euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk baikor begiratzen dio COVID-19ak derrigortuta 2020ak ekarri duen bere ekintza birtualen erabateko hazkundeari

2020/11/13

FEVAk irailean antolatutako musika tailerra
FEVAk irailean antolatutako musika tailerra

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Bi hilabete baino gutxiago geratzen dira urtea bukatzeko eta FEVAren egutegiak oraindik ekintzak dauzka eskaintzeke. Azaroaren 28an eta Gorka Mostajo buru duen Portugaleteko Elai Alai taldea lagun, Dantza Tailerra antolatuko du plataforma birtual baten bidez. Eta ondotik Txistu eta Pandero Tailerra, Marketing Digital Tailerra eta Sukaldaritza Eskola –Itziar Aguirre irakasle– izango dira proposamenak (datak baieztatutakoan gure agendan kontsultatu ahal izango dituzu xehetasunak).

2020. urteari ere berehala ekingo dio Federazioak: urtarrilean Danborrada Tailerra eskainiko du; eta Euskara Munduan programaren Udako Barnetegia, oraindik zein modalitatetan (birtuala edo aurrez aurre) izango den erabaki ez bada ere.

"Inoiz baino biziago"

Pandemia hasi zenetik euskal komunitateak borroka hasi zuen egokitzeko eta egungo murrizketa, itxialdi eta etxeratze egoerari ahalik eta erantzunik onena ematearren. Zalantzarik gabe, eta tokian tokiko konfinamenduen ezaugarriak berdinak izan ez arren, urte zinez gogorra izan da munduko euskal etxeentzat. Izan ere ezin izan dituzte euren ohiko jarduerak egin eta bertan behera utzi beharrean suertatu dira euren ohiko jarduna edo, onenean, moldatu eta berrantolatu ahal izan dituzte horietako batzuk, beti ere mundu birtuala eta dimentsio digitala protagonista edo gertaleku berri.

Testuinguru honetan, FEVAk ate berria zabaldu eta murgildu egin da aurrean agertu zaion igerlekuan eta ahalegin berezia egin du agertoki berrira egokitzeko erronkan; izan ere urte bereziki aktiboa izan du, eta mota eta gai anitzeko proposamen birtualak eskaini dizkio komunitateari Argentinan eta baita Argentinatik at ere.

Abuztuaren 1ean egindako Batzarrak baieztatu zuen Arantxa Anitua Federazioko lehendakari gisa --gogora dezagun lehendakariorde zela aurreko lehendakari Javier Ederrak Euskal Herrira bizitzera zihoala iragarri eta beraz 2019ko maiatzean pasatu zela lehendakaritzara-- eta bera buru ekin zaiola aro berriari. Izan ere, adierazi dio Anituak EuskalKultura.eus-i,  “urte mugarria” izaten ari da hau Federazioarentzat. “Garai berria hasi da FEVAn, birtualtasunean sustatuta eta elkarteak oinarrian duen federalismoari begira”, azpimarratu digu lehendakariak.

Bere hitzetan, “Jakina urte gogorra izan dela euskal etxeentzat. FEVAren kasuan, baina, pandemiaren ondorioz zabaldutako gune birtual hauek oso baliagarriak izan zaizkigu. Probetxu handia atera izan ahal diegu, ekintzak, proiektuak, ikastaroak, hitzaldiak eta gure proposamen guztiak euskal etxeen eta euskal etxeetako kideen eskuetan jartzeko. Eta ez bakarrik Argentinako euskaldunei, Txile eta Uruguaiko euskal etxe batzuk ere bat egin dute gurekin”.

Anitua baikor mintzatzen da 2020ko balantzea egiterakoan, “Aukera paregabea izan baitugu euskal etxeetan dauden giza baliabideak erakusteko eta horrela gure rola, herrialde osoan, betetzeko. Esker oneko mezuak, Txiletik batez ere, eta hitz onak baino ez ditugu jaso eta oso pozik gaude. Egoerak behartuta, FEVAk aspaldiko partez behar zuen aldaketa gauzatzea lortu dugu. Kalitatezko edukiak sortzeko gai den erakunde bat gara eta euskal etxeen esanetara gaude. Hori da bidea eta bide horretatik jarraituko dugu”, adierazi digu FEVAko lehendakariak.

FEVAk  2020an egindako ekintzak FEVA Federación de Entidades Vasco Argentinas Facebook kontuan ikus daitezke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia