Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires hirian, 1895eko azaroan, "Centro Orfeón Gayarre" deitu zuten elkarte bat sortu zen. Urtebete pasatxo ondoren, 1897ko martxoan, izena aldatu eta egundaino iraun duen Nafar Etxea ezarri zioten. Datorren azaroan, 130 urte beteko ditu Buenos Aireseko Nafar Etxeak, eta jarduera programa batez ospatuko dute, hilabetez hilabete, egun gutxi barru ofizialki aurkezteke. Jardueretako bat berezia izango da baina: ondare osoa digitalizatzeko programa, Marcelo Garabedian ikertzailearen eskutik.
Digitalizazio lana azaroaren 3aren, urteurrenaren egunaren, aurretik, aurkeztu nahi dute. Orain, maiatzaren 17an, 'Euskal Nafar Mitologia Tailer' batera gonbidatzen du Nafar Etxeak
Digitalizazioak paperezko ondare guztia baitaratuko du: bilera eta batzarren akta guztiak, argitalpen ugariak, argazkiak, egunkariak, aldizkariak, buletinak, berripaperak eta baita Nafar Etxeak gordetzen dituen XVIII. mendeko liburu batzuk ere. Prozesuak Marcelo Garabedian izango du arduradun, ikertzailea eta aditua bera XIX. eta XX. mendeetako Latinoamerikarako migrazioen eta etorkinen prentsan. “Memoria Viva”ren zuzendaria ere bada, XIX. mendearen bigarren erditik aurrera Argentinan sortu ziren erakunde espainiarren historia artxibatu eta zabaltzeko proiektua, material hori identifikatu, katalogatu, deskribatu, digitalizatu eta, oro har, jendearentzat eskuragarri ipintzea helburu duena.
Tailerra guztiei zabalik
"Marcelo Garabedianekin egiten ari garen lanari duela hilabete ekin genion, urte amaiera aldean bukatzea xede. Azaroaren 3an ospatuko dugu 130. urteurrena, eta horren aurretik aurkezpen ofizial bat egin nahi genuke", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Nafar Etxeko lehendakari Daniel Remondegui-k. "Horrez gain, egun gutxi barru, Euskal Nafar Mitologia Tailer bat egingo dugu, ospakizun programako parte", adierazi du. Tailerra Diego Orellanak eta Irma Rosalesek koordinatuko dute, maiatzaren 17an, larunbata, 17etan hasita, Moreno 3682an, jende orori zabalik.