu Batuetara pasatu ziren Pierre Urrizagaren eta bere anaia-arreben ondorengo euskal-amerikarren biltzaile.
Reno, Estatu Batuak. Gonbidapena, Pierre Urrizagaren lehenengo alaba amerikanoa izan zen Florance (Urizaga) Camino zenaren alabek luzatu dute eta bederen Kalifornia, Nevada, Wyoming, Montana eta Idahotik espero dira jendeak. Urrizagatarren adar ipar-amerikarra biltzen den lehenengo aldia izanen da hau eta ekitaldiak Lake Tahoe-n, eta Reno eta Gardnerville herrietan eginen dira. Lo egiteko erreserbazioneak, bestalde, Renoko El Dorado kasinoan egin dira.
Deialdira bildutakoei, familiaren arbola genealogikoa banatuko zaie eta t-shirt bat ere prestatu da, Zeztaua etxearen irudiarekin eta elkarretaratzearen datarekin. Bilduko direnak elkar ezagutzeko edo elkar berriro agurtzeko aukera izanen dute eta, besteak beste, asteburu horretan Renoko euskal pikinikean parte hartu eta Gardnervilleko JT jatetxe euskaldunean afalduko dute, Gardnerville bertako Overland ostatutik ere pasatu ondotik [familiako adar bati lotua da John Etchemendy-k hasi zuen Carson haraneko herri honetako Overland euskal ostatua, egun Elvira (Diaz de Mendivil) Cenoz mutrikuarrak gobernatua].
Deialdira bertaratu nahi duten Ameriketako edo Europako Urrizaga (Urizaga) deituradunek egiten ahal dute oraindik, honako helbidera idatziz: kcamino@unr.edu.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia