euskal diaspora eta kultura

2010/07/26
Jaialdi 2010eko ekitaldien barnean atzo hasi zen Boisen Emakumeen Goma Paleta Nazioarteko Txapelketa, astebeteko iraupenez eta finala datorren ostiralean, uztailaren 30ean, arratsaldeko seietan jokatuko dela. Munduko Pilota Batzarrak NABOrekin eta Jaialdiko antolatzaileekin batera eratuta, norgehiagokak sei talde bilduko ditu, hala nola Euskadiko selekzioaz aparte, Estatu Batuetako (2), Venezuela, Argentina eta Australiako ekipoak. Ekitaldiak atzo hasi ziren, lehenengo partidekin. Txapelketa ligaska moduan eratu da. Paraleloan, NABO Txapelketako azkeneko fasea ere kantxa berean jokatuko da.
2010/07/26
Harreman berezia daukate Txileko Euzko Etxeko Euskal Abesbatzak eta Balendin Berriotxoa santuak eta testuinguru horretan hiriburu txiletarreko gizonezko koral honek bisita egin zion joan den uztailaren 4ean Nazaret-eko Andra Mariaren kaperari, Las Condesko Colon 9090 helbideko komunitatean, eta meza kantatu zuen bertan santu bizkaitarraren omenez. Harreman berezi hori indartu egin zuten euskal-txiletar kantariek joan den urtean Euskal Herrira egin zuten bidaian Elorrio bisitatu eta bertako basilikan, santuaren gorpuzkinak gordetzen diren aldareraino iritsi zirenean. Urtero Balendin Berriotxoaren inguruan meza eta egun bat ospatzen dute Txileko Santiagon korukideek.
2010/07/26
Euskaltzaindiaren webguneak 52.713 bisita izan ditu azkeneko hilabetean, ekainean. Euskararen ardura duen elkarte ofizialki onetsiak berak emandako datuen arabera, bere webguneko orriek 435.885 bistaratze izan dituzte hilabete berean. Euskaltzaindia.net webguneak, Euskal Akademiaren hizkuntzari buruzko erabaki eta gomendioen berri emateaz gain, kontsultarako tresna ugari eskaintzen ditu, herritar eta hiztun arruntek eta euskararen inguruko galderak edo zalantzak dituzten guztiek erabil ditzaketenak.
2010/07/23
Bihartik aurrera, eta datorren aste osoan zehar Estatu Batuetako Mendebaldea eta Boiseko 'Jaialdi 2010' mundu zabaleko Euskal Diasporaren biltoki bilakatuko dira, hamar milaka partaideen artean Europatik iritsiko den euskal klase politikoaren eta ordezkaritza instituzionalaren pisuak bat baino gehiagoren arreta deitu duelarik. Lopez lehendakaria bihar, uztailaren 24a, abiatuko da, 31ra arte iraungo duen bidaian, Nevada, Kalifornia eta Idaho estatuak ikutuko dituelarik bere egonaldian, zenbait buruzagi akademiko, ekonomiko eta politikoekin bilduz, baita euskal komunitateetako kideekin ere... Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza bat ere Boisen izango da, Jose Luis Bilbao diputatu nagusia buru, Jaialdi 2010eko ekitaldietan parte hartu eta Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohia ohoratzeko. Baina gehiago izango dira Europako euskal erakundeetako ordezkaritzak.
2010/07/23
Buenos Aires probintzia argentinarreko erdialdean, Mendebaldean, Salliqueló-ko 'Eusko Deya' Euskal Etxeko bazkideak elkarteko Ohiko Biltzar Nagusia egin zuten joan den maiatzaren 23an, 2009. urteko balantzea eztabaidatu eta onartu ala baztertzeko, eta segidan elkartearen Zuzendaritza Batzorde berria hautatzeko. Ondorioz, euskal etxea gobernatuko duen batzorde berrituak Diego Gabilando izango du agintealdi berri honetan lehendakari, berarekin batera lagun izango dituela, besteak beste: Jorge Irigoyen, lehendakariorde; Maria Laura Ibarra, idazkaria; Juan Jose Vidaurre, diruzaina; eta Nestor Sarasola, diruzainorde.
2010/07/23
Joan den asteko 16an hasi ondoren, bere azkeneko orduetan da 'Euskara Munduan' programako 2010eko Negu barnetegia. Argentina, Brasil, Uruguai, Kolonbia, Peru eta Txile bertako ikasleak bildu ditu Viña del Marko barnetegiak, programak herrialde honetan egin duen lehenak. Egunetik egunera, euskara landuaz, hizkuntza maila eta erabilera hobetzea da asmoa, ikasturtean zehar teoria bakoitzak bere herri eta herrialdean egiten baitute, interneteko eskoak medio. Barnetegiaren xedea, ordea, mintza praktika eta ahozkotasuna lantzea dira, hizkuntza honela ere landuz ikasle hauek euskara irakasle, sustatzaile edota gordetzaile hobe bilaka daitezen.
2010/07/22
Hogeita bost bat lagun bildu ziren Tandilgo Bernardino Rivadavia Liburutegian Historia doktoretza eta Historiaurre masterra dituen Marcelino Iriannik idatzitako liburu labetik atera berriaren aurkezpena entzutera. 'Euskaldunen historia Argentinan'ek zenbait hamarkadatan egindako ikerketen emaitzak biltzen ditu. Egilearen hitzetan, "lan honetan, nire tesian bezala, zenbakiak eta estatistikak agertzen dira; baina aldi berean, alde sentiberagoa ere badu liburuak. Argentinara etorri ziren euskaldunen pasadizoak eta testimonioak hain zuzen”. Liburua Biblos Argitaletxeak kaleratu du, “La Argentina plural” izeneko bildumaren barne.
2010/07/22
Joan den astelehenean, uztailak 19, zinema arloko bost profesionalek osatutako epaimahaiak Kimuak film laburren XIII. katalogoa osatuko duten izenburuak aukeratu zituen. Kimuak Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Filmategiak EAEko film laburrak nazioartean promozionatzea eta hedatzea helburu duen programa da. Lan aukeratuak irailean, Donostiako Zinemaldian, erakutsiko dira lehenik eta ondoren Espainiako estatuko eta mundu osoko hainbat zinema jaialditan, baita euskal etxeen zirkuituan ere. Aurten, epaimahaiak deialdira aurkeztutako 76 filmetatik bederatzi aukeratzea erabaki du, aurreko katalogoetan baino bat gehiago. Epaimahaiak azaldu duenez, aukeratu ez dituzten film laburretako batzuk ere nahikoa maila zuten Kimuak katalogoko parte izateko.
2010/07/22
Bernardo Atxaga idazleak euskal kulturaren inguruko bi ikastaro eman zituen martxoaren 29tik ekainaren 9ra bitarte Kalifornian, bertako Stanfordeko Unibertsitate ospetsuan, "Eusko Ikaskuntza Visiting Profesor of Basque Culture" programaren lehenengo emaitza gisa, Eusko Ikaskuntza eta Stanfordeko Unibertsitateak 2009an sinatutako lankidetza hitzarmenaren eskutik. Unibertsitateko arduradunen hitzetan "arrakasta itzela" izan dira asteasuarraren ikastaroak, eta erabat positiboa esperientzia.
2010/07/21
Argentina eta Txiletik etorritako nafar jatorriko hogeita bi gazte unibertsitari Nafarroan dira egunotan, Foru Gobernuak antolatutako XIII. Nafarroa Nazioarteko Ikastaroan parte hartzen. Uztailaren 17tik hasita eta hilaren azkeneraino, Erresuma Zaharreko hainbat bazter bisitatuko dituzte eta zenbait hitzaldi, bilera, topaketa eta ekitalditan izango dira, egungo errealitate nafarra hobeto ezagut dezaten. 22 partaideetarik hogei Argentinatik datoz: seina Mendoza eta Rosarioko Nafar Etxeetatik; bost Buenos Aireskotik; bi Bolivartik; eta bat Mar del Platatik; azkeneko biak Txileko Nafar Etxetik datozen bitartean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus