San Nicolás, Argentina. San Nicolaseko euskal komunitateak asteburu zoragarri bat du gertu, musika eta festaz beterik. Diasporako Orkestra Argentinarrak (DOA), FEVAko musika-taldeak, urteko bigarren topaketa egingo du. Herrialdeko hainbat lekutako hamar euskal etxetako 23 musikari bilduko dira, errepertorioa entseatu eta fintzeko. Horrekin batera, larunbat arratsaldean, jendeari irekitako emanaldi bat eskainiko dute Colegio de Escribanos-eko aretoan, Euskal Etxetik gertu. Ikuskizuna amaitzean, Vasca Peña izeneko erromeria hasiko da Euskal Etxean, Argentinako folkloreko beste musika eta dantza talde batzuekin batera ospatzeko asmoa duen jaia. Bi jarduerek sarrera librea eta doakoa izango dute.
Topaketa entsegu soil bat baino gehiago izango da. San Nicolaseko Euskal Etxeko gaztemundulari, dantzari eta musikari Renzo G. Marínek EuskalKultura.eus-i esan dionez, "euskal tradizioaren eta Argentinako folklorearen arteko zubiak eraikitzea" du helburu nagusi. 2019an Mar del Platan sortu zen orkestrak, lehendik dagoen errepertorioa indartzeaz gain, abesti berriak sartu nahi ditu, baita instrumentu gehiago gehitu ere, horrela euskal etxeetan musika-taldeak sortzea sustatuz. Errepertorioa euskal pieza tradizionalen, eta argentinar batzuen, fusioa da, instrumentu ugaritara egokituta, tartean haize eta harikoetara, eta txalaparta eta albokara. San Nicolaseko emanaldi hau funtsezko prestaketa izango da Tandilgo Euskal Aste Nazionalerako, bertan DOA taldeak agertokia partekatuko baitu Tandilgo Udal Bandarekin.
Euskal eta argentinar kulturen uztargarri
Topaketari amaiera emateko, Vasca Peña erromeria egingo da Euskal Etxean. 21etatik aurrera, musika eta dantza nagusituko dira. Jaialdian San Nicolás eta inguruko hainbat dantza eta musika taldek parte hartuko dute, hala nola Errekatarrak koru anfitrioiak; Tinkunaku (topaketa, nahi du esan kitxuaz) dantza taldeak, Euskal Etxeko Haritz musika talde berriak eta El Rejunte eta La Instrumental Nicoleña taldeek. San Nicolás bertako Igaraba Taldea eta Pergaminoko Goizeko Izarra euskal dantza-taldeek ere parte hartuko dute. Janari alorrean, euskal eta argentinar zaporeak nahastuko dituzte: paella, hanburgesak eta txoripan klasikoa, besteak beste. Bi kulturen arteko senidetza ospatzeko gaualdi ederra.