euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'EuskalKonplu' zikloak euskal zinea eta literatura dakartza astelehenean Madrilgo Complutense Unibertsitatera

2011/10/07

'Bertsolari' dokumentaleko irudi bat
'Bertsolari' dokumentaleko irudi bat

PUBLIZITATEA

Montxo Armendariz eta Jabi Elortegi zuzendariak, Arantxa Urretabizkaia idazlea eta Xabier Elorriaga aktore eta zuzendaria izango dira, besteak beste, euren filmeak aurkezten, Madrileko Universidad Complutenseko euskal ikastaroen sailak antolatu duen 'EuskalKonplu' zikloaren edizio berrian. Horrez gain, Donostiako zinemaldian estreinatu zen 'Bertsolari' dokumentalaren zuzendari Asier Altuna ere izango da Madrilen filmari buruz hitz egiteko. EuskalKultura.com-i Karlos Cid Abasolo Unibertsitateko euskara irakasle eta ekimeneko arduradunarekin mintzatu da.

Madril, Espainia. Euskal luzemetraiak ikusteko parada bikaina izango da hil honetan Madrilen, Complutense Unibertsitateko Euskara sailak antolatu duen 'EuskalKonplu' zikloaren baitan. Zinea, baina ez soilik filmak ikusteko aukera, baizik eta aurrez-aurre zuzendari, idazle eta aktoreekin hitz egiteko aukera ere izango dute bertara biltzen diren lagunak. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren diru-laguntza du.

Azken orduko aldaketa batzuk direla medio, zikloa datorren astelehenean bertan hasiko da, Montxo Armendarizen 'Obaba' filmearekin. Egitaraua hauxe izango da:

Astelehena, urriak 10

-14:00tan "Obaba" filmaren emanaldia: Montxo Armendarizek zuzendua, Bernardo Atxagaren 'Obabakoa' elaberrian oinarrituta.

-16:00tan: Solasaldia Montxo Armendariz-ekin. Lekua: Filologia Fakultateko Paraninfoa.

Asteartea, urriak 11

-15:00etan: Jabi Elortegik zuzendutako "Zorion perfektua" filmaren emanaldia. Lekua: D-207 gela (Filologia Fakultateko D eraikina).

-20:30ean: "Bertsolari" filmaren aurkezpena. Solasaldia Asier Altuna zuzendariarekin. Instituto Homeopático (Auditorio, 1go solairua, Eloy Gonzalo kalea, 3, Madril).

Astelehena, Urriak 17

-15:00: "Zorion perfektua" filmaren zuzendari Jabi Elortegirekin solasaldia. Lekua: D-207 gela (Filologia Fakultateko D eraikina).

Asteartea, Urriak 25

-19:00 "Zergatik Panpox" filmaren emanaldia. Zuzendaria: Xabier Elorriaga, Arantxa Urretabizkaiaren elaberrian oinarrituta.
-20:00: Solasaldia Arantxa Urretabizkaiarekin eta Xabier Elorriagarekin. Lekua: Instituto Homeopático (Auditorio, 1go solairua, Eloy Gonzalo kalea 3, Madril).

Zinemagile eta idazle hauek biltzea "oso-oso zaila" izan dela aitortzen du Karlos Cid Abasolo antolatzaileak. "Ekitaldiak oso aurretiaz antolatu behar dira, eta zinegileek, aldiz, oso agenda aldakorra dute. Esaterako, Montxo Armendarizen hitzaldia aspalditik neukan lotua urriaren 18rako, eta azken momentuan deitu zidan esateko egun horretan Miamira joan behar zuela. Gau hartan ez nuen begirik batu. Zorionez (eta txiripaz) ekitaldia urriaren 10era aurreratzea lortu dut", diosku.

Euskara atakan

Ekitaldi honen bidez Cid-Abasolok, Complutenseko euskara ikasleei eta, orohar, Madrilen euskal kulturan interesa dutenei euskara lantzeko eta ikasteko aukera ematea du helburu. Irakasleak azaltzen digunez, Complutensen hiru euskal irakasgai daude: "Euskal Kultura irakasgaian 15 bat ikasle dauzkat, eta hautazkoa da fakultate guztietako ikasleentzat. Zoritxarrez, bi urte barru desagertuko da, ikasketa-plan zaharrekoa baita"

Plan berrian, Euskara I eta Euskara II ikasgaiak daude. "Ikasle gutxi dauzkat (seina-edo), baina normala da gutxi izatea, euskara (edo eslovakiera, edo neerlandera, edo gailegoa...) aukeratzeak murriztapen asko dituelako ikasleentzat. Hemendik gutxira, buruz beherakoa egitea ere eskatuko zaie Complutensen hizkuntza gutxituetako bat ikasi nahi dutenei", dio Karlosek.

Ikastaro berri bi

Egoera ezkor honi irteera emateko "Etxepare Institutuak, zenbait erakunderekin batera, Euskara eta Euskal Kultura izeneko bi ikastaro antolatu ditu Madril erdi-erdian, Eloy Gonzalo kaleko Institutu Homeopatikoan", azaltzen digu Karlosek. "Bi ikastaro horiek egiten dituzten Complutense, Unibertsitate Autonomo eta Alcaláko Unibertsitateko ikasle guzti-guztiei (lizentziaturetakoei zein graduetakoei) sei kreditu baliokidetuko zaizkie beren unibertsitateetan. Lehenengo ikastaroa urri hasieran hasi da, baina interesa dutenak oraindik garaiz dabiltza izena emateko"

-Ikastaro honetan izena emateko, jo hona

-Informazio gehiago Facebook orri honetan

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia