euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Bidegileak' euskaltzaleen biografien bildumako ale berriak aurkeztu ziren atzo, batzuk Diasporako pertsonenak

2011/04/06

PUBLIZITATEA

'Bidegileak' bildumako hiru karpeta berri, bakoitza launa biografiarekin, aurkeztu ziren atzo Donostian, euskara eta euskal kultraren alde nabarmendutako hamabi gizon-emakumeen biografiak eta emaitzak eskuragarri ipiniz. Bildumako 59, 60 eta 61. karpetak dira eta biografiatutako pertsonen artean Mikel Laboa, Emile Larre, Maria Pilar Lasarte, Antonio Zavala edo Mikel Atxaga bera daude, eta baita ere Diasporarekin harreman zuzena izan zuten beste batzuk, hala nola besteak beste New Yorken bizi izan zen Jose Matia San Sebastian 'Latxaga' apaiza eta Pedro Mari Otaño bertsolaria bera. Ekitaldiko partaide izan ziren Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikoarako sailburuordea eta Begoña Muruaga Euskara Sustatzeko zuzendaria, euskalgintza hainbat gonbidatu eta biografiatutako lagun eta familiakoekin batera.

Donostia-San Sebastian. Olatz Yarza kazetariak gidatu zuen ekitaldia Donostiako Miramar Jauregian. Harrera hitzak Lurdes Auzmendik egin zituen, bertaratutako ehun bat idazle, kultur eragile eta biografiatutako pertsonen familiakoei ongi-etorria emanez. "Euskararen alde lanean aritutako gizon-emakumeak gogoratu eta omendu nahi ditugu gaur hemen”, azaldu zuen, 'Bidegileak' bildumaren garrantzia azpimarratuz.

Ekitaldiko azken hitzak, berriz, Blanca Urgell Kultura sailburuak luzatu zituen, zorionak emateko euskararen bidea urratzen, egiten eta sakontzen aritu diren eta ari diren guztiei. "Bistan da, erabili eta landu egin behar dela euskara; horrexek ematen baitio bizia hizkuntzari", adierazi zuen, aurrera begira ere era honetako proiektuak babesteko konpromisoa harturik. "Badakigu hizkuntza biziko bada, jaiotzazko nahiz jaio ondoko euskaldunen leialtasuna beharrezkoa dela. Konpromisoa hartua dugu belaunaldi berrietan euskararen ezagupena eta erabilera bermatzeko; baita euskararen irudiari prestigioa eman eta euskarazko produktuak nahiz kontsumoa indartzeko ere", esan zuen.

Aurkeztutako ale eta pertsonaia berriei dagokienez, bi oraindik bizi diren pertsonak dira (Emile Larre eta Maria Pilar Lasarte), horietarik Maria Pilar Lasarte leitzarra bertaratu zelarik. Atzo jendaurretutako aleak oraindik ipini ez badira ere, esan beharra dago liburuska hauek internetez ere irakur daitezkeela, eta baita norberaren ordenadorera jaitsi edota inprimatu ere, www.euskara.euskadi.net helbidetik. Edizio inprimatuak, berriz, 2.300 aleko tirada izan du. Banaketa, ikastetxe, euskaltegi eta liburutegietara egingo da, ohi bezala, eta eskatu edo erosi ahal izango dira ohiko salmenta lekuetan.

KARPETA BERRIAK

59. karpeta

59/1. MARTIN OLAZAR URIBE (Gamiz, Bizkaia, 1927 – Bilbo, 2008)
Egilea: Jose Manuel Etxebarria Ayesta
Apaiza. Idatzitako lan guztiak biltzea zaila da, zenbait aldizkaritan eta argitaratuak izan baitziren; horietako asko, sinatu gabe gainera. “Gamiz” eta “Landaberri” izenordeak erabili zituen. Euskerazaintzako kide eta lehendakaria. Besteak beste, “Zu, Martin”, bere bizitzako oroitzapenak biltzen dituena, idatzi zuen. Argitaratu gabeko lanak utzi zituen.

59/2. MIKEL ATXAGA FERNANDEZ (Urnieta, Gipuzkoa, 1932 – Donostia, 2009)
Egilea: Elixabete Garmendia
Apaiz ohia. Kazetaria, zutabegilea. Batez ere, “Zeruko Argia” aldizkarian eta “Deia” egunkarian idatzi zuen. Hainbat euskal kazetari-belaunaldiren maisutzat jo izan da. Argitaraturiko artikuluekin “Deiadarrak” eta “Mikel Atxaga, bidegilea” antologiak prestatu ziren. Itzulpengintzan ere ibilia. Zenbait liburu ere idatzi zuen. “Bidegileak” bildumaren zuzendaria. Euskararen Aholku Batzordeko kidea. Euskaltzain urgazlea.

59/3. JOSE MARIA SAN SEBASTIAN “LATXAGA” (Donostia-San Sebastián, 1933-2008)
Egilea: Felix Ibargutxi Otermin
Apaiza. Idazlea. Euskararen gaineko hainbat lan argitaratu zituen, horietako asko euskara galdu den lekuen ingurukoak. Artikulugile oparoa. Editore gisa, Pedro Ignazio Barrutiaren “Acto para la Nochebuena” antzerki-lana argitaratu zuen. Ameslaria zen: Nafarroako Erriberan ikastolak sortu, Errioxan euskara indartu, erronkariera berpiztu… Diasporan ezagutzen zuen, New Yorken bizi izan zen. Euskerazaintzako kidea.

59/4. MIKEL LABOA MANZISIDOR (Donostia-San Sebastián, 1934-2008)
Egilea: Jerardo Elortza
Sendagilea. XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa. Euskal musikagintzaren erreferentzia handienetakoa 1960ko hamarkadaz geroztik. Beste zenbait euskal musikari, artista eta kantarirekin batera “Ez Dok Amairu” taldearen sortzaileetakoa. Kantu herrikoiak, poeta garaikideen hitz musikatuak eta hitz- eta hots-jokoetan oinarrituriko abesti esperimentalak dira Laboaren musikagintzaren hiru oinarriak.

60. karpeta

60/1. FRANTZISKO INAZIO LARDIZABAL URRETABIZKAIA (Zaldibia, Gipuzkoa, 1806-1855)
Egilea: Arantzazu Muñoa
Apaiza. “Gramática Vascongada” eta behin baino gehiagotan berrargitaratu den “Testamentu Zarreco eta Berrico Condaira” idatzi zituen. Hizkuntza-aldetik, landua, garbia, jatorra eta guztiz argia. Kontalari ona: gauzak erraz eta argi adieraztea maite du gehien. Arreta handiz idatzi zuen, eta txukuna gertatzen da bere esaldi eta narrazioetan.

60/2. JEAN PIERRE DUVOISIN (Ainhoa, Lapurdi, 1810 – Ziburu, Lapurdi, 1891)
Egilea: Elena Touyarou Phagaburu
Aduanako langilea. Idazle eta itzultzailea. Artikulugilea. “Eskualduna” aldizkariko zuzendaria. Bonaparte printzearen aginduz, Biblia lapurterara itzultzeari ekin zion, euskarazko lehen Biblia onduz: “Bible Saindua edo Testament Zahar eta Berria”. Bibliaz aparte, itzulpen asko prestatu zituen. Itzulpenez gain, haren obrarik ezagunena eta klasikoena “Laborantzako liburua edo bi aita semeren solasak laborantzaren gainean” da. Argitara gabe obra asko utzi zuen.

60/3. EMILE LARRE (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1926)
Egilea: Eneko Bidegain
Apaiza. Kazetaria. «Sokorri» ezizena erabili du zenbaitetan. “Gazte”, “Gure Herria” eta “Herria” aldizkarietan daude haren idazlan nagusiak. “Herria” aldizkariaren zuzendari 33 urtez. “Aiherra Naparroan leihoa” liburua idatzi zuen. Bertsolaritzaren suspertzaile Iparraldean. Ez da idazle gisa ezagun egin, nahiz eta asko idatzi eta liburu askotan parte hartu. Larrek bildu eta argitaratu ditu beste egile batzuen lanak. “Ene Artzain etxola” autobiografia paratu du. Euskaltzain osoa.

60/4. MARIA PILAR LASARTE ZUBITUR (Leitza, Nafarroa, 1937)
Egilea: Elixabete Garmendia
Euskaltzaindiko langilea izan da. Arami taldeko kide izandakoa. “Zortzi urte arteko ikastola hiztegia” egiten parte hartu zuen 1970eko hamarkadan. Lao Zi-ren “Dao De Jing” taoismoaren biblia euskaratu zuen. Bertsozalea. Euskaltzain urgazlea.

61. karpeta

61/1. INDALEZIO BIZKARRONDO “BILINTX” (Donostia-San Sebastián, 1821-1876)
Egilea: Antton Aranburu
Bertsolari eta idazlea. XIX. mendearen erdialdean Donostian, euskal literaturaren inguruan sortutako mugimenduko olerkari garrantzitsuenetakoa. Barne-sentimenduak ondo azaltzen jakin zuen; amodiozko poesia erromantiko eta ezkorra landu zuen, batik bat. Herri-poesiako oinarri sendoak zituen eta umorea eta ironia nahasten zituen. Olerkirik ezagunenak: “Juana Bixenta Olabe”, “Ja-Jai”, “Loriak” “Maita nazazu arren”, “Kontzezirentzat”; “Juramentuba”.

62/2. JUAN FRANTZISKO PETRIARENA “XENPELAR” (Errenteria, 1835-1869)
Egilea: Elixabete Perez Gaztelu
Bertsolaria. Xenpelar jotzen da XIX. mendeko bertsolaritzaren gailurtzat. Bat-bateko bertso apur batzuk gordetzen badira ere, bertso jarriak dira haren bertso sail ezagunenak. Melodia herrikoiei egokitzeko moduko bertsoak egiten zituen, kantatuak, betiere. Sail horietarik gogoangarrienak: “Pasaiako plazatik dator notiziya”, "Frantsesaren ideak”, “Andre txarren bentajak”, “Betroiarenak”, “Ezkondu eta ezkongai”, “Azken juiziokoak”, “Iya guriak egin du”.

63/3. PEDRO MARI OTAÑO BARRIOLA (Zizurkil, Gipuzkoa, 1857 – Rosario, Argentina, 1910)
Egilea: Xabier Euzkitze
Bertsolari eta poeta. Bertsolaritzaren historian, sortzailerik bikainetakoa. Bertsolari eskolatuen aitzindaria; bertsoak idazten zituen eta kultura idatziaren ordezkaria izan zen, baina herri-poesiaren tradizioa ez zuen inoiz baztertu. Argentinara joan zen. Tabernetan edo sagardotegietan bertsotan aritu baino, nahiago zuen plazarik plaza ibili. Besteak beste, “Elkar” eta “Bertsoak” bertso-sailak eta “Artzai mutilla” antzerti-lana idatzi zituen. Argentinan bizi izan zen eta bertan garatu zuen bere bertsolari eta idazle lanaren zati handi bat. 'Argentinako lehenengo euskara irakasle' gisa kontsideratzen dute bertan.

61/4. ANTONIO ZAVALA ECHEVARRIA (Tolosa, 1928 – Iruñea, 2009)
Egilea: Joxemari Iriondo
Jesuita. Idazlea. “Auspoa” herri literaturari buruzko liburu bildumaren sortzailea. Bertan aurki daitezke hainbat bertsolariren bertso bildumak, bertsolari zaharren bertsoekin eta bizikizunekin egindako lanak, herri kontalariak, gaika antolaturiko bertso bildumak, etab. “Auspoa” sailetik kanpora gelditzen ziren kontakizunak direla eta, “Biblioteca de Narrativa Popular” bilduma sortu zuen. Euskaltzain osoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia