Donostia-San Sebastian. Baliabide erabilienetako bat da Wikipedia eduki askeko online entziklopedia eta begibistakoa da garrantzitsua dela euskarazko erabiltzaileok ere edukiz ongi eta egoki hornitua izan dezagun. Euskal edukien presentzia hori sustatzeko jaio zen, hain zuzen, 2016an, Euskal Wikilarien Kultura Elkartea eta lan polita egiten aritu da geroztik eduki horiek ugaltzearren. Gaur egun 450 milatik gora artikulu daude irakurgarri euskarazko Wikipedian eta zenbakia gora doa.
Zergatik ez proposatu zure EEko Batzordean edo euskara, kultura, historia edo komunikazio arduradunei Wikipediaren lankide izan eta zuen elkarteari buruzko artikulua idaztea? Euskara ikasle-irakasleek egin dezakete...
Helburu horien ildoan eta Diasporari lotuta, munduko euskal gizataldeari begirako proiektu interesgarri bat jarri dute martxan maiatzean, Euskaraldiaren baitan eta Etxepare Euskal Insitutuaren babesarekin: euskal etxeei buruzko informazioa eguneratu eta bakoitzaren sarrera bana argitaratzea. Lana hasita dago eta deialdi berezi bat egiten diete euskal wikilariek munduko euskaldunei zerrenda bukatzen laguntzeko.
Euskal Etxeak Munduan Zehar wikiproiektua
Munduan 200 bat euskal etxe daude, Eusko Jaurlaritzaren euskaletxeak.eus wengunearen arabera, "baina horietarik Wikipedian 60 baino ez zeuden 2024 arte. Falta zirenak ere agertzeko, beraiei buruzko artikuluak sortu ditugu aurten, automatikoki eta euskaletxeak.eus-etik ateratako oinarrizko datuak erabiliz”, azaldu diote EuskalKultura.eus-i proiektutik, "baina zirriborro horietan hiru atal daude bete gabe: Historia, Baliabideak, eta Jarduerak; atal horiek betetzea izango litzateke munduko euskaldunei eta euskal etxeetako kideei propio luzatzen diegun gonbidapena.
“Badakigu gainera euskal etxe batzuetan euskaltegia ere badagoela eta euskara eskolak ematen direla. Pentsatu dugu, beraz, euskara ikasleentzat ariketa polita izan daitekeela artikulu horiek osatzea. Berez, proiektua Euskaraldiaren barruan egitekoa genuen, baina kanpaina luzatu egin dugu. Izan ere, Wikipedia beti dago irekita eta hobetze bidean eta beti dago aukera informazioa gehitu eta eguneratzeko”, azpimarratu dute.
Nola parte hartu
Erraza da oso parte hartzea. Lehenik eta behin izena eman behar da Wikipedian eta gero link honetan dagoen zerrendatik (eta ‘zirriborro’aren ikurra duen) euskal etxe bat aukeratu. Behin aukeratuta, artikulua osatu behar da aipatutako hiru ildoak jarraituz –Historia, Baliabideak, eta Jarduerak–, dagoen informazioa baieztatu eta posible bada argazki original bat igo.
Proposamen interesgarria izan daiteke, zalantzarik gabe, eta ariketa polita eta ekarpena handia Diasporaren presentziarentzat interneten. Animatu eta ezarri zure hondar-alea!!