euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kontzertu-bira hasiko du ostegunean Anne Etchegoyen kantari baxenabartarrak Argentinako Paranán

2008/10/14

Anne Etchegoyen kantari donapaleutarra
Anne Etchegoyen kantari donapaleutarra

PUBLIZITATEA

Argentinako zenbait hiri ikutuko dituen kontzertu itzulia hasiko du Anne Etchegoyen kantari baxenabartarrak datorren larunbatean Argentinako Paraná hirian. Herrialde australeko zenbait euskal etxe lankide antolatutako birak Rosario hirian eta Chacoko beste agertoki batzuetan izango du segida, tour-a hilabete hondarrean La Plata Buenos Aires probintziako hiriburuan egingo den Euskal Astean emango duen kontzertuan burutuko duelarik.

Buenos Aires, Argentina. Euskaraz, frantsesez eta espainolez kantatzen duen donapaleutar gazteak ostiralean ekingo dio azaroaren hasiera arte luzatuko den bira argentinarra, 'Pachama' izeneko bere disko berria aurkezteko balituko duena. Lehenengo kontzertua, Paraná-ko 'Urrundik' Euskal Etxea lankide antolatua, bertako 3 de Febrero Udal Antzokian izango da, gaueko bederatzietatik aurrera, bigarren aldia duelarik Etchegoyenek Paranán, iaz ere bertan aritu baitzen kantari, Argentinara egin zuen estreino itzulian.

Larunbatean, urriak 18, Rosarion, Argentinako bigarren hirian, arituko da Anne Etchegoyen, bertako 'Zazpirak' Bat Euskal Etxearen besotik. Igandean, ostera, Buenos Aires probintziako San Nicolas de los Arroyos hirian ezarria du hitzordua. Ondoren, Argentina Iparraldeko Chaco probintziara bidaiatuko da, Resistencia bertako hiriburuan ostiralez, urriaren 24an, emango duelarik lehenengo kontzertua, iluntzeko bederatzietan Eskola Industrialean, 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxea lagun.

La Platako Euskal Astean arituko

Larunbatean, urriak 25, Chacoko Sáenz Peña herrian kantatuko du, Gualok hotelaren kultura zikloen baitan, bederatzietatik aurrera. Igandean, berriz, Resistenciara itzuliko da, hiriburuan Chacoko Gizakiaren Museoak hilabetero antolatzen dituen Encuentros en Lectura (Irakurtzen bilduz) delakoetan parte hartzeko, hitza eta musika uztartuz. Ondotik, Buenos Aires probintziara joanen da kantaria, La Platan eginen den Euskal Argentinar Aste Nazionalean kontzertu bat eskaintzeko, larunbatarekin, azaroaren lehenarekin.

Romain Luzet gitarrajolea lagun arituko da Anne Etchegoyen. Kantariak bigarren aldia du Argentinan, iazkoan kontzertu batzuk eman baitzituen Txilerako bidean, orduan 'Otentik' diskoa besapean. 28 urteko gazteak besteen kantuak bildu ditu gehienbat Argentinan aurkeztuko duen 'Pachamana' disko berrira, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Aipatutako bidaiez gain, Diasporan ibilitakoa da baita ere Estatu Batuetako euskal etxeetan.

Lotura interesgarriak

Kantariaren webgunea
www.anne-etchegoyen.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia