euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Diasporaren Eztabaida Guneak, informazio eta eztabaida gehiago eskatu du Argentinako José C. Pazen

2008/12/01

M. Angeles Oñederra harrera hitzak ematen, 'Toki Eder' Euskal Etxearen izenean. Bere ondoan, eserita, Cesar Arrondo, eta zutik, Mariana Fernandez Castelli, biak Foroaren buruzagitzakoak. Argentina eta Uruguaiko partaideak batu ziren Jose C. Pazera
M. Angeles Oñederra harrera hitzak ematen, 'Toki Eder' Euskal Etxearen izenean. Bere ondoan, eserita, Cesar Arrondo, eta zutik, Mariana Fernandez Castelli, biak Foroaren buruzagitzakoak. Argentina eta Uruguaiko partaideak batu ziren Jose C. Pazera

PUBLIZITATEA

Argentinako José C. Paz herrian bildu da Euskal Eztabaida Gunea, bertako 'Toki Eder' Euskal Etxearen egoitzan hain zuzen, eta besteak beste 'gaurkotasunezko gaien informazio eskasia' atxeman du euskal etxeetan eta balioetsi du zenbait gairi buruz 'eztabaidatu ahal izana, hala nola Euskal Herria eta bere lurraldetasunaz, hizkuntza eskubideez edota Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideaz'. Hogeita hamar bat pertsonak erantzun zioten Guneak eginiko deialdiari eta bidean dira hitzordu berriak, 'baieztatu baita bertaratutakoen artean horretarako nahia eta aldez aurretiko jarrera' ekimen honen daramatzan ekitaldi eta elkarretaratzeekiko.

José C. Paz, Argentina. Nazio Eztabaida Gunearen itsasoz alde honetako bertsioa edo Argentina eta Uruguaien 'Foro de Debate de la Diáspora Vasca en América' izenaz bataiatu zuten ekimenak bilera egin zuen azaroaren 22an, larunbata, Buenos Aires probintziako José C. Paz herriko 'Toki Eder' Euskal Etxearen egoitzan. Diasporak ere Euskal Herriko auzian zer esanik baduela defenditzen duen foro honek 'zortzigarren probintziako' euskaldunen partaidetza euskal arazoarekiko eragin eta eztabaida bultzatu nahi du euskal etxeetan. Euskal Herrian hainbat alderdi eta indar sozial eta politiko abertzaleetako --guztiak, EAJ ezik-- kideak biltzen dituen Gune honek, "Euskal Herriak, nazio gisa bizirauteko eta garatzeko ezinbestekoak diren baldintzak zeintzuk diren eta haiek gauzatzeko bideak behin betirako finkatzea" hartua du helburu.

José C. Pazeko eguna, bertako 'Toki Eder' Euskal Etxearen izenean Maria Angeles Oñederrak emaniko harrera eta aurkezpen hitzekin hasi zen, eta bost zati handi bereizi zituen, bakoitza gai jakin buruzko solas batekin sarbidetuta, honako gaiez honako hizlariek emanak: 'Euskal Herria, kontzeptua eta lurraldetasuna', Gloria Zuazolaren eskutik; 'Euskara, hizkuntza eskubideak', Mariana Fernandez Castelli hizlari; 'Estatuekiko erlazioaren garapena, jatorriz eta historian', Cesar Arrondoren eskutik; 'Autodeterminazioa, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea', Santiago Bereciartua hizlari; eta 'Euskal Abertzaletasunaren sorrera, ikuspuntu historiko eta pertsonaletik, bertan jaiotako gisa', Jose Domingo Ormaetxearen eskutik.

Bildutakoek adostutako akordioak edo elkarrekin papereratutako emaitza eta konklusioak hauek dira, Foroak berak plazaratutako oharraren arabera:

  • Bildutakoen bategitea Eztabaida Guneak aurretik eginiko bileretan adostutako konklusioekin, modu berezian informazio gehiago eskuratu ahal izateko beharrari dagokionez, gaiak ongi ezagutzen ez dituzten jendeek planteatzen dituzten kezkei erantzun egokia emateko, azpimarratuz sarreran aipatutako gaiez eztabaidatu ahal izateko egokieraren garrantzia
  • Defizit gisa jotzen da euskal etxeetan bizi den gaurkotasunezko gaiei buruzko informazio eskasia, horrek Euskal Herriaren gaur egungo egoera ezagutzea zaildu, eta trabatu egiten baitu baloraziorik eman ahal izatea
  • Egunean zehar tratatutako gaiei zabalkunde handiagoa emateko beharra balioesten da, Argentina eta Uruguaiko komunikabide gehienetan gaiok isilarazi edo manipulatu egiten baitira
  • Elkarretaratzeak hogeita hamar bat pertsona bildu eta hiru ordu baino gehiago hartu zituen. Partaideek, kezkatzen dituzten gaiak azaldu zituzten eta euren aldez aurreko jarrera erakutsi zuten honelako hitzorduak berriro egin ditezen

Lotura interesgarriak

Nazio Eztabaida Gunea - Foro de Debate de la Diáspora Vasca en América
http://www.forodebatediasporavasca.blogspot.com

Nazio Eztabaida Gunea de Euskal Herria
www.naziogunea.net



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia