euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txinako euskaldunek saria eman diote Juanito Sarasolari, Shanghaiko Euskal Etxea sortzen egindako lanagatik

2009/02/18

Juanito Sarasola, erdian, Urrezko Abakoa saria eskuetan duela. Bere eskubian Estibalitz Gete, Shanghaiko Euskal Etxeko presidentea, eta ezkerrean Alex Arriola, iazko zuzendaritzako kidea (argazkia Shanghai EE)
Juanito Sarasola, erdian, Urrezko Abakoa saria eskuetan duela. Bere eskubian Estibalitz Gete, Shanghaiko Euskal Etxeko presidentea, eta ezkerrean Alex Arriola, iazko zuzendaritzako kidea (argazkia Shanghai EE)

PUBLIZITATEA

Shanghaiko Euskal Etxeak joan den igandean eman zuen Urrezko Abakoa saria, euskal kultura Txinan eta ekialdean zabaltzen lagundu duten pertsonei omenaldia egiteko sortua. Aurten saria Juanito Sarasola elkarteko kidearentzat izan da: Txinara 2002an heldu zenetik Sarasolak herrialdean lanean ari diren euskaldunak bildu eta Euskal Etxea sortzeko asmoa agertu zuen, eta lortu ere! Sari banatze ekitaldian Sarasolaren omenez Amets Arzallus bertsolariak idatziriko bertso batzuk kantatu zituzten aho batez euskal etxeko lagunek.

Shanghai, Txina. Joan den igandean egin zen ekitaldia eta 30 bat lagun bildu ziren Euskal Etxearen egoitzara. Mikel Usandizagak, Juanitoren Orkliko lankideak eta aurtengo Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kideak, aurkeztu zuen ekitaldia. Sarasolak saria jaso baino lehen hitz batzuk egin zituen, eskerrak emanez bertara hurbildu ziren guztiei eta saria jasotzeak berarentzako suposatzen zuen ohorea azalduz.

Ondoren Euskal Etxeko egungo presidenteak, Estibalitz Getek, aurreskua dantzatu zuen bere omenez. Jarraian presidenteak eta presidente ohiak Urrezko Abakoa eman zioten Sarasolari.

Amets Arzallusen bertsoak

Ekitaldiko une gogoangarrienetako bat Amets Arzallus bertsolariak propio Sarasolarentzat eta ekitaldi honetarako idatzitako hiru bertsoekin heldu zen. Bertara bildu zirenek aho batez kantatu zizkioten bertsook Sarasolari eta honek gustura asko hartu zuen halako opari berezi eta hunkigarria.

Ekitaldiari bukaera biribila emateko, egunero egiten ez den hamaiketako euskalduna egin zuten partehartzaile guztiek Txinako bihotzean: patata tortila, kroketak, arkume txuletilak, entsaladila errusiarra eta gazta dastatzeko aukera egon zen, besteak beste.

Urrezko Abakoa 2009 (02)

[2009 urteko Urrezko Abakoa sariaren emate ekitaldia Shanghaiko Euskal Etxean (argazkia ShanghaiEE)]

Zortzi urte Txinan

Juanito Sarasola 2002an iritsi zen Txinara, Ningbo herrira, Orkli enpresarekin lan egitera. 'Garai horietan ez zen euskal etxerik Txinako lurraldean eta Txinan zehar banaturik zeuden euskaldunak biltzen hastea erabaki zuten euskal etxe bat sortzeko asmotan. Gaur egungo Shanghaiko Euskal Etxearen fundatzaileetako bat da beraz, gure Juanito. Horregatik eta euskal kultura zein euskal etxea mundura ezagutzera egin duen lanagatik erabaki zen berari ematea Urrezkoa Abakoa', azaldu diote Euskal Etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i.

Jarraian Amets Arzallusek eginiko bertsoak:

JUANITO SARASOLA: 2008ko URREZKO ABAKOA

Garai batean Ekialdea zein misterio urruna!
Baina interes komertzialek irentsi zuten lurruna.
Babarrundu da arroza eta, arroztu da babarruna;
Euskal Herria Asian barna espezie bila jarduna,
geroztik hemen zabaltzen doa espezie euskalduna.
 
Espeziean espezialena Hernani edo Lazkao
nungoa ziur ez jakin arren euskalduna bihotz-aho,
zu zara hemen garrantzitsua ez Liu Xiang ez Hu Jintao.
Besteak beste zuk egindako lanarengatik baitago
Euskal Herria txinatarrago ta Txina euskaldunago.
 
Mila zorion eta ohore Juanito gure liderra:
berez janzkera narratsekoa ta gaur zein gizon ederra.
Ningbo hiriko diskoteketan han dago zure posterra,
hitzaren zentzu politenean nahastearren bazterra
tori Urrezko Abakoa ta gure Urrezko Eskerra.
 
Amets Arzallus
2009ko otsailaren 15a



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia