euskal diaspora eta kultura

2010/09/13
XXXI. edizioan izan da, baina ikurrinak aurtengoan Obera hiri argentinarreko Immigranteen Jaieko taulagainean bere tokia izan du, Euskal Jatorri elkarteko kideei esker. 2005ean sortu zen elkartea duela lau urte hasi zen Immigranteen eguneko desfilean parte hartzen, eta aurtengoan lehen aldiz Luis Norberto Polasek Vizcaychipi banderariak ikurrina jaiaren eskenatoki nagusian erakutsi zuen, herriko beste gizataldeen banderekin batera.
2010/09/10
Mexikoko diputatuek Euskadiko kanpo politika eta politika Ekonomikoaren alderdi garrantzitsuenak ezagutuko dituzte. Zazpi dira diputatuak eta astebetko bidaian heldu dira. Atzo goizean Jaurlaritzako Kanpo Harremenetarako idazkari nagusi Guillermo Echeniquerekin eta Irune Agirrezabal Koordinazio zuzendariarekin bildu ziren, baita Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin ere. Bestalde, Lopez lehendakaria AEBetako Idahotik iritsitako ordezkaritza batekin bildu zen eguerdiz, Brad Little gobernadoreordea buru, hauek ere Euskadi eta euren estatuaren arteko harremanak estutzeko asmotan iritsiak.
2010/09/10
Euskal kulturan sakondu eta zure sustraiak hobeto ezagutu nahi al dituzu? Diasporako euskalduna edo euskaldunen ondorengoa baldin bazara Eusko Ikaskuntzak Asmoz fundazioaren Eusko Ikasgaiak online graduondokoa egiteko 20 beka jarri ditu eskuragai. Ikastaroa doan eta internet bitartez egin ahalko duzu eta Euskal Herriko Unibertsitateko eta UNED-eko titulazioa jasoko duzu. Graduondokoaren matrikularen prezioa -bekarik gabe- 1.372 eurokoa litzateke.
2010/09/10
"Zapore gazia geratu zaio Asel Luzarragari bere aurka Txilen abiatutako auziaren epaia jakinda. Badaki okerragoa izan zitekeena. Baina ez dute errugabetzat jo. Eta errugabea dela berretsi du." Abenduaren 31ean Txilen atxilotu zuten Asel Luzarraga euskal idazlearen epaia joan den asteartean atera ondoren, Iñaki Petxarroman kazetariak Txilen bizi den bermeotarrarekin izandako solasaldia islatzen duen testua.
2010/09/10
Iraila heldu da eta urtero bezala ikasgeletara bueltatzeko ordua da Europan. Asko dira jadanik izen-emate prozesua abian jarri duten euskal etxeak: Madril, Bartzelona, London, Paris, Frankfurt... Euskal etxe bat non, han da euskara ikasten eurekin bat egiteko gonbitea egiten digun ikasle talde bat. Aitzakiarik ez, aurten bai!
2010/09/10
Euskara ere heldu da interneteko bideoen azken modara --'lipdub' delakoa-- Bartzelonako Euskal Etxeko euskara ikasleen eskutik. Arantzan (Nafarroa) egin zuten azken barnetegian animatu eta bideo hau grabatu zuten 'Maite zaitut' kanta ezagun-ezagunaren doinuarekin. Nork esaten du euskara ikastea aspergarria dela? Galdetu eurei!
2010/09/09
Aurrera doa Kolonbiako Euskal Astea, ekitaldiz jantziriko egitaraua betez. Joan den igandean hasi zen jaia Bogotan, Gernika parkean egin zen inaugurazioarekin. Bertan izan zen Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria. Kolonbian izango den egunotan, Celaya Medellin-go Euskal Etxeko kideekin eta Gaztemundu programako kolonbiar gazteekin ere bilduko da. Medem-en zinea eta Urdiain tenorearen kontzertua iragarri ditu gaurko Kolonbiako Euskal Asteak.
2010/09/09
Argentinako Maiatzaren Iraultzaren Bigarren Mendeurreneko urtean eta Immigrantearen Eguneko ospakizunen testuinguruan Buenos Aires Hiriak omenaldi berezi bat egin zien atzo, bertan bizi diren kolektibitateei. Ekitaldia hiriburuko Kultur Etxeko Urre Aretoan gauzatu zen, eta Antonio Pujia eskultoreak egindako dominak eman zitzaien gizatalde bakoitzeko ordezkariei. Euskaldunen izenean, eta Juan Bernardo Etchegoin instituzioko lehendakariak ordezkatuta, Euskal Echea erakundeak, 'Gizarte-laguntza arloan egiten duen lan eta zaharren egoitza izateagatik' jaso zuen bere saria.
2010/09/09
Txertoa argitaletxeak 'Kaixo!' gaztelera-euskara mintza-liburuaren arrakasta ikusita --zortzigarren edizioa kalean da jada-- liburuxka honen bertsio ingeles eta frantsesa ere plazaratu ditu. Frantses edo ingeles hiztunak direnentzat izan daitezke bereziki baliagarriak. Edota frantsesera edo ingelesera hurreratu nahi duten euskaldunentzat. Oro har, eskuliburuok euskara ikasle, Euskal Herrira datozen turista zein euskararen munduan sakontzeko interesa duen edonorri gure hizkuntzara hurbiltzeko eta zergatik ez, erabiltzen ausartzeko gonbitea ere egiten diote.
2010/09/09
Chivilcoyko 'Beti Aurrera' euskal etxe argentinarrak bat egingo du gaur, katolikoentzat Arantzazuko Ama Birjinaren Eguna, munduan zehar euskal izeneko Andra Mari honen ohoretan egingo diren ospakizunekin. Arantzazuko Amak zale eta deboziodun asko eta hainbat kapera eta irudi ere izan ditu Ameriketan zehar azkeneko bostehun urteetan. Horren segida, Chivilcoyko Beti Aurrera-koek Euskal Herritik Arantzazuko Basilikan dagoen Arantzazuko Ama Birjinaren irudiaren replika bat ekarrarazi zuten 2007an eta urte horretako ekainean jargiratu edo entronatu zuten Euskal Etxean. Bestalde, Chivilcoyn oraindik, bertako euskal dantzariek parte hartuko dute igandean Gorostiaga herriaren Mendeurreneko ekitaldietan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus