Tandil, Argentina. Aurtengo Euskal Aste Nazionaleko anfitrioi izango den Tandilgo Gure Etxea bera izan zen Argentinako Euskal Etxeetako dantza taldeen zuzendarien azken Tailer eta Bilerako anfitrioi. FEVA antolatzaile, apirilaren 26 eta 27an, larunbat eta igandez. 37 dantza zuzendari bildu ziren, hogei euskal etxetik gora ordezkatuz. Dantza Tailerreko koordinatzaile, Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programaren azken edizioan parte hartu eta trebatu ziren gazteak. Larunbat arratsaldean egindako Eztabaida Gunean, FEVAko zuzendaritza batzordeko kide Guillermo Canut aritu zen moderatzaile.
Ekitaldia larunbatean hasi zen, FEVAko lehendakari Asier Iriberriren ongietorriarekin. Goizean zehar, eta arratsaldeko zati batean, Dantza Tailerra burutu zen. Euskal lurralde bakoitzeko dantza adierazgarriak jorratu ziren, tartean Gipuzkoako dantza solemne eta egituratuak zein, konparazio, Iparraldeko jai-dantzak. Ekitaldia Gaztemundu 2024ko parte-hartzaileek egituratu zuten. Ainhoa Parachu (Zazpirak Bat - Rosario), Amparo Montes de Oca (Euzko Etxea - La Plata), Ángeles García Castro (Euskal Etxea - Llavallol), Camila Humaran (Zingirako Euskaldunak - Chascomús). Bertan egon ez, baina antolakuntzakide izan zen Edurne Gil Irazusta (Unión Vasca - Bahia Blanca), eta euren ekarria egin zuten Maite Pacheco (Euzko Etxea - Necochea), Renzo Bustos (Euskaltzaleak - Buenos Aires) eta Sara Urbieta (Gure Etxea - Tandil) gazteak, eta eurekin Bahía Blancako Manuel Irastorza eta Viedmako Josetxu Astolfi.
Dokumentu bat osatzen
"Partaide asko izan ginen, eta oso ona izan zen, egiari zor", azaldu du Tandilgo Gure Etxeko dantza taldearen zuzendari Sara Urbietak. "Proposamenaren aurretik, zer transmititu nahi genuen ladu genuen, zein dantza eta nola. Taldeak osatu ziren, hautatutako dantzen arabera, eta talde bakoitzak modu autonomoan egin zuen lan, dantza horiek irakasteko estrategiak eta moduak pentsatuz. Izan ere, dokumentu bat lantzen ari gara, dantzen testuinguru, historia eta jantziei buruzko informazioa eta bideoen bilgarri izango dena, euskal etxe bakoitzak baliatu ahal izan dezan", esan dio EuskalKultura.eus-i.
Iaz Bahia Blancan hasitako lanari jarraipena emanez, larunbateko bazkariaren ondoren, eztabaida-gune bat egin zen, Guillermo Canut moderatzaile. Ilunabarrean, Gernikako Bonbardaketaren 88. urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu zuten, EE aurreko Plaza del Tanquen, Gernikako Kimuaren ondoan. Tailerreko partaideek Soka Dantza dantzatu zuten eta bertaratutako lagunetako askok bat egin zuten. Omenaldia bukatutakoan, Zuzendarien Bilerari eutsi zioten Euskal Etxean eta datorren Euskal Aste Nazionaleko gau emanaldirako proposamen berri baten inguruan aritu ziren.
Topaketan, dantzari taldeetako zuzendari hauek hartu zuten parte:
- Anabela Lujan Bilbao Valiela - Euskaldunak Denak Bat (Arrecifes)
- Virginia Belen Zabaleta - Euskal Odola (Ayacucho)
- Francisco Pancho Malaga - Unión Vasca (Bahía Blanca)
- Dante De Lollis - Unión Vasca (Bahía Blanca)
- Manu Irastorza - Unión Vasca (Bahía Blanca)
- Victoria Rodríguez - Denak Bat (Cañuelas)
- Lourdes Aguirre - Denak Bat (Cañuelas)
- María Cecilia Milani - Denak Bat (Cañuelas)
- Verónica Gouarnalusse - Guillermo Larregui (Chacabuco)
- Julieta Laborde - Zingirako Euskaldunak (Chascomús)
- Camila Humaran - Zingirako Euskaldunak (Chascomús)
- Aitor Alava - Colegio Euskal Echea (Buenos Aires)
- Angeles García Castro - Colegio Euskal Echea (Buenos Aires)
- Renzo Bustos - Euskaltzaleak (Buenos Aires)
- Jennifer Jorgelina Cabezas – Toki Eder (José C. Paz)
- Andoni Azcarate - Euzko Etxea (La Plata)
- Amparo Montes de Oca - Euzko Etxea (La Plata)
- Martín Adrián - Lagunen Etxea (Laprida)
- Emmanuel Bayala - Lagunen Etxea (Laprida)
- Camila Barragán - Anaitasuna (Maipú)
- Itziar Gorostegui - Denak Bat (Mar del Plata)
- Lourdes Pacheco - Euzko Etxea (Necochea)
- Maite Pacheco - Euzko Etxea (Necochea)
- Agustina Olaizola - Oihankide Taldea (Buenos Aires)
- Javier Alzua - Gure Etxe Maitea (Olavarria)
- Maria Julia Arouxet - Gure Etxe Maitea (Olavarria)
- Daniel Altamira - Lagun Onak (Pergamino)
- Ainhoa Parachu - Zazpirak Bat (Rosario)
- Mateo Tacconi - Zazpirak Bat (Rosario)
- Gustavo Abel Galeano - Euskal Etxea (San Nicolás)
- Mercedes del Valle Jara - Euskal Etxea (San Nicolás)
- Facundo Etchegaray - Gure Etxea (Tandil)
- Sara Urbieta - Gure Etxea (Tandil)
- Milagros Magali Colantonio - Hiru Erreka (Tres Arroyos)
- Maia Jaureguibehere - Hiru Erreka (Tres Arroyos)
- Pilar Urbieta - Hiru Erreka (Tres Arroyos)
- José Ignacio Astolfi - Aberri Etxea (Viedma)