euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Covidari gaina hartzen: Chivilcoyko Amalur taldeak plater tipikoak prestatuko ditu ostiralero bertan jan edo eramateko

2022/05/06

Amalur taldeak euskal-argentinar sukaldaritzaz gozatzen du beti.
Amalur taldeak euskal-argentinar sukaldaritzaz gozatzen du beti.

PUBLIZITATEA

Chivilcoy, Argentina. Gaurtik hasita euskal sukaldaritza protagonista berezia  izango da Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeko gauetan. Hamabi emakumek osatzen dute Amalur proiektua, aspaldidanik ari dira euskal etxe barruan lanean eta euskal platerak prestatzen dituzte argentinar ukituarekin. Elena Médice taldeko erreferentea da 2019az geroztik eta azaldu dio EuskalKulturari pandemiaren kolpea gogorra izan dela euskal etxean eta kostatzen ari zaiela erritmoa berreskuratzea. Ez dira kokiltzen, ordea, eta gaur bertan ekingo diote jarduera berri honi, mahai oparo baten inguruan topaketak sortzeko asmoz. 


Amalurko eledun Elena Médicek gaur hasiko den proposamena azaltzen du Chivilcoyko Radio del Centron

Proposamen gastronomiko berri bat egingo dute astero, euskal etxeko aretoan gozatzeko, musika ona eta mahai-jokoak lagun, edo, hala nahiago dutenek, nor berak jaso eta etxeratzeko. Gaurko estreineko menuak bost pintxo mota bilduko ditu: txorizoa sagardo erara, patata tortilla, urdaiazpikoa eta gazta, berenjena erromatar erara eta oilaskoa. Hurrengo ostiralean, hemen zale asko dituen 'sukaldia' prestatuko dute, eta laster oilaskoa euskal erara eta paella ere menuan aurkituko ditugula agintzen dute.

Taldekide dira Elenarekin batera, Martha Cleci, Silvana Barroso, María José Gallo, Juanita, Milena eta Teresa Maritorena, Rocío eta Eleonora Pagone, Alicia Ferreira, Hilda Invernoz eta Nidia Ibañez. Geronimo Giacheta teknikaz arduratzen da. Aipatu platerak oso prezio egokian saltzen dituzte, jendea euskal-argentinar zaporeok dastatzera anima dadin. Erreserbak telefonoz 2346 456327 / 334402 zenbakietara deituz edo mezua bidaliz.

On egin eta arrakasta opa dizuegu proposamen berrian!



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia