Fresno, Kalifornia, AEB. Sartu gara beste urte batez maiatzean, eta Estatu Batuetan —aurten ohi baino lehenago— urteko euskal piknik eta festen sasoian; izan ere larunbat honetan bere Euskal Besta egingo baitu Fresnoko Euskal Etxeak, hasiera emanez urriraino luzatuko den AEBko urteroko uda giroko elkarretaratzealdi honi. Euskal Herrian herriko festak direna, Estatu Batuetan herri bakoitzeko euskal piknik edo festa dute baliokide, tokiko euskal etxearen eskutik, euskal musika, dantza, janari eta ohituren inguruan.
Fresnokoa lehena, maiatzaren 3an; Boiseko Jaialdi izango da aurten AEBko eta Diaspora osoko euskal jairik jendetsuena; eta Rocklin-eko Iparreko Ibarra Euskal Etxearena, azkena, urrian
Larunbat honetan, maiatzaren 3an gauzatuko den Fresnokoa da, esan bezala, lehena. Caruthers-en, jatorri erroibartarreko Campos familiaren pabilioietan egin ohi da, Fresnoko Euskal Etxea antolatzaile. Kabalkadarekin hasiko da, mezan sartzeko, 10etan, aita Antton Egiguren omoniera meza-emaile (online zuzenean hemen segi daiteke), ardiki bazkaria, dantzariak, klika, pilotariak, musa eta Jean Flesher buru duen Amerikanuak banda musikari. Igandean, "Euskal Gosaria", Etchechury-tarren Santa Fe ostatuan egingo, usaian bezala jateko ederra, euskal komunitatea eta bisitariak bertaraturik, kantinan eta jantokian, kantuz eta elkar agurtuz. Maiatzaren 18an, Los Banoseko piknika izanen, Los Banos Basque Club antolatzaile; eta 24 eta 25ean Bakersfield-ekoa, Kern County Basque Cluben eskutik. Beste kostaldean, New England Basque Clubek bere Basque Fest jaialdia maiatzaren 31ean egingo du aurten Suffield, Connecticcut-en.
Ekainaren 8an, igandez, San Frantziskoko Euskal Etxeak bere piknika egingo gu (gogoan hartu, bigarrenez Penngrove-n izango dela, ez gehiago Petaluman). Eredua, Fresnokoa bera: kabalkada, meza, klika, Elgarrekin korala, dantzariak, barbakoa... Ekainaren 13-15ean, Winnemuccako besta. 22an, herriko Euskaldunak Danak Bat antolatzaile, Homedalekoa, "San Juan sua"rekin eta San Juan zortzikoa dantzaturik, Txoko Ona euskal etxearen eskutik. Eta Salt Lake Citykoa, bertako Basque Club of Utah-ko Triskalariak-eko dantzariekin. Uztailaren 5 eta 6an, Elkoko "Basque National Festival", herriko Euzkaldunak antolatzaile eta Chinon Southern California Eskualdun Clubaren 78. urteurreneko piknika, meza, dantzariak, pilotariak, klika, irrintzi lehiaketa, lukinka eta guzti. 19an, Renokoa, Zazpiak Bat euskal etxearen eskutik. Ondoko asteburuan, Gooding-ekoa, Gooding Basque Association antolatzaile. Eta uztailaren 29tik abuztuaren 3ra, Boisen, 'Jaialdi 2025' besta erraldoia, Euskal Herritik kanpo aurtengo euskal festarik handiena.
Segidako larunbatean, Mountain Homeko euskal jaia, Euskal Lagunak-en eskutik, eta abuztuaren 9an bertan, Gardnervillekoa, Mendiko Euskaldun Cluba antolatzaile, aurten "Euskal Kantari Eguna" barne duela. Eta Battle Mountaingoa, Oberenak euskal elkartearen eskutik. Seattle-koa Seattle Euskal Etxearen antolatzaile eta, Andre Dena Mariz, Buffalo Wyoming-ekoa, Big Horn Basque Club medio. San Frantziskoko Gure Euskal Etxea-Basque Cultural Center-ek Udako Besta 23 eta 24an egingo du bere egoitzan, Europako pilotariak, musikariak, bertako klika... programa bete bateko partaide. Chinoko Euskal Etxeak, Chino Basque Club-ek, apur bat aurreratuago egingo du berea eta abuztuaren 31ean egingo (Labor Day asteburuan, aurten irailaren 1a baita). Astelehen horretan, "Basque breakfast" jendetsua Centro Basco ostatuan. Eta Rocklin Kaliforniako Iparreko Ibarra Basque Club-ekoek urriaren 11ean eurena, urtero bezala pikniken sasoiari azkena emanez. On egin, adiskideok!