euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesetik, Mexiko 1880ko euskal egoitzan bildutako kideek euren ekarpena egingo diote gaur 'Nazio Plaza' ekimenari

2008/06/07

Gogoetarako ekarpenekin batera, festa eta kultura hitzorduak prestatu dituzte Buenos Airesen, Iruñeko 'Nazio Plaza' ekimeneko saiotara biltzeko
Gogoetarako ekarpenekin batera, festa eta kultura hitzorduak prestatu dituzte Buenos Airesen, Iruñeko 'Nazio Plaza' ekimeneko saiotara biltzeko

PUBLIZITATEA

Euskal Diasporako jende multzo bat Buenos Airesen bilduko da gaur hiriburu argentinarreko Mexiko 1880 kaleko euskal egoitzan, Euskaltzaleak, Eusko Kultur Etxeak eta 'Argentina eta Uruguaiko Euskal Diasporaren Eztabaida Foroa' erakundeek deiturik, europar Euskal Herriko deialdian Nazio Eztabaida Guneak Iruñean antolatutako 'Nazio Plaza' --"nortasun nazionalari buruzko gogoeta eta aldarrikapen eguna"-- ekimenaren baitan. Buenos Aireseko kasuan, egitarauak , gogoetarako aukerarekin batera, bestelako hitzorduak ere batu ditu, tartean Euskaltzaleak koralaren emanaldi bat, euskal dantzak, 'sormen esparruak' eta elkarretaratze afari bat.

Buenos Aires, Argentina. 'Diasporako euskaldun garenez gero, gauza asko dauzkagu esateko eta ekartzeko Euskal Herriaren eraikuntza nazionalari dagokionez; horregatik, Nazio Eztabaida Guneak deiturik gaurkoan Iruñera milaka euskaldun bilduko diren bezala, Diasporako osatzen dugunok Buenos Airesen egin ahal izango dugu', adierazi dute argentinar hiribururako deia zabaldu duten erakundeek.

Hiriburu argentinarreko gogoeta eta aldarrikapen eta jardunaldia arratsaldeko lau t'erdietan hasiko da, Euskaltzaleak eta Euskara-taldeen eskutik aurkeztutako 'Euskara eta nortasun nazionala' izenpeko eztabaidarekin. Jarraian, bostetan, bildutakoek euskal nortasun nazionalaren inguruko Eztabaida Gunean parte hartu ahal izango dute,  "gai horrek dituen hiru oinarri garrantzitsuenak jorratzeko: lurraldetasuna, euskara eta erabakitzeko eskubidea (autodeterminazioa)", deialdian agertutakoaren arabera.

'Euskaltzaleak' abesbatzak euskal kantu emanaldia eskainiko du sei t'erdietan, eta bildutakoek taldearen errepika edo entsaio ireki batera sartu ahal izango dute. Euskal dantzek ere berezko lekua hartuko dute, Aitor Alava dantza irakasleak utzitako materiala medio. Programaren azkeneko txanpan, 'sormenerako gunea' antolatu dute Eusketxeko Euskal Kultura tailerren baitan, azkenik, zortzi t'erdietan, elkarretaratze afari batez biribiltzeko eguna.


Lotura interesgarriak

Nazio Guneko webgunea
www.naziogunea.net

Amerikako Euskal Diasporako Eztabaida Gunea
www.forodebatediasporavasca.blogspot.com/



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia