euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dena prest Necochean asteburuan San Sebastian jaia eta danborradaren burrunba bizitzeko

2012/01/25

Necocheako danborradako kideak iaz, euskal etxearen aurrean (argazkia NecocheaEE)
Necocheako danborradako kideak iaz, euskal etxearen aurrean (argazkia NecocheaEE)

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian isildu egin dira jada danborren hotsak, baina Argentinan euskaldun asko irrikaz ari dira itxaroten ostiral eta larunbat honetan Necochean egingo den San Sebastian jaia. Necocheako Euskal Etxearen danborrada Euskal Herritik kanpo antolatzen direnen artean handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da eta Argentinako beste euskal etxeetako lagun askok ere jaiarekin bat egin eta danborradan jotzeko gonbitea baliatzen dute egunotan. Aurten astebete atzeratu da jaia, iragan asteburuan Necochean Gizataldeen Azoka ospatu zelako eta euskal elkarteak bertan parte hartu zuelako.

Necochea, Argentina. Ostiraletik aurrera Necocheako Euskal Etxeak San Sebastian Eguna ospatuko du eta, urtero legez, bestaren protagonista nagusienetako bat elkartearen danborrada ezaguna izango da. Astebeteko atzerapenez ospatuko dute Necocheako euskaldunek aurten jaia (San Sebastian eguna berez urtarrilaren 20ean da); izan ere, iragan asteburuan Gizataldeen Azokako ekitaldietan murgilduta ziren.

Elkarteak stand batekin parte hartu zuen Miguel Lillo parkean jarri zen Azokaren gunean, eta bertan euskal sukaldaritza dastaketa eskaini zuen. Horrez gain elkarteko dantzariek, Gazte Alai taldeak, erakustaldia eskaini zuten.

Ostirala eta larunbata

Azoka amaituta, euskal etxea buru-belarri ari da orain San Sebastian jaiari azken ukituak ematen. Elkartearen urteroko hitzordu nagusienetakoa da asteburukoa eta lagun eta bisitari asko ekartzen ditu Necocheara. Jaiaren programa ostiral arratsaldean abiatuko da, euskal etxean egingo den euskal erromeriarekin. Sarrera librea da eta bertaratzen diren bazkide, lagun eta bisitariek euskal gastronomia dastatu eta Gazte Alairen dantza erakustaldia ikusi ahal izango dituzte, besteak beste.

Egun handia larunbata izango da eta Euskal Etxean egingo den Afari eta Dantzaldi batekin ospatuko da jaia. Afariaren menuko izarra Paella Erraldoia izango da, baina ziurrenik bisitari gehienak danborradaren abarrotsaz gozatzeko aukera bikain honengatik hurbilduko dira bertara.

Euskal etxeko danborradak Argentinako beste euskal etxeetako danborrariak ere gonbidatuko ditu jotzera eta, aurreko urteetan bezala, bertan izango dira Mar del Plata, Bahia Blanca, Laprida edo Buenos Airesetik etorritako partaideak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia