euskal diaspora eta kultura

2010/08/09
Iazko urteurrenaren jaian, Buenos Aires probintziako Toki Eder Euskal Etxeko kideek Oñati eta Jose C. Paz herrien arteko senidetzearen plaza eraikiko zela iragarri zuten. Urtebete pasa ondoren, berdegunea prest egoteko lanak amaitzear daude eta inaugurazioa urriaren 20ean gauzatuko da. Senidetzearen taldeko koordinatzaile eta 'Hermansoloña' Gobernuz Kanpoko Erakundeko arduradunetako bat den Jose Antonio Urteaga oñatiarra, bere emazte Socorro Peña, eta Jose C. Pazen sortzailearen ahaidea den Maria Isabel Elorza argentinaratuko dira data horretan, ekitaldian parte hartzeko. Bitartean, euskal etxeko lagunek ohiko ekintzekin jarraitzen dute eta joan den uztailaren 25ean erakundeko 14. urtemuga ospatu zuten. Euskal janaria, kantak eta dantzak gailendu ziren eguerditik iluntzeraino herriko Altube Klubean.
2010/08/09
Uztailaren 29a, osteguna, bertako prentsaren laguntzaz hasi zen Boisen, aste osoan zehar eta aurreko hilabeetan ere bidea prestatzen aritu baita Jaialdiri buruz hizketan, programaten xehetasunak aletzen. Egunkari behinenak, Idaho Statesman-ek aurreko igandean gehigarri berezi bat kaleratu zuen, eta bestelako prentsak ere tarte eta berri berezituak eskaini dizkio, baita irrati eta telebistei dagokienean ere. Izan ere, bertako festa gisa eta bertako kultura eta molde gisa bizi baitituzte hemen euskaldunak eta euskal kultura. Argitalpenetan, Jaialdik berak izen bereko aldizkaria ere atera du, 96 orrialde luxu eta kolore guztiekin astearen jakingarri guztien berri emateko bisitariei.
2010/08/09
2010/08/09
Miguel Sanz Nafarroako presidenteak Nazioarteko 'Nafarroa' Ikastaroaren XIII. edizioa itxi zuen uztailaren 30ean Iruñean. Uztailaren 18tik 30era Argentina eta Txileko nafar etxeetako 20 ikaslek hartu dute parte ikastaroan, hala nola Bolivar (2), Buenos Aires (4), Mar del Plata (1), Mendoza (6) eta Rosariokoak (5), Argentinan; eta Santiagoko nafar etxekoak (2), Txilen. Itxiera ekitaldian, gazte partaideek eskerrak eman dizkiote Gobernuari bertan egoteko eta egunotan parte hartu duten hitzaldi, mahai-inguru, bisita, txango eta bestelako ekimenetan parte hartzeko aukera emateagatik Nafarroako egungo errealitatea ezagutzearren.
2010/08/09
Munduko beste hainbat euskaletxerekin bat eginez, San Juan hiriko Eusko Etxeak, izen bereko probintzia argentinarrean, San Inazio egunean berean ospatu zuen euskal etxeko zaindari aitortua duen santu euskaldunaren eguna. Bildutakoek, hildako bazkide eta lagunak eta 1952an elkarte sortu zutenak gogoratzeko baliatu zuten aukera, kasu honetan sortzaileetako jakin bat, aita Jose Aramburu, eta izan ere bere familiari oroigarri gisa Eusko Etxea ofizialdua izateko eskabidearen kopia bat entregatu zioten, horien artean aita Aramburu sinatzaile agertzen dela.
2010/08/09
Orain gauden 2010. urte honetan Guillermo Amuchastegui , 'El Monarca' eta 'El Milagro de la Pelota', puntista imitaezin ondarroarra jaio zeneko mendeurrena ospatzen ari da Bizkaian, bertako zenbait eragile publiko eta pribatuen eskutik. Karia horretara, eta Amuchasteguiren balio handiak aitortuz eta omenaldia ere sostengatuz, duela ehun urte jaiotako beste dozena erdi bat pilotariren gomuta ekarri nahi izan dute Miguel Angel Bilbaok eta Eusebio Gorritxategik artikulu batean, garai berean eta kantxa beretsuetan ibili ziren Debabarreneko sei puntistarena.
2010/08/06
Coronel Pringlesko 'Eusko Biltzar' Euskal Etxeak, Argentinako Buenos Aires probintzia hegoaldean, 60. hamarkadako zinemari buruzko aste bat egin berri du uztailaren 26tik 30era bitartean, Zazpigarren Arteko urrezko orrialdeetan dauden bost maisuren beste hainbeste lan erakutsiz. Fernando Ayala, Federico Fellini, Luis Buñuel, Jean-Luc Godard eta Alfred Hitchcock-ren bana izenburu eman dira, aurretik filmaren azalpen eta jakingarriak adieraziz eta filmaren ondoren elkarrizketa eta eztabaida puxatuz. Sarrerak, dirua ezik, elikagai iraunkor bat izan du prezio, ondoren, bildutakoa haur baliabidegabeen jangela bati eman zaiolarik.
2010/08/06
Joan den abuztuaren 1ean eta bertako “Las Brasas” jatetxean ospatu zuen San Inazio Eguna Cordoba probintziako Coronel Moldesko Gure Zainak Euskal Etxeak. Laurogei bat etxeko kide eta lagun bildu ziren bazkarian eta jaiaren markoan, Marita Echave Gure Zainak-eko lehendakariak berak idatzitako 'Euskal baserrietako sukaldaritza', “Zelai etxeetako sutondo ingurutik sortu ziren errezetak” biltzen dituen liburua aurkeztu zen. Jaio berria den euskal erakunde honek leial eusten die elkarte sortu zuteneko baloreei eta gogor ari da lan egiten. Beste gauza batzuen artean, asteartero euskal gaiei buruzko saio bat aireratzen dute herriko “Buenas Ondas” irratian; horretaz gain, Cnel. Moldes-en urteurrenaren ospakizunetan, datorren irailean, hartuko dute parte; eta gaur bertan, neguko oporrak bukatuta, euskara klaseekin jarraituko dute euskal etxeko ikasleek.2010/08/06
Beste hainbat ekintzen artean, Diasporako euskal etxeek hartzen dute batzuetan euren inguruko hezkuntza-instituzioei buruzko ikerlan arloan laguntzearen ardura. Bide honetatik, euskal kultura zabaltzeaz gain erakundeen arteko harremana sendotu egiten da. Eta hauxe da hain zuzen Lagun Onak-ek hartu duen bidea. Pergaminoko euskal etxeak bertako Irakasleen Prestakuntzarako 122 zenbakidun Goiko Institutuko bi historia ikasleri lagundu zien beren ikerlanetan. Ikerketek euskal gaiak hartzen zituzten ardatz. Batak, Pergamino eskualdean euskaldunen kokapena eta besteak euskal pilota Pergaminoko frontoietan. Bi proiektuak aipatutako Institutuan aurkeztuak izan ziren euskal etxeko agintari eta Historia irakasleen aurrean.
2010/08/05
EuskalKultura.com-ek garaiz aditzera eman zuenez, 'Euskal Herria Plaza'ren inaugurazio ofíziala eta lehenengo harria jartzeko ekitaldia gauzatu zen Rio Cuarton joan den uztailaren 30ean. 'Gure Ametza' (sic) Euskal Etxeak bultzatutako proiektu honen bidez, ibaiaren ondoan kokatuta dagoen berdegunea euskal kultura zabaltzeko eremu bihurtuko da laster, eta hiriko gizatalde guztiak eta oro har komunitate osoa dago gonbidatuta leku berri honetaz disfrutatzera. Euskal etxeko kideekin batera, FEVAko lehendakari Raul Basterra ere izan zen inaugurazioan, baita udaletxeko eta probintziako agintariak ere. Urtearen hasieran sortu zen etxeko dantza taldeak bere lehenengo emanaldia eman zuen inaugurazioan, bertako euskaldunen aspaldiko asmo bati eutsiz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus