euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Leonardo Egiazabal uruguaiarra eta Sabrina Otegui argentinarra, Diaspora 2 taldeko lehenengo EGAdunak

2008/07/02

Leonardo Egiazabal eta Sabrina Otegui Maizpide barnetegiko lehio batean (arg. EuskalKultura.com)
Leonardo Egiazabal eta Sabrina Otegui Maizpide barnetegiko lehio batean (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urtarrilean heldu ziren Euskal Herrira, HABEk sustatzen duen Euskara Munduan programaren baitan Lazkaoko Maizpiden euren euskara maila ahalik eta gehien hobetzeko asmoarekin. Helburuen artean EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) lortzea zegoen, hasieran ametsa besterik ez izan arren. Gaur, sei hilabete pasa ondoren, ametsa bete dute bi euskara ikasle-irakasle hauek eta EGA lortuta etxerako bidean dira bertan ikasitakoa euskal etxeetan zabaltzeko asmoz. “Euskal Herritik kanpo, Diasporan, euskara ikastea nire ustez meritu handiko gauza da", dio Jon Urdangarin Maizpideko irakasleak. "Honelako ikasleak izatea gauza handia da guretzat".

Lazkao, Gipuzkoa. Argentinan Euskaraz proiektuaren bidez, joan den urtarrilean Argentina eta Uruguaiko 23 euskara irakasle etorri ziren Lazkaoko Maizpide barnetegira, HABEk eta Euskal Argentinar Erakundeen Federakuntzak (FEVAk) bultzatutako lau urteko trebakuntza programa bukatzeko.  Diaspora dagoen herrialdeetako unibertsitateetan euskararen presentzia eta irakaskuntza garatzen jarraitzeko asmoarekin, talde honetako zortzi irakaslek beraien egonaldia ekaina arte luzatu dute, HABEko bigarren perfila, EGA titulua edo HABEko hirugarren perfila eskuratu asmoz. Euretako bik, Leonardo Egiazabal Montevideoko Haize Hegoa euskal etxeko kideak eta Sabrina Otegui Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskal etxekoak helburu hori lortu dute eta taldeko lehen EGAdunak bihurtu dira.

Diasporako Egadunak 2

[Ezkerretik eskubira: Sabrina Otegui, Marian Bidegain Maizpideko zuzendaria, eta Leonardo Egiazabal]

“Gure asmoen artean unibertsitatean euskara irakastea dago eta horretarako gure euskara maila adierazten duen agiria behar dugu", azaltzen dio Euskalkultura.com-i Leonat Egiazabalek. "Bestalde, nire bizitzan, EGA lortzea prozesu luze baten ondorio izan da: urte asko daramatzat euskara ikasten, beraz, oso garrantzisua izan da orain emaitza hau lortzea.”

“EGA ateratzea erronka bat zen niretzat", onartzen du bere aldetik Sabrina Oteguik. "Badakit azterketek ez dutela beti ondo neurtzen batek dakiena, baina titulua lortzeak segurtasuna ematen dizu eta, jakina, animatu egiten zaitu, ikasten jarraitzeko behar duzun indarra emanez, jakin badakigu-eta hemen ez dela bukatzen gure ikaskuntza prozesua”.

Diasporan ikastearen meritua

“Euskal Herritik kanpo, Diasporan, euskara ikastea, meritu handiko gauza da nire ustez", emendatzen du Jon Urdangarinek, remotoko edo urrutiko irakaskuntza arduradunak. "Izan ere, meritu handia ematen diot hizkuntza bat oso gutxi entzunda, gogoz ikasten hasten denari, eta ahalegin horri urtez urte eusten dionari. Kurtso remoto deitzen diogun honetan emaitza onak lortu ditugula esango nuke. Harro sentitzen naiz beraz, eta jakin badakit Sabrina eta Leonat-en ondotik Diasporako gehiago etorriko direla euren bide bera eginez".

Diasporako EGAdunak 3

[Jon Urdangarin irakaslea eta Sabrina Otegui euskal argentinarra]

"Euskal Herrira etorri zirenean gutxi gorabehera hemengo ikasleek lortzen dituzten antzeko emaitzak lortuta zeuzkaten. Bagenekien helburua zail samarra izango zela baina erdietsiko zuten esperantza bagenuen eta, ikusi dugunez, bai Sabrinak bai Leonardok ekaina iritsi baino lehen lortu dute. Zer esango dut, ba… ikasi duten hori guztia erabil dezatela besteei irakasteko. Beraien irakaslea izanik, niretzat harro egoteko moduko zerbait da, hizkuntza beti norberak ikasten du, ez da gure meritoa, ikasleena baizik, baina, horrelako ikasleak izatea guretzat gauza handia da eta emaitza lortzen denean, guk ere pentsatzen dugu zertxobait egingo genuela, harro eta pozik sentitzen gara eta ziur gaude ez direla EGA lortzen azkenak izango”.




« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia