euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara ikasi eta erabili mugikorraren bidez: gero eta aplikazio gehiago dituzu eskuragarri

2011/11/15

Uhinbak sistemaren irudi bat
Uhinbak sistemaren irudi bat

PUBLIZITATEA

Sakeleko telefonoek iraultza ekarri dute gure bizitzako arlo askotara eta komunikatzeko eta harremantzeko erak ere aldatzen hasiak dira. Mugikorrek eskaintzen dituzten gailu eta aplikazioen artean, badira euskara ikasi eta sustatzeko balio dezaketen zenbait. Elhuyar Fundazioak, adibidez, euskara ikasteko Moblang.eu sistema sortu du. Eta badira baita ere Euskal Herriari buruzko informazioa eskuratzen laguntzen duten beste batzuk: euskal irratiak entzuteko sistema edo Euskal Kultur Erakundearen agenda sakelean eskuratzeko aukera.

Donostia-San Sebastian. Azken hilabeteotan euskaldunentzako edo euskaraz ikasten ari direnentzako oso erabilgarriak izan daitezkeen mugikorrentzako zenbait aplikazioen berri izan dugu (sarri, Sustatu webgunearen bitartez) eta horietako batzuk bildu ditugu artikulu honetara:

1.- Euskara ikasteko aplikazioa: Moblang.eu. Elhuyar Fundazioak sortua, Moblang proiektu europarraren baitan, sakeleko telefonoetan euskara ikasteko lagungarria den aplikazioa da hau. Doakoa da eta gaztelania-euskara eta euskara-gaztelania hiztegiak izateaz gain, irudiak eta audioak ere baditu, euskara praktikatzeko. Ariketak egin eta hitzak eta esaldiak grabatzeko eta entzuteko aukera ematen du. Instalazioa egiteko, jo webgunera eta deskargatu telefonora.

2.- Euskal hiztegiak: Elhuyar Fundazioak mugikorrentzako euskarazko bost hiztegi ere jarri ditu eskuragarri, Eusko Jaurlaritzak laguntzen duen ekimenaren barruan:

-Elhuyar hiztegia (euskara-gaztelania/castellano-vasco)
-Elhuyar hiztegia/dictionary (euskara-ingelesa/English-Basque)
-Dictionnaire Elhuyar hiztegia (euskara-frantsesa/français-basque)
-Elhuyar Sinonimoen Kutxa
-Elhuyar ikaslearen hiztegia

Hiztegiak Android Market eta App Store dendetan daude salgai.

3.- Euskal irratiak: Uhinbak ekimenaren bidez euskara hutsean emititzen duten 12 irrati entzun daitezke mugikorrean:

-Antxeta Irratia (Hendaia, Lapurdi)
-Bilbo Hiria Irratia (Bilbo, Bizkaia)
-Bizkaia Irratia (Bilbo, Bizkaia)
-Euskal Irratiak: Gure Irratia (Uztaritze, Lapurdi) / Antxeta Irratia (Hendaia, Lapurdi) / Xiberoko Botza (Maule, Zuberoa) / Irulegiko Irratia (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea)
-Euskalerria Irratia (Iruñea, Nafarroa)
-Hala Bedi Irratia (Gasteiz, Araba)
-Ttan Ttakun Irratia (Donostia, Gipuzkoa)
-Txolarre Irratia (Anoeta, Gipuzkoa)
-Xorroxin Irratia (Elizondo eta Lesaka, Nafarroa)

Instalatzeko jo Apple App Store edo Android Market-era, edo deskargatu zuzenean www.uhinbak.eu webgunetik. 

4.- Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearen agenda, mugikorrean: maiatzaz geroztik sakelekoei egokitutako agenda eskaintzen du Euskal Kultur Erakundeak. EKE-ren webguneak azaltzen dutenez, nahikoa da "m.eke.org helbidea jotzea mugikorreko nabigatzailean. Telefonoa berehala ezagutua izanen da eta edukiak formatu egokituan bidaliak izanen dira. Horrela, bakoitzak www.eke.org/agenda webguneko kultur hitzordu guziak ikusten ahalko ditu".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia