euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Entzierro ikusgarria Caracasko Eusko Etxean: bigantxek ihes egin eta ikusleak ere lasterka jarri zituzten

2013/07/18

Caracaseko Eusko Etxean egin zen entzierroaren une bat, bigantxak ibilbidetik atera baino lehen. Gero ez zuten argazkiak egiteko astirik izan! (irudia CaracasEE)
Caracaseko Eusko Etxean egin zen entzierroaren une bat, bigantxak ibilbidetik atera baino lehen. Gero ez zuten argazkiak egiteko astirik izan! (irudia CaracasEE)

PUBLIZITATEA

Caracaseko Eusko Etxeak iragan uztailaren 13an egin zuen urteroko San Fermin festa, eta, ohi bezala, aurtengoan ere entzierroa egin zuten bertako euskaldunek. Lagun asko bildu ziren ekitaldi honen emozio eta ikusgarritasunaz gozatzera. Ederra izan zen lasterketa, baina askok espero ez zuten ezustekoa izan zuten: bigantxak ibilbidetik atera egin ziren eta ikusleak ere lasterka jarri zituzten! Jazoera berri buletinetik hartu ditugu egunaren kronika eta irudiak.

Caracas, Venezuela. Caracaseko Eusko Etxean aspaldion izan den entzierrorik "mugituena" egin zen iragan uztailaren 13an, Triviño ganadutegiko bi bigantxek eman zuten ezustekoa dela eta. Jazoera berri buletinak azaldu duenez, jaia eguerdi partean hasi zen, elkarteko Txokoan. Han salgai jarri ziren euskal etxeko San Fermin eguneko zapi gorriak, urtero legez. 

Arratsaldeko ordu bietan, santuari abestu ondoren, Pedro Javier Arriaga presidenteak txupinazoa bota zuen eta entzierroari hasiera eman zioten. “Malandrín” eta “Brincona” bigantxek ondo bete zuten euren lana eta korrikalarien atzetik lasterka joan ziren. "Neska eta mutil kementsu asko ausartu ziren entzierroan parte hartzera eta bigantxen aurrean korrika egitera. Atzetik, Andoni Azpiritxaga eta Lander Guruceaga aritu ziren artzain lanetan", azaldu du Jazoerak.

Lasterketaren ostean, orduan hasi ziren komeriak, abereak berriz ere kamioian jasotzerakoan. Izenak agintzen zuena betez, “Brincona”-k ibilbideko hesiaren gainetik jauzi egin eta ihes egitea lortu zuen, jaiarekin jarraitzeko asmoarekin, antza. “Malandrín” ere bere atzetik atera zen eta piszinaraino heldu zen. Ikusleak harrapaladan korrika atera ziren eta elkarteko bazkideek lan dezente izan zuten abereak biltzeko. Belen Arcelus bazkideak umoretsu laburbildu zuen han gertatutakoa: "entzierro honetan denok egin behar izan dugu lasterka, parte hartu nahi zutenek eta baita ikusleek ere".

Caracas San Fermin 2013

[Bigantxa bat Eusko Etxea elkarteko kirol gunean (argazkia CaracasEE)]

Azkenean, zalaparta, algara eta susto gutxi batzuen ostean, artzainek lortu zuten abereak bildu eta kamioira igotzea eta une horretan Gorka Abrisketak entzierroaren amaierako txupinazoa bota zuen. Elkarteko bazkideek adierazi zutenez, elkartean inoiz egin zen "entzierrorik onena" izan zen aurtengoa. 

Hainbeste emozioren ostean, jaiak urteroko egitarauarekin jarraitu zuen eta Koldo Zugadi, Clever Ramírez eta María Teresa Ballatori Arteaga bazkideek prestaturiko bazkariaz gozatu zuten elkartera bildu zirenek.

Jaiaren antolakuntzan lagundu zuen lantaldea honakoek osatu zuten: Maite Arriaga, Irantzu Leunda, Amaya Arriaga, María Teresa Ballatori, Josune Zubizarreta, Koldo Zugadi, Clever Ramírez, Txomin Viscarret, Unai Azpiritxaga, Anton Arriaga, Fran Pernia, Andoni Azpiritxaga, Lander Guruceaga eta Víctor Ballatori. 

Jazoeraren azken alea, PDF formatoan, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia