euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aingeru Epaltza, Anjel Lertxundi eta Jokin Muñoz idazleak Frankfurteko Liburu Azokan partaide, ostiralean

2008/10/14

Bost_Kultura agentziak antolatu duen literatur biraren afitxa
Bost_Kultura agentziak antolatu duen literatur biraren afitxa

PUBLIZITATEA

Euskal kulturak aurten ere bere lekua izango du Frankfurteko Liburu Azokan, Alemanian, Euskal Editoreen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Azokara bilduko den euskal ordezkaritzan Miren Azkarate Kultura sailburua eta Aingeru Epaltza, Anjel Lertxundi eta Jokin Muñoz idazleak izango dira, besteak beste. Epaltzak eta Lertxundik liburuak argitaratu berri dituzte Alemanian eta ostiralean azokan izan ostean aurkezpen bira egingo dute Frankfurten bertan hasi eta Berlin, Essen eta Paderborn hirietan barna, Bost_Kultura literatur agentzia euskal-alemaniarrak antolatuta.

Frankfurt, Alemania. Anjel Lertxundi, Aingeru Epaltza eta Jokin Muñoz euskal idazleak Frankfurteko Liburu Azokan izango dira ostiral honetan, euren lanak aurkeztu eta euskal literatura ezagutzera emateko helburuarekin. Idazleek alemanierara eta italierara itzulitako euren lanak izango dituzte hizpide eta euskal literatura eta itzulpengintzari buruzko mahainguruetan parte hartuko dute Euskal Editoreen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldietan. 

Frankfurteko Liburu Azoka nazioarte mailan garrantzitsuenetakoa da eta Europako argitaletxe nagusiak biltzen dira bertara. Lertxundik, Epaltzak eta Muñozez euskal literaturari buruzko mahainguru batean arituko dira ostiralean. Ondoren Miren Azkarate Kultura sailburuak euskal standa  inauguratuko du eta Jokin Muñozek eta bere lana italierara itzuli duen Roberta Gozzik, itzulpengintzari buruzko mintzaldia eskainiko dute.

Irakurraldi bira Bost_Kulturarekin

Azokan parte hartu ostean Anjel Lertxundik eta Aingeru Epaltzak 'Hamaseigarren aidanez' eta Rock' n' Roll' eleberrien aurkezpen bira egingo dute Alemanian zehar. Pahl Rugenstein argitaletxeak plazaratu ditu Alemanian, euskal literaturari buruzko Zubiak bildumaren barruan. Zubiak bildumaren sustatzaile nagusienetakoa Euskalema elkarte euskal-alemaniarra osatzen duten itzultzaile eta euskaltzale taldea izan dira. Orain, euskal literatura Alemanian zabaltzen jarraitzeko asmoz, Bost_Kultura literatur agentzia sortu dute, Petra Elser itzultzailea buru delarik.

Bost_Kulturak eman duen lehen fruitua Lertxundi eta Epaltzaren bira hau izan da, hain zuzen ere. Bira ostiralean bertan hasiko da Frankfurteko Café Excess-en egingo den irakurraldiarekin. Excess lehen zine okupatu bat zen eta egun Liburu Azokarekin batera kultur ekitaldiak antolatzen dituen gunea bihurtu da, besteak beste. Mintzaldian Petra Elserrek ere parte hartuko du --berak itzuli du Epaltzaren 'Rock'n'Roll'-- eta entzulegoan Frankfurteko Euskal Ikasketa Etxeko euskara ikasleak ere izango dira. Idazleen biraren hurrengo geltokiak Berlin (18), Essen (20) eta Paderborn (21) izango dira. Irakurraldi hauetan 'Hamaseigarrenean, aidanez' filma eskainiko dute, Lertxundiren izen bereko eleberrian oinarritua.

Zubi berriak 2009rako

Bost_Kultura agentzia jaio berriaren helburu nagusia bost urtetan hamar euskal eleberri alemanieraz argitaratzea da. Orain arte Zubiak bildumaren barruan bost argitaratu dira: 'Lagun Izoztua' (Joseba Sarrionandia), 'Kilkerren hotsak' (Edorta Jimenez), 'Koaderno gorria' (Arantxa Urretabizkaia) eta azken biak, 'Hamaseigarrenean aidanez' (Anjel Lertxundi) eta 'Rock´n´roll' (Aingeru Epaltza). 'Datorren urterako beste bi prestatzen ari gara jada: Harkaitz Canoren 'Pasaia blues', eta Karmele jaioren 'Amaren eskuak'', azaltzen dio EuskalKultura.com-i Petra Elserrek.

Horrez gain, eta itzultzaile alemaniarrak aurreratzen duenez, azaroan Bost_Kulturak irakurraldi bira berri bat antolatuko du, Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez idazleekin. Wiesbaden eta Nuremberg hirietan aurkeztuko dituzte euren lanak.

Lotura interesgarriak

Zubiak bilduma
www.zubiak.de

Bost_Kultura agentzia
www.bostkultura.net



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia