euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Distantziak gainditzeko asmoarekin, Elvira Kortajarenak Argentinako euskal etxeak bisitatzen jarraitzen du

2011/09/08

Resistencia hirian egindako bisitan Euskadiren Kanpo Harremanei buruzko hitzaldi bat eskaini zuen Elvira Kortajarenak Diputatuen Ganbaran (argazkia Irekia)
Resistencia hirian egindako bisitan Euskadiren Kanpo Harremanei buruzko hitzaldi bat eskaini zuen Elvira Kortajarenak Diputatuen Ganbaran (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Hala adierazi zuen Elvira Kortajarena Mercosur-erako Euskadiko Ordezkariak bere agintaldia hasi zuenean: Argentinan dauden euskal etxe guztiak bertatik bertara bisitatu eta ezagutu behar zituela. Eta nahiz eta kilometro ugari ibili behar izan, pausoz pauso betetzen ari da Kortajarena emandako hitza betetzen. Abuztuan egindako bidaietan, Jujuy, Resistencia, Laprida, Coronel Pringles, Tres Arroyos, Coronel Dorrego eta Río Colorado-ko euskal etxeak bisitatu zituen. Herri guztietan, bertako euskaldunak ezagutu eta egiten duten lanaren lekuko izateko aukera izan zuen. Hona bisiten laburpena.

Jujuy, Argentina. 15 urte ditu Jujuy-ko euskal etxeak eta, beste gai batzuen artean, honaino egindako bideari buruz hitz egin zuten erakundeko arduradunek Elvira Kortajarenarekin, Euskadiko ordezkariak egin zien bisitan. 'Denak Bat' euskal etxeko lehendakari Maria Celia Arosteguik lagunduta, Hector Tizon Kultura Gunean Euskadiko turismo eskaintzari buruzko hitzaldi bat eman zuen Kortajarenak.

Bisita baliatuz, Euskadiko agintaria Jujuy hiriko Raul Jorge alkatearekin elkartu zen eta eskualdeko leku turistikoena ezagutu zuen, Quebrada de Humahuaca. Aipatzekoa da Denak Bat Euskal Etxeak, Jose C. Paz-eko 'Toki Eder' Euskal Etxearekin eta Euskal Herriko Oñati herriarekin batera, gizarte laguntza eta elkartasun arloan lan handia egiten duela Jujuy-ko Queta Komunitatearen alde.

Elvira Kortajarenak Jujuy hiria bisitatu zuen 2011 01

[Elvira Kortajarena Jujuy-ko euskal gizataldeko kideekin, Hector Tizon Kultura Gunean (argazkia Irekia)]

Buenos Aires eta Rio Negro

Ibilbidearen egitarauari jarraituz, Mercosurrerako ordezkariak Buenos Aires probintziako Laprida, Coronel Pringles, Tres Arroyos eta Coronel Dorregoko euskal etxeak eta Rio Negro probintziako Rio Coloradokoa bisitatu zituen.

Lapridako 'Lagunen Etxea'-ko kideek egun osoko ekitaldia antolatu zuten Euskadiren ordezkaria jasotzeko. Hirian barrena ibilbide turistikoa egin ondoren, alkatearekin elkartu zen eta iluntzean prentsaurrekoa eta hitzaldi bat eskaini zituen Euskal Etxearen egoitzan. Horretaz gain, Lapridako udalak 'Herritar Txit Argi' izandatu zuen Elvira Kortajarena.

Coronel Pringles-en, bertako euskal etxeko lehendakari Juan Jose Olasagastiak eta elkarteko Zuzendaritza Batzordeak jaso zuten ordezkaria. Pringles-en Kortajarena Carlos Ulises Oreste alkatearekin bildu zen eta herriko “Art-Deco bidearen” proiektuaren berri eman zitzaion.

Elvira Kortajaren Cnel. Pringles-en 2011 01

[Euskadiko Ordezkaria Cnel. Pringles-ko Eusko Biltzar euskal etxekoekin (argazkia Irekia)]

Tres Arroyos-en, antzeko programa bat bete zuen Elvira Kortajarenak. Herriko hedabideei zuzendutako prentsaurrekoa eman ondoren, Carlos Alberto Sanchez alkatearekin eta gero Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordearekin bildu zen. Euskal etxearen izenean, lehendakari Mario Rodriguez Goizuetak instituzioko proiektuak -- tartean, euskara irakaskuntza eta turismoari buruzkoa -- azaldu zizkion bisitariari.

Coronel Dorregon ere alkatearekin eta Euskal Etxeko batzordekideekin iritziak trukatzeko aukera izan zuen Mercosurrerako ordezkariak. Bileraren baitan, euskal etxe guztiek gastu orokorrei aurre egiteko diru-kopuru bat jasoko dutenentz galdetu zuten euskal etxeko kideek eta Kortajarenak adierazi zien hurrengo Euskal Gizataldeen Kongresuak hartuko duen erabakia dela.

Hegoalderantz abiatuta, Rio Negro probintziako Rio Colorado hirian Lidia Macia Albizua lehendakariak hartu zuen ordezkaria. Hiri honetan, umeentzako instalazio modernoak dituela euskal gizataldea ordezkatzen duen "Anaitasuna" plaza ezagutu zuen Kortajarenak. Rio Coloradoko hedabideetako kazetariekin eta euskal etxeko kideekin ere elkartu zen Eusko Jaurlaritzako agintaria bisita honetan.

Kotoairen Lurra euskal etxearen urtemuga

Abuztuko programarekin bukatzeko, Elvira Kortajarena Chaco probintziako Kotoiaren Lurra euskal etxea bisitatu zuen hilaren 26an. Euskal etxeak eta Probintziako Diputatuen Ganberak antolaturik, "Euskadi, Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremanen oraina eta geroa: gizataldea, enpresak eta turismoa" hitzaldia eskaini zuen ordezkariak eta herriko agintariek “Bisitari Gailena” izendatu zuten.

Elvira Kortajarena Chacon 2011 01

[Chacoko Kotoiaren Lurra euskal etxeko dantzariak urtemugako jaian (argazkia Irekia)]

Resistencia-ko egonaldian, Kotoiaren Lurra erakundeko 15. urtemugaren ospakizunean hartu zuen parte Jaurlaritzako agintariak. Banketean, esan zuen poz handia hartzen duela euskaldunek eta euren ondorengoek Euskadiren izen ona Argentinako txoko guztietara eramateko egiten duten lanagatik. Bukatzeko, euskal etxeari eta Fabio Echarri bertako presidenteari zorionak eman zizkien lehenengo 15 urteotan egindako ibilbideagatik.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia