euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gonbite bikoitza Enrique Azurzarentzat Caracasen, bertako Koru Nazionala trebatzen eta topaketa Euskal Etxean

2025/07/09

Euskal Herritik iritsita, Enrique Azurzak "Ahotsak..." koru musika ikuskizuna prestatu eta eskaini zuen zuen Caracasen bertako abesbatzekin
Euskal Herritik iritsita, Enrique Azurzak "Ahotsak..." koru musika ikuskizuna prestatu eta eskaini zuen zuen Caracasen bertako abesbatzekin

PUBLIZITATEA

Caracas, Venezuela. Antolatzaileek gonbidatuta, Enrique Azurza (Tolosa, 1967) musikari eta koru zuzendari ospetsua egon da Caracasen, Venezuelako Ume eta Gazte Koru eta Orkestren Sistema Nazionalaren 50. urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko. Musikari tolosarra bertakoak trebatzen ibili eta "Ahotsak: música coral contemporánea" (Ahotsak, koru musika garaikidea) ikuskizuna prestatu eta aurkeztu zuen Caracasen, 'Simón Bolívar' Koru Nazionalarekin eta 'Juan Bautista Plaza' Erregio Koruarekin. Kontzertuan formazio venezuelatarrek euskal musikagile ezagunen lanak interpretatu zituzten, tartean David Azurza, Xabier Sarasola, Francisco Madina eta Víctor Zubizarreta konpositoreenak.


Victor Zubizarretaren ‘Ama begira zazu’ ezaguna, Caracasen Enrique Azurza zuzendari

"Ahotsak: koru musika garaikidea” uztailaren 4an taularatu zuten Azurzak eta kantari venezuelarrek, Caracasko 'Centro Nacional de Acción Social por la Música' (Musikaren aldeko Gizarte Ekintza Zentro Nazionala) delakoaren Simón Bolívar aretoan. Aukera eta ospatzeko zio esanguratsua zen, eta publiko musikazale eta koruzale ugari bildu zen aretora nazioarte mailako ikuskizunaz gozatzera, tartean, ezin bestela, Eusko Etxeko eta euskal komunitate venezuelatarreko ordezkari eta melomanoak.

Topaketa 'Akelarren'

Caracasko Eusko Etxea eta bere bazkideak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan zuen zuzendari tolosarrak, euskal venezuelarrek ekainaren 24an antolatu zioten harrera eta topaketan. EEko lehendakari Ibane Azpiritxagak egindako ongi etorri hitzetan, euskaldunentzat eta euskal diasporarentzat musikak daukan garrantzia azpimarratu zuen. Eusko Etxeko ‘Alaiak’ Koruak eta Venezuelako Psikologoen Elkartekoak kantatu zuten, euskal eta venezuelar kantutegiko zortzi abesti kantatu ere, Robert Inojosa maisua zuzendari.


Caracaseko Alaiak euskal abesbatza kantari, Azurza Eusko Etxean errezibitzen: 'Maitia nun zira' 


Enrique Azurza EEko Ibane Azpiritxaga lehendakariarekin (ezkerrean) eta Pedro Arriagarekin (eskuinean)

Topaketari amaiera emateko gonbidatu eta anfitrioiek mokadu eta edari batzuk partekatu zituzten Eusko Etxeak duela gutxi inauguratu zuen ‘Akelarre’ taberna berrian. Musikak bakarrik ekar dezakeen elkartasun giro dotore berezia arnastu zen ekitaldian. Azurzarekin batera Ronnie Morales ‘Simon Bolivar’ Kontserbatorioko zuzendaria, Ayari García Koru Nazionaleko gerentea eta Lourdes Sánchez Koru Nazionaleko zuzendaria ere partaide izan ziren, besteak beste, harrera ederrean.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia