euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berlingo Euskal Etxeak 'Gernika eta alemaniarrak' ekitaldia antolatu du ostiralean Cervantes Institutuan

2011/09/28

Walther L. Bernecker adituak 'Gernika eta alemaniarrak' gaia jorratuko du ostiralean emango duen hitzaldian (argazkia Cervantes.de)
Walther L. Bernecker adituak 'Gernika eta alemaniarrak' gaia jorratuko du ostiralean emango duen hitzaldian (argazkia Cervantes.de)

PUBLIZITATEA

Berlingo Euskal Etxeak gonbidapena zabaldu du ostiral honetan Cervantes Institutuaren egoitzan egingo den 'Gernika eta alemaniarrak' izeneko ekitaldira bertaratzeko. Bi zati izango ditu jarduerak: hasteko, Klaus Ihlauren 'Gernika' dokumentalean bonbardaketatik bizirik atera zirenen eta alemaniar pilotoen testigantzak entzun eta ikusiko dira; ondoren, Walther Bernecker historialariak 1937ko apirilaren 26ko gertaera traumatikoak euskal-alemaniar harremanetan izan duen isla azalduko du. Ekitaldia Etxepare Institutuarekin eta Cervantes Institutuarekin lankidetzan antolatua da.

Berlin, Alemania. Lanean darrai Berlingo Euskal Etxeak eta ekitaldi berria iragarri du ostiral honetarako. Cervantes Institutuaren egoitzan egingo da jarduera, Etxepare Institutuak emandako laguntzarekin, eta 'Gernika eta alemanak' gaia jorratuko du.

Arratsaldeko zazpi t'erdietan hasiko da, Klaus Ihlau kazetari alemaniarraren 'Gernika' dokumentalaren emanaldiarekin. Bertan 1937ko bonbardaketatik bizirik irten zirenak elkarrizketatzen ditu Ihlauek, eta baita Legion Condor-eko pilotoak ere. Gertaera gogorraren osteko Euskal Herria eta Alemaniaren arteko adiskidetze eta bake-egite prozesuari buruzko lana da.

Ondoren, Walther Bernecker historialariak hitzaldia emango du eta bonbardaketaren osteko euskal-alemaniar harremanei buruz mintzatuko da. Bernecker Euskal Historian eta Espainiako Gerra Zibilean aditua da eta Erlange-Nurenberg-eko unibertsitatean profesore.

Michael Kasper ikerlariaren heriotzaren ostean, Bernecker-ek haren 'Baskische Geschichte' (Euskal Historia) lana berrikusi eta eguneratu du. Aurkezpen honetan aditzera emango ditu lehen aldiz 'Gernika eta alemanak' gaiari buruz egin dituen ikerketen emaitzak.

-Informazio gehiago, Berlingo Euskal Etxearen webgunean, hemen

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia